«Giza baliabideak behar dira diabetesa duten pertsonentzat»
«Etorkizuna babesteko heztea» lemapean, Diabetesaren Nazioarteko Eguna ospatu da aste honetan. Ospakizun egunek aldarrikapenerako tartea ere ematen dutenez, Zihortza Marzan NAIZ irratian izan da, gaixotasun hori dutenen errealitatearen berri emateko.

Diabetesaren Nazioarteko Egunaren karietara, Zihortza Marzan erizaina eta diabetesa duen gaixoa izan da NAIZ irratian. Gaixotasun kronikoen artean 1 motako diabetesa da tratamendu aldakorra duen bakarra, gaixoak berak arduratu behar baitu glukosa maila zaindu eta intsulina hartzeaz. Hori dela eta, egunerokotasuneko faktore ezberdinak kudeatu eta pertsona hauen ahalduntzea bermatzeko, ezinbestekoa da beharrezko formakuntza jasotzea. Izan ere, beste bizitza arrunta egiteko gai diren arren, faktore asko sartzen dira jokoan; zer jaten den, kirola, estresa, hormonak… Marzak azaldu zuenez, «egunero gauza berak eginagatik, gorputzak ez du egunero berdin erreakzionatzen».
Hezkuntzan erizainen gabezian ipini zuen azpimarra Marzanek. Izan ere, diabetes mota honek batik bat gazteei eta haurrei erasaten die. Azaldu duenez, ezinezkoa da hitzaldi baten bitartez gaitasun nahikoa eskuratzea gaixotasun hau pairatzen dutenei egoera ezberdinetan laguntzeko. Horregatik iruditzen zaio ezinbestekoa ikastetxeetan erizainak egotea: «Eskatzen duguna da ikastetxe bakoitzean erizain bat egotea. Eskola batean haserrealdiak izaten dira, ilusioa, poza... ume bakoitzak momentuan kudeatu ezin dituen eta aldi berean eragina duten emozioak».
Aurrerapausoak
Gaur egun aurrerapen teknologiko ezagunena ponpa da. Gorputzera kable bidez lotuta doa, eta intsulina zein glukagoia (intsulinaren aurkakoa) du barruan ponpak. Odoleko glukosa mailaren arabera, sentsoreak esango dio ponpari zer jarri, intsulina edo glukagoia. Aurrerapen hori beraientzat «motxila husteko modu bat» dela adierazi zuen Marzak.
Tresnak sortzen ari badira ere, tresna horiek erabiltzeko formakuntza falta da, Marzaren ustez: «Ponpak erabiltzeko ezinbestekoa da osasun langileak formatuta egotea, eta hori ez da hala. Ospital handietan agian bai, baina eskualdeetan ez». Ekonomikoa da beste arazoetako bat, Marzaren arabera.
Badirudi teknologiaren garapenari esker diabetesa dutenen bizitza errazteko gailu eraginkorrak sortzen ari direla, baina teknologia hauek nekez iristen dira gaitza pairatzen dutenen eskuetara. «Horregatik, teknologiaz gain, giza baliabideak behar dira, eskuragarri dauden baliabideak aprobetxatzeko», aldarrikatu zuen Marza erizainak.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»
