Garazi CASTAÑO
KULTURHARIA
Elkarrizketa
Sustrai Colina
Bertsolaria

«Denontzat da seinale ona txapelketek plazan gertatzen dena islatzea»

Jendetza bildu zen joan den larunbatean Irungo saioan. Sustrai Colina gailendu zen Ficoban; atzetik (eta tarte handiegiarekin, askoren iritziz) gelditu ziren Nerea Ibarzabal eta enparauak. Denen artean saio ona egin zutela uste du Colinak.

(Andoni CANELLADA | FOKU)
2.500 bertsozale baino gehiago bildu ziren Irungo Ficoban. Goraino beteta zegoen aretoa. Konplizitatea sumatu zen oholtzan, eta publikoak berotasunarekin erantzun zuen. Zer moduz sentitu zinen oholtza gainean?

Giro itzela zegoen. Uste dut taldea ere nahiko talde berezia zela. Bost emakume zeuden, hiru lapurtar, bertso eskola berean ibiliak gainera... Saioak bazituen aliziente batzuk, sailetik aparteko irakurketak ahalbidetzen zituenak. Eta uste dut giroan hori dena bazela eta guk pertzibitu genuela; eta horrek bertsotan egitea erraztu zigula. Eta nahiz eta plaza horren aurrean erantzun beharrak ardura sortu, uste dut oro har erantzun genuela.

Bertsolari bakoitzak zuen alea jarri zenuten, bakoitzak bere kolore printza. Nola ikus zenituen bertso kideak?

Nerea (Ibarzabal) oso langile nabaritu nuen, gauza ederrak etengabe bilatuz. Miren (Artetxe) oso libre, oso gauza ederrak egiteko gogoz, kolpeak jotzeko gogoz, hemen nago esateko gogoz... Anek (Labaka) ere lan borobila egin zuen. Joneren (Uria) zortziko handia itzela iruditu zitzaidan. Ez dakit noizbait entzun dudan txapelketan publikoa hirugarren puntuak kantatzen. Ez laugarrenak, hirugarrenak baizik. Ez dakit inoiz entzun dudan. Maddalenek (Arzallus) ere uste dut gauza hunkigarriak utzi zituela. Eta bai, ongi ikusi nituen. Ez nuen inor ikusi sufritzen, eta hori txapelketan ez da gutxi.

Gai sozialak oso presente egon ziren Irungo saioan.

Ez nuen irakurketa hori eginda, baina, bai, egia da oso-oso presente egon zirela. Esango nuke agian bertsolaritzan azken bolada luzetxoan ere badutela lehen ez zeukaten presentzia bat. Esango nuke agian gaiaren mamian ez daudenean ere, dekoratuan hor daudela gai sozial horiek. Eta normala iruditzen zait, guk gure aldiari kantatzen diogu, eta aldiaren konexio soziala oso-oso begi-bistakoa da.

Bazegoen halako espektatiba edo zirrara larunbateko saioarekiko. 6 bertsolarietatik 5 emakumezkoak ziren, zu gizonezko bakarra. Argazki ezohikoa Irungoa. Aurtengo txapelketan, puntuazioak gora edo behera, emakumeak eta haien ahotsak arrastoa uzten ari dira.

Aurtengo txapelketan eta plazan. Nik ez dut dudarik, azken urteotan lan itzela egiten ari dira, bai kolektiboki eta bai pertsonalki ere. Eta arrastoak ja nabari dira. Nik ez dakit finala nola geldituko den, baina kopuruei begiratu besterik ez dago. Finalaurrekoetako kopuruak ez dakit zehazki zeintzuk diren, baina esango nuke inoiz baino parekideagoak direla; eta begiratu herrialdekako txapeldunak: hor dago Saioa Alkaiza, hor dago Nerea Ibarzabal, Miren Artetxek buruz burukoa jokatu zuen Xilaban... Ez dakit, iruditzen zait ja oso agerikoa dela emakumeen presentziarena; eta zehaztuko nuke emakume belaunaldi horrena, plazan itzel dabiltzalako. Eta niretzat ez da sorpresa bat. Badakigu zenbat egiteko gai diren, badakigu zer aportatzen duten, niretzako gauza batzuetan haize fresko handi bat da; eta txapelketa hau horren isla izaten ari da eta espero dut izango dela aurrerantzean ere. Denontzat delako seinale ona txapelketek plazan gertatzen dena islatzea. Uste dut badela bertsolaritza ongi geroratzeko tresna bat.

Txapelketan ezin diegu ihes egin zenbakiei eta batuketei. Oso bero egon zen Ficoba eta sorpresa puntu bat izan zen puntuazioekin. Batez ere puntuazio tarteekin. Eta horrek bigarren itzuli estua uzten digu.

...Ba bai, uste nuen nire kantu kide batzuk gelditu zirena baina puntu gehiagorekin geldituko zirela. Baina belarri batekin entzun nuen saioa, ez dut berriz entzun, ez naiz jarri puntuatzen, eta tira... Ba bai, hori hor dago. Eta aurrera begira zer geldituko den, oraindik ezin da jakin. Nik uste dut txapelketa honek, guztiek, baina honek batez ere, erakusten duela hemen zuhurtzia handiz egin behar direla kalkuluak.

Nahiko garbi dudana da, hala ere, Euskal Herriko txapelketako finalean sartzeko bi finalaurreko on egin behar izaten direla. Eta hor berdin da nor zaren eta berdin da lehenengoan zer puntu atera dituzun. Kanpotik hala eman dezake, baina esperientziaz esaten dizut inongo bertsolarik ez duela sentitzen finalean bere tokia aseguratua lehenengo buelta bukatu eta gero. Eta berdin du zenbateko koltxoia duen.