J.O.
PILOTA

Alanbrearen gainean dantza egiten ohituta

Altuna trebea da ataka estuetatik irteten.
Altuna trebea da ataka estuetatik irteten. (CANELLADA | FOKU)

«Lehengoan partidatik irten egin nintzen eta hori ez da ohikoa izaten nigan. Normalean, nahiz eta markagailuan atzetik joan, badakit momentu horietan eusten. Baina aurrekoan atera egin nintzen eta horrekin haserre bukatu nuen». Peio Etxeberriaren aurka Donostian egindako akats larri hau berriz ez errepikatzea da, oraintxe bertan, Jokin Altunaren kezka nagusia, muturreko egoera batean egon arren, bere burua ondo ikusten duelako jokoz eta, batez ere, antzeko egoerei buelta emateko gai izan baita aurretik ere.

«Txapeldun irten naizen guztietan, adibidez, egoera honetan egon naiz ligaxkan. Horrek ez du esan nahi orain txapeldun irtengo naizenik, baina garrantzitsuena azken partida honetara aukerekin heltzea da. Badakit gauzak hobetu behar ditudala, baina orain final laurden batzuk jokatuko bagenitu bezala da: igandean irabaziz gero finalerdietara noa», azaldu zuen atzo, pilota aukeraketan.

Arrazoi du amezketarrak; are gehiago, finalera heldu den sei aldietatik bakarrean lortu du ligaxkako hiru partidetan gailenduta finalerdietara iristea, 2019koan, Peio Etxeberriari (22-5), Jakari (22-9) eta Victorri (22-9) irabazita. Hori bai, finalean ezin izan zuen Nafarroa Arenako lehen finalean Joseba Ezkurdia gainditu. 2020an ez zen ligaxkarik jokatu pandemiak erabat baldintzatutako denboraldian, baina gainerakoetan amezketarra beti heldu zen ligaxkako azken jardunaldira partidaren bat galduta; 2016an Urrutik irabazi zion 22-7, 2017an ere Zaratamokoak 22-12, 2018an Joseba Ezkurdiak 22-10, eta iaz, aurten bezala, Peio Etxeberriak 22-18.

EZ DA EGOERA BERRIA

Bide horretan ikasi ere egin omen du egungo txapeldunak. «Ez da egoera berria; ni neroni, hasiera batean, gehiago kezkatzen nintzen, baina orain badakit buruari bueltaka aritzeak ez duela ezertara eramaten. Saiatu beharra daukat, ari naizen bezalaxe, entrenamenduetan sentsazio onak izaten eta igandera ondo heltzen».

Hiru faborito nagusi kinka larrian dira asteburuari begira, baina uste du «pilotarentzat ona dela horrenbeste lan egin duen Peio, Elordi edo Dario bezalako jendeak gora egitea»