GARA
PILOTA

Inor gutxik jokatu nahi, baina garrantzi hipotetikoa duen lehia

Aitor Elordi eta Peio Etxeberria, materiala aukeratzen.
Aitor Elordi eta Peio Etxeberria, materiala aukeratzen. (ASPE)

Aitor Elordik eta Peio Etxeberriak igandean, Mallabian, jokatuko duten Lau eta Erdiko Txapelketako hirugarren eta laugarren posturako partidarako materiala aukeratu zuten atzo.

Inor gutxik jokatu nahiko lukeen partida horietako bat jokatu beharko dute igandean bertako pilotalekuan. Ez da txapel preziatua jokoan egongo, baina beste saria, hori bai, ez da makala izango: Lau eta Erdiko Txapelketaren hirugarren eta laugarren posturako lehiatuko dira biak.

Ez hori bakarrik. Izan ere, partida honetan irabazle ateratzen denak, era hipotetiko batean beste sari bat izan bailezake. Hori, egoera txarrenean gertatuko litzateke. Hau da, final handia jokatu behar duten Jokin Altuna edo Joseba Ezkurdia, bietako bat, lesionatuko balitz, igandeko garaileak finala jokatzeko aukera izango luke. Beraz, behin puntu honetara iritsita, Mallabiko partida hil ala bizikoa izan daiteke eta bi pilotariek, Aitor Elordik eta Peio Etxeberriak, ez dute galdutzat emango, ezta gutxiago ere.

Aitor Elordik beste motibazio bat izango du, etxeko pilotalekuan arituko baita, herrikideen, lagunen eta senitartekoen aurrean. Hala, «txapelketa bukatzeko era polita izango litzateke (irabaztea), eta horren bila joango gara», esan zuen, atzo egindako material aukeraketan, finalerdietan Altunaren aurka galdu zuen aurrelariak. Hori bai, txapelketan maila bikaina eskaini du bizkaitarrak, final-zortzirenetan Jaka 16-22 kanporatuz, eta final-laurdenetako ligaxkan hiru neurketak irabaziz: Ezkurdiaren (17-22), Lasoren (18-22) eta Elezkano II.aren (8-22) kontrakoak.

«PILOTARIAK JOKATU BEHAR DU»

Aurrean Peio Etxeberria izango du. Zenotzeko pilotariak 22-14 galdu zuen Joseba Ezkurdiaren aurka txapelketako azken partidan, baina kaiolan gauzak ondo eginda iritsiko da igandera. Dariori 17-22 irabazi zion nafarrak, eta ondoren Altuna III.ari 15-22 irabazi zion. Azken partida jokatu gabe geratu zen, Peña II.a lesionatu baitzen eta, hala, finalerdietarako txartela eskuratu zuen.

Peio Etxeberriak oso argi du igandeko partidari begira: «Pilotariak jokatu behar du; jendeak ez du jokatzen, eta egia da hemen jendea izango dugula. Ez dugu pasatzerik nahi, baina lesioren bat edo zerbait izanez gero, hirugarrenak jokatu behar du finala, eta horregatik borrokatuko dugu topera igandean».

Asteazken honetan egindako material aukeraketan Elordik 105,6 eta 104,9 gramoko bi pilota aukeratu dituen bitartean, Etxeberriak 105,7 eta 106,1 gramokoak hartu ditu.