GARA
DONOSTIA

Arriaran: «Jendeak nahiago du itsasora jauzi egin, Libiara itzuli baino»

Zazpi eguneko epean «Aita Mari» ontzia Mediterraneoan izango dela aurreikusten du erreskate taldeak. Ziurgabetasunez ekingo diote misio berriari, Italiako Gobernu berriak jar ditzakeen oztopoengatik. Izaskun Arriaran erizainak «beldurra» dutela onartu du, portu batera iritsi ahal izateko baimena eskuratzea ez baita erraza izango.

«Aita Mari» ontzia Castellonen dago eta eskifaia bidairako prestatzen ari da.
«Aita Mari» ontzia Castellonen dago eta eskifaia bidairako prestatzen ari da. (Ximena BORRAZAS)

Ez da lan samurra “Aita Mari” ontzian lan egitea. NAIZ Irratian izan zen atzo Izaskun Arriaran lantaldeko kidea, eta berarentzat «gogorrena» salbaturiko pertsonek kontatzen dituzten istorioak eta jatorrizko herrialdeetan bizitakoak ezagutzea da. Erizainak adibidetzat Libiatik datozen pertsonen egoera jarri zuen. «Jendea uretara nola botatzen zen eta ze egoeratan heltzen zen ikustea oso gogorra izan zen».

“Aita Mari” ontziak 150 pertsonarentzako baimendutako edukiera du. Hala ere, pertsona gehiago topatuz gero, eskifaia-kideek ez dute zalantzarik izaten. «Ez genituzke sekula uretan utziko», zehaztu zuen.

Oraingoan bera ez da ontzian joango, baina ondo daki prestakuntza zertan datzan. Hasteko, eskifaia-kideek elkar ezagutu eta protokoloak oso ondo ikasi behar dituzte. Gero materialak prestatzen dira. «Horri esker gure arteko komunikazioa lantzen da, baina ez dugu erreminta berezirik erreskatatzen ditugun pertsonen egoera zailei aurre egiteko. Kontatzen dizkiguten istorioak gogorrak dira. Azken erreskatean bizitako egoera benetan latza izan zen; sentsibilizazio hitzaldietan aipatzen da jendeak nahiago duela itsasora jauzi egin Libiara itzuli baino, baina momentuan bizi ostean hori kudeatzea oso zaila da», aipatu zuen.

Babesleku bila

Portu segurua eskatzerakoan, Maltara deitzen dute gehienetan. Herrialdeak, ordea, «ez du erantzun ere egiten». Ondorioz, Italiara jo behar izaten dute. «Erantzunik jasotzen ez badugu, Espainia tartean sartzen da, Italiari ahalik eta azkarren portu bat eskatzeko». Aurrerantzean, lehorreratzeko baimena Giorgia Meloniren Exekutiboari eskatu beharko diote. Hori da euren «kezka nagusia» orain, itsasoan edota portuan bertan blokeatu ditzaketelako. «‘Sea Watch III’ blokeatuta dago erreskatea egin zuenetik. Beldurra dugu portua emateko egunak luzatuko ez ote diren, badakitelako guretzat oso gogorra dela. Tentsio handia eragiten du zain gauden egun bakoitzak». Portuetarako sarbidea ukatuko dieten beldur ere badira.

Sor daitezkeen arazoen aurrean, “Aita Mari”-rentzat espainiar Estatuko portuetara gerturatzea ez da soluzioa. Europari arazoa «koordinatzea» eskatuko diotela aipatu zuen Arriaranek, gertuen dituzten portuetara iritsi ahal izateko. «Gure printzipioen kontra joango litzateke Espainiako portu batera etortzea, 150, 160 edo 100 pertsonarekin hainbeste denboran nabigatzea arriskua areagotzea baita».