Maddi TXINTXURRETA
DONOSTIA

Miren Azkaratek haur maletadunen esanak jaso ditu «Ikusezinak» liburuan

Lehenengo aldiz, euskal iheslari eta deportatuen seme-alaben ahotsak jaso ditu Miren Azkarate kazetariak liburu batean, «hutsune» bat betetzeko saiakera batean. Atzo aurkeztu zuen Donostiako NAIZ Gunean «Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak», GARAk argitaratutako lana.

Donostian egindako aurkezpenaren irudi bat.
Donostian egindako aurkezpenaren irudi bat. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Gurasoak espetxean preso dituzten haur motxiladunen egoera makurrak badu sonarik Euskal Herrian; aldiz, haur maletadunek, gurasoetako bat -edo biak- erbestean dituztenen adin txikikoen minak ez dira ezagutzera eman orain arte. Hutsuneari argia eman dio Miren Azkarate Badiola kazetariak, iheslari eta deportatuen zortzi seme-alabaren egoerak bildu eta GARAren eskutik eman duen “Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak” (Baigorri Argitaletxea, 2022) liburuan jaso baititu. Atzo aurkeztu zuen lana Donostian.

Haur maletaduna izan da Azkarate bera ere: 33 urte eman zituen Kuban bere aitak, Agustin Azkaratek, harik eta iaz Euskal Herrira itzuli zen arte. Berea da, hortaz, liburuak jasotzen dituen zortzi testigantzetako bat, eta, hain zuzen, horregatik ekin zion lan hau idazteari. «Bizipen hauek sortu izan didaten arantza kendu nahian sortu zen proiektua da hau», esan zuen.

Baina pertsonala politikoa dela sinesten duela ere nabarmendu zuen idazleak eta, beraz, proiektu hau «hutsune politiko» bat betetzera ere badator, esan zuenez: «Errefuxiatu eta deportatuen seme-alabez ez da sekula hitz egin». Hortik izenburua: “Ikusezinak”.

«Lagin txiki bat»

Iheslari edo deportatuen seme-alaben errealitatea «ahalik eta zabalen» kontatu du Miren Azkaratek, nahiz eta onartu «tamalez» zortziko taldea «lagin txiki bat» besterik ez dela, «ehunka» haur eta nerabe izan baitira egoera horretan. Erradiografia zabal bat eskaintze aldera, helmuga-herrialde ugari jaso ditu, Venezuela, Mexiko, Kuba, Cabo Verde, Suitza eta Euskal Herria eta egoera desberdinak idatzi. «Batzuk Euskal Herrian jaio gara eta bisitan joan gara herrialde jakin batera, edo herrialde jakin batean jaio eta bizi dira beste batzuk... gure errealitatea ez da bat eta bakarra», agertu zuen.

Ihintza eta Haitz Aldana, Maialen R. Barcena eta Aitziber Zapirain ere izan ziren aurkezpenean, iheslari edo deportatuen seme eta alabak guztiak. Ihintza eta Haitzen aita 1981ean atxilotu zuten, «urtebeteko ahizpa besoetan zuela», Ihintzak esan zuenez. Izan zen espetxean eta deportatu egin zuten: Venezuelan eman zituen azken hogei urteak. Hara egiten zuten bere hiru seme-alabek bisita, urtean bi hilabetez hasieran, gero, sei urtean behin ere ez.

Maialen R. Barcenaren gurasoak Cabo Verdera deportatu zituzten. Ihes egitea lortu zuten eta Kuban topatu zuten babesa. «Bertan sortu nintzen ni, kubatarra naiz», adierazi zuen Barcenak. 18 urterekin Euskal Herrira etorri zen, baina ez zen pentsatu bezalakoa izan: «Konturatu nintzen ez nengoela nire etxean, gurasoenean baizik».

Desberdina da Aitziber Zapirainek bizi izan zuen egoera. «Etxea bilakatu zen aitaren deportazioaren helmuga edo espetxea», laburtu zuen. Etxean zegoen, baina ez edozein modutan: sukaldean ezkutatutako zuloan sartu zen; beraz, bi errealitate bizi izan zituen Aitziberrek: «Bat etxean, aitarekin, eta bestea kalean, azaleratu gabe aita etxean zegoela».