Asier AIESTARAN

BENETAN EREDUA diren euskal KIROLARIAK

Sara Alonsok eta Malen Osak eguneko irudia utzi zuten atzo Golden Trail Series zirkuituko finalean. Donostiarrak oñatiarrari itxaron zion, eta bizkar gainean hartuta igaro zuten helmuga.

Alonso, Malen Osa bizkar gainean hartuta.
Alonso, Malen Osa bizkar gainean hartuta. (J. SARAGOSSA | GOLDEN T.S. - MADEIRA O.T.)

Sara Alonso donostiarra hirugarrena izan da The Madeira Ocean & Trails mendi lasterketan, Golden Trail World Series zirkuituko finaltzat hartzen den bost eguneko proban. Garaipena Nienke Brinkman herbeheretarrarentzat izan da, 11 ordu, 20 minutu eta 30 segundoko denborarekin; bigarren postuan Bailey Kowalczyk estatubatuarrak amaitu du; eta Alonsok 11 ordu, 57 minutu eta 12 segundoko denborarekin osatu du podiuma. Atzo, bosgarren eta azken jardunaldian, Sara Alonso seigarren izan zen, 30,5 kilometroko ibilbidea 2 ordu, 54 minutu eta 3 segundoan osatuz. Hala ere, eguneko irudia beste bat izan zen: bere atzetik zetorren Malen Osa oñatiarrari itxaron eta bizkar gainean hartuta sartu ziren helmugan bi euskal korrikalariak. Osari zazpigarren postua eman zioten, denbora berarekin, eta Open mailan garaipena beretzat izan da. Emaitza bikainetatik harago, ordea, erakutsitako adiskidetasuna eta giro ona ere nabarmentzekoak dira.