Iraitz MATEO
BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA 2022

ALAIA MARTINEK TXAPELKETARI ESKUTIK HELDUTA JARRAITUKO DU

Alaia Martinek 729 punturekin irabazi zuen finalaurreko lehendabiziko saioa atzo Elizondon, eta bigarren itzulirako txartela zuzenean eskuratu zuen. Joanes Illarregik egin zuen bigarren, 711 puntu bilduta. Berekin aritu ziren kantuan Agin Laburu, Unai Agirre, Onintza Enbeita eta Iñaki Apalategi 1.400 bertsozalek bete zuten Baztan pilotalekua.

Alaia Martin Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen finalerdian.
Alaia Martin Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen finalerdian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Bertsolari Txapelketa Nagusia larunbatean iritsi zen finalaurrekoen fasera. Elizondoko Baztan pilotalekuan 1.400 bertsozale bildu ziren, eta Alaia Martinek irabazi zuen saioa, 729 punturekin. Joanes Illarregik bigarren egin zuen, 711 puntu eskuratuta. Berekin aritu ziren kantuan Agin Laburu, Unai Agirre, Onintza Enbeita eta Iñaki Apalategi, sailkapenaren hurrenkeran.

Zortziko nagusian, bertsolariak egoera baten aurrean jarri ditu gaiak, definitu gabeko posizioetan. Agirre eta Illarregik desobiratze lanetan zebiltzan bi langileren paperetik kantatu zuten: uste baino gorpuzki gehiago aurkitzen ari ziren. Agirrek aurkitutakoaz kantatu zuen lehendabizi: «familietan pentsatu eta nago kezkatu xamarrik / hezur pila bat dago hemen, baina ez da hezurra bakarrik». Illarregik aurkikuntzei egindako erreferentziari erantzunez, «nahiz ta topatu ditugun hauek bakarrik izan hezurrak / hemen ageri geratu dira kontatutako gezurrak» erantzun zion.

Martinek eta Enbeitak zortziko handian suhiltzaileen paperetik kantatu zuten. Honela zioen beraien gaiak: «Suhiltzaileak zarete, maiz duzuen ordutegi eta txandekin ederki bizi zaretela entzun behar izan duzue. Bart, istripu larri batetik jendea ateratzen egin zenuten lan». Enbeitak beraien bizitzen alde iluna azpimarratu zuen, jasotzen dituzten eguneroko kritikei lotuta: «baina bizitza ez da erraza egutegitatik kanpo». Martinek berriz, aurreko gaueko istripuari erreferentzia eginez bota zuen: «nahiz ta soldata ta jai egunak ederrak diren, argi da/ istriputako flash back ilunak betiko geratzen dira».

Zortziko txikian Illarregik eta Martinek osatutako saioak jo zuen goia. Gaiak ama-semeen paperean jarri zituen, Illarregi semea sexshop batean lanean hasi berri da; denda ireki eta Alaia ama izan da lehen bezeroa. Animoak ematera ez zela etorri hasi zuen ofizioa leitzarrak, eta amak erantzun: «nik ere sumatzen dut azpian azkura / nola etorri zinen bestela mundura?». Illarregik hasitako bidea jarraitu zuen: «sekula ez nintzake jaioko jakina / jostailuekin ari izango bazina». Amaitzeko, semeak bere urtebetetzean nahi zuena oparituko ziola aitortu zion, eta amak bere opariaz gain aitak ikas dezan liburu bat ere emateko eskatu zion.

NORI ESKUTIK HELDU

«Eskua hartu dizu, indartsuago sentitu zara». Hori izan zuten bertsolariek ganbarako lanerako jarritako gaia. Laburuk, Martinek eta Enbeitak umearen ahotsetik kantatu zuten, bakoitzak bere ikuspegi propioa eman zion, ordea. Laburuk behar bereziak dituen haur baten papera hartu zuen, eta umearen egoera deskribatu: «gure eskola hain da handia, eta hain da basatia / hemen garesti ateratzen da desberdina izatia». Bertsoaldia aitari ohean eskutik emanda, eta ez askatzeko eskatuz amaitu zuen.

Enbeitak berriz, mutilek barre egiten zioten haur lodi baten gorputza hartu zuen; Maddi lagunari eman zion eskua autobusean, eskolara lasai sartzeko. Barrutik ateratako bertsoak izan ziren, amaierako bertsoan, bai bera eta bai eta publikoa ere hunkitzera iritsi zela. «Gaur ez zaizkizu atrebituko berriz lodia deitzera / baina eskua estutzen diot ta egiten dut atzera / nire barruan lehertzen dira dardara guztiak zera / agertzen zaizkit munstro guztiak patio orduan batera / begiratzen dut behiak trenari bezala nire ertzera/ egunen baten lasai sartuko banaiz ni nire klasera / jende gehiago sartu dadila Maddi ta nire taldera».

Martinek eskolara doan ume bat irudikatu zuen kantuan. Ohean begiak ireki eta eskolako ateraino egindako ibilaldia azaldu zuen, azken bertsoarekin borobilduz: «Eskolarantza goaz ta zenbat ume garrasika / ni disimuluan sendo, ez nabil negar antsika / maistra berri bat daukagu ta egin nahi diot bisita / bizitza ederragoa baita ausardiz bizita/ ta eskua askatu dit nik hartu dut ziur pinta / pentsatu nahi dut gaurkoa dugula egun polita / noizbaiten erortzen banaiz eskua helduko dit ta».

Illarregik gaixo duen amari heldu zion eskutik. Ospitaleko gelan bera eta ama irudikatu ondoren, indarra nork nori ematen dion azalduz: «Behatzak nire behatzen kontra eskua zurrun zurruna / ez dakit gaur den edo bihar den bere azkenengo eguna / mundutik doa bidaikidea etxekoa ta laguna / ez da gozoa egun hauetan egiten dugun jarduna / aitak badaki izango dela gutxi barru alarguna / ospitaleko gela honetan ze metafora iluna / bera da hiltzen ari dena ta ni indarra behar duna».

Apalategiren egun onena izan ez bazen ere, bere bertsoaldirik biribilena ganbarakoan egin zuen; istripua izan eta mugikortasuna galdu zuen pertsona baten azaletik kantatu zuen. Bigarren bertsoan ohi duen hitz-joko bidez amaitu zuen: «Hatzik altxatu ezin duenak ezin mugi esku dena/ baina milesker egitearren zure esku dagoena».

Datorren astean Donibane Garazin izango da saioa. Eta kantuan Aitor Etxebarriazarraga, Amets Arzallus, Asier Azpiroz, Haritz Mujika, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran.