Amagoia MUJIKA
DONOSTIA

Txapelketan abiatu ziren emakumeen %71k jarraituko du bigarren fasean kantuan

Txapelketa Nagusiak bigarren fasera salto egingo du gaur, Elizondon izango den lehen finalaurrekoarekin. Hogeita lau bertsolari lehiatuko dira; horietatik hamar, emakumeak.

Lehen fasean bertsozale ugari ibili da. Irudian, Gotaine-Irabarnen izandako saioaren irudia.
Lehen fasean bertsozale ugari ibili da. Irudian, Gotaine-Irabarnen izandako saioaren irudia. (Bob EDME)

2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia bigarren ziaboga ematera doa finalera bidean. Gaur bertan abiatuko da bigarren fasea, finalaurrekoena, Elizondon. Eskailerak maila bat gora exijentzian, bertso mailan, bertsozale kopuruan, itxaropenetan...

Lehen faseak utzi du arrastoa, memoria kolektibora pasatuko diren aleak, irristada mingarriren bat, ezusteko freskoren bat. Baina lehen faseak, sentsazioak aparte eta zenbakiak eskutan, datu nabarmen bat utzi du: emakume bertsolarien efikazia. Lehiaketan erronketako bat emaitza onak lortu eta faseetan aurrera egitea bada, pauso sendoa eman dute emakumeek. Lehen fasean parte hartu duten 14 emakumeetatik 10 pasa dira finalaurrekoetara, abiatu zirenen %71 baino gehiagok jarraitzen du trenetik jaitsi gabe. Azken urteotan altxatzen ari den emakumeen olatuaren bultzada da, bakarkako lanaren eta indar kolektiboaren konbinazioa, hausnarketaren eta plazako jardunaren ondorioa.

Txapelketa osotasunean hartuta, parte hartzaileen %35,7 dira emakumeak. Lehen fasean parte hartu dutenen artean, %38,8 izan dira emakumeak. Bigarren fase honetan jokoan sartuko dira 2017an finalista izandako bost bertsolari, denak gizonezkoak. Hartara, finalaurrekoetan bertsolarien %41,6 izango dira emakumeak. Parte hartzearen datuak gora doaz, beraz. Eta nabarmentzeko datua da aurretik aipatutakoa, txapelketaren trenean abiatutako emakumeen %71,4k lortu dute lehenbiziko langa igarotzea.

1986an, lehena, Kristina Mardaras.

1935ean abiatu ziren Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta 1986ra arte ez zen emakumerik izan parte hartzaileen artean. Urte horretan 90 parte hartzaile izan ziren, 89 gizonezko eta emakume bat, Kristina Mardaras. Hurrengoan, 1989an, ez zen emakumerik aritu, eta 1993koan bi izan ziren: Estitxu Arozena eta Amaia Telletxea. 1997az geroztik gora egin du emakume parte hartzaileen kopuruak. Eta hain justu txapelketa horretan iritsi zen lehenbizikoz emakume bat finalera; Maialen Lujanbio. Geroztik etorri diren final nagusi guztietan egon da Lujanbio finalean eta bitan jantzi du txapela. Aurten ere finalean dago zuzenean hernaniarra, 2017ko txapelduna delako. Finala gailurraren tontorra bada, mendiaren beheko aldetik gero eta emakume gehiago abiatzen dira. 2009, 2013 eta 2017ko txapelketetan 13 emakume izan dira txapelketan. Aurtengoan, 15, beste koska bat gora. Eta oraingoz fasea gainditzea lortu dute gehienek. Ikusi egin behar zer ematen duen bigarren faseak, baina, horretan geratuta ere, datua nabarmentzekoa da.

Finalaurrekoak gaur abiatuko dira Elizondon.

Lehen bueltan lau saio izango dira: Elizondon, Donibane Garazin, Irunen eta Durangon. Bi itzuli izango ditu fase horrek: lau finalaurreko lehenengoan eta hiru bigarrenean (Amurrion, Baionan eta Bilbon). Bi saioetako puntuazioak gehitu egingo dira, baina lehen itzulian puntu gutxien lortu duten sei bertsolariek bigarren itzulian kantatzeko aukera galduko dute. Taldeak aldatu egingo dira lehen itzulitik bigarrenera.