Jon GARMENDIA
BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIKO BIGARREN FINALAURREKOA

Oihana iguaranek ez du hutsik egin donibane garazin

Akatsek eta erorikoek ezaugarritu zuten atzoko finalerdia Nafarroa Behereko hiriburuan. 1.350 bertsozale batu ziren Donibane Garaziko ezkerparetan. Amets Arzallus Oihana Iguaranen puntu erdira gelditu zen; finaleko postua zaildu bazaio ere, bigarren itzulirako aukera betean agertzen da hendaiarra. Nerea Elustondo izan zen hirugarren.

Amets Arzallus, bigarrena atzokoan.
Amets Arzallus, bigarrena atzokoan. (Bon EDME)

“Gorabeheratsua”; hori da Donibane Garaziko saioari lotuko zaion adjektiboa; izan ere, gauza politak entzun ziren, bertso onak, batez ere azken ariketan, ganbarakoan, baina saioan zehar eroriko dezente izan zen.

Nerea Elustondok adibidez, bere saio ona bi potorekin itsustu zuen, «lasai» eta «dana» errimekin, eta txapelketan garesti ordaintzen dira halakoak. Ametsek ere poto bat egin zuen «zaitudan» bitan erabiliz. Gaizki ohituak gauzka, goiak jo izan ditu eta beti onena espero dugu beragandik, baina atzokoan ez zuen ohiko distira agertu, bere azken bertsoa horren laburpen: «Agur Garazi maiteai/ erdi kezkaz erdi lasai/ mainontzin nahastu ditut aita-ama ta zazpi pertsonai/ geure gabezi ta doai/ biluzteak hori du ai/ erakustera etortzen gara ikastera ere bai».

Gaur-gaurkoz Ametsek ez du finalerako lekua segurtaturik. Horrek agian presioa ezarriko dio, baina hain bertsolari handiak nekez huts egiten du bi aldiz.

Atzokoan toka ere entzun genuen ofizioetan, hirutan zehazki, eta ikusgarritasuna ezartzen dio horrek lanari, baina baita zailtasuna ere entzuleari, eta paperean sartuta bertsotan egin behar duenari are gehiago. Kontuak kontu, berotasuna falta izan zuten ofizioek, ez zen punta atera zitzaion elkarrizketa beterik izan atzoko saioan.

oihana eta nerearen zortziko handia

Oihana Iguaran eta Nerearen zortziko handia apartatu dugu. Herriko loradendako langileak biak, adinean gora joanak, gero eta zailago egiten zaie hiltzen direnentzat lore sortak prestatzea. Oihana hasi zen: «Gure loreak koloreztatzen ditu kanposantu beltzak/ eta bihotzez prestatzen ditut zentroak ta euren ertzak/ herri osoan zabaldu dira lehen arrotzak ziren behintzat/ ta azken urtean prestatu ditut kuadrillako hirurentzat». Nereak horrela erantzun zion: «Egia da bai azken boladan kuadrillan ze kontu beltzak/ ebaporatu dira jadanik garai bateko ametsak/ ta beste kezka batek betetzen ditu nere garun ertzak/ nik prestatuko ditut zuretzat edo eta zuk neretzat?». Oihanak poto bat saihestu zuen hurrengoan «izugarri» erabiltzera zihoala zirudien eta... «Zu hor zaudela jakinda etzait herio hain izugarri/ lorategi bat nola egingo diogun noizbait elkarri/ zuk badakizu nik orkideak maite ditut maitagarri/ ze ni hiltzean hil den lorerik hilarri hortan ez jarri». Nereak umore beltzetik jarraitu zuen: «Beraz nik hartu beharko ditut zure tristura dosiak/ krisantemoak dituzu antza gogoetan egosiak/ ta ordurako jubilatuak zu ta ni beste guziak, plastikozkoak jarriko ditut txinoetan erosiak». Oihanak: «Orduan altxa egingo naiz ni ze hori ez nuke jasango/ eta benetan etzenidake holakorik eramango/ jubilatzean baina nik bizi nahi nuke luze ta ondo/ eta besteen loreei beha ez gara sarri egongo». Azkena Nereak: «Besteenari ez behatzea antza zure desioa/ gazte garaitik eduki dugu hontako afizioa/ ze zoriontsu idatz litekeen gu bion arrazioa/ gu baino leheno hiltzen ez bada gu bion ofizioa».

Ganbarakotik Aitor Etxebarriazarragaren lanak; gernikarrak, azken postua eginagatik, lan eder bat utzi zuen, «Azkenean probatu duzu, eta jabetu zara ez zela espero zenuena» gaiari erantzunez: «Gure etxean amona izan genuen eredu/ gurasoak ez baitziren bereziki bi aingeru/ aita aspaldi joan zen ama enpleguz enplegu/ eta esaten zidanez geneuzkan hainbat mailegu/ lanean jarri ninduen gutxira amona zendu/ ta etxea bihurtu zen tristezia kanpamendu/ zerotik hasi nahi nuen zurrunbilotik aldendu/ baina sarri erori denak dena bitan pentsatzen du». «Hogeita bat urterekin ez naiz bizi besteen gisan/ badaukat soldatatxo bat ez hainbeste beharrizan/ baina etxetik joatea hartuta daukat peskizan/ bakarrik bizitzeak ere ezin du hain zaila izan/ ama gelara deitu dut nire asmoak entzun ditzan/ listo banoa etxetik begira nola gabiltzan/ berak haserre erantzun dit egiaren jabe bailitzan/ harrokeriak garesti ordaintzen dira bizitzan». «Joatea erraza da irautea da zailena/ nola enintzen jabetu gastua bikoitza dena/ konpra egin sukaldatu garbitu mantendu ordena/ ta nire bakardadea ere ez da konpaini gorena/ enagoela gustura hain da gauza nabarmena/ barkamena eskatuta bueltatzea da onena/ baina apustuaren alde eman duzunean dena/ kosta egiten da onartzen etzela nahi zenuena».

Oihanak mutiko nerabe baten paperetik egin zuen: «Biok hamalau urte ta biok desio argia/ lehen aldiz aritzeko gogoa zen nabaria/ ta muxuka pilatuta geneukanez ausardia/ geneukanez ausardia prestatu nuen kabia/ nik bai baina nire neskak ez du bete guraria/ galopan hasi aurretik geratu baita zaldia/ ta ez da izan espero genuen lehen aldia». «Mutiko batek berez du hontan aritzeko sena/ mila aldiz begiratu det pantailatan eszena/ eta eraikia neukan gozamenaren eskema/ gozamenaren eskema nere zilborretik dena/ ez det sumatu mugitzen Alaitzek dun sentipena/ ta orain dudatan nago bietan zein den problema/ edo den gertatu dena edo espero nuena». «Askotan espektatibek ondorio hau dakarte/ ni ahaleginduagatik berak sentitu bitarte/ nonbait ez det erakutsi nik nahi nukeen beste arte/ nik nahi nukeen beste arte ta sua egin behar ke/ gainera sentipena dut bera ez dela izan parte/ barkamena eskatu diot ta esan: ez joan aparte/ zurekin saiatu nahi dut nola egin asmatu arte».