Bederatzi hilabetera, «zirrikitu bat» Pablo Gonzalezen inkomunikazioan

Otsailean espioitza leporatuta atxilotu zutenetik kasik bederatzi hilabetera, Oihana Goirienak Pablo Gonzalez bere bikotekidea bisitatu ahal izan zuen azkenean Poloniako Radom hiriko espetxean. Astelehen honetan izan zen, eta bi orduz egon ahal izan zen berarekin. Moskun jaiotako euskal kazetariaren inkomunikazioan «zirrikitu bat» irekiko den esperantza azaldu zuen atzo Goirienak Radio Euskadirekin izandako elkarrizketan. «Laster berriro bisitatu ahal izatea espero dugu».
Gonzalez fisikoki eta animo aldetik ongi dagoela agertu zuen. «Asko animatu du bisitak eta, intimitatea falta bagenuen ere, hilabete hauetan umeei eta gainerako familiari, Espainiakoa zein Errusiakoa, gertatu zaien guztia kontatu ahal izan diot». Gaur egun bizi duen egoeraren eragileak bere naziotasun bikoitza eta lanbidea direla, ez besterik, erantsi zuen. «Jende askoren partetik jasotzen ari den babes adierazpen ugarien berri ere eman ahal izan diot: lagunak, hedabideak, kazetariak, politikari batzuk, elkarteak, instituzioak eta, batez ere, #FreePablo ekimeneko pertsonak».
Bikotekideak kontatu zuenez, Pablo Gonzalezek espresuki eskatu zion bere egoeragatik kezkatuta dauden guztiei eskerrak emateko. «Bakarrik ez dagoela jakiteak indarrez betetzen du borroka honetan tinko jarraitzeko. Borroka ez da ez laburra ez erraza, baina elkarrekin egingo dugu askatzea lortu arte, etxera bueltatu eta bere bizitzarekin jarraitzeko aukera izan dezan».
Bisita bukatu eta gero Goiriena eta Gonzalo Boye abokatua Pavelen abokatu talde berriarekin bildu ziren. Horiek une oro Boyerekin koordinatuta daude. Eurek lortu dute komunikazio zuzen hau.
Bihar, erabakia
Przemysl-eko auzitegiak bihar erabakiko du euskal kazetariaren kartzelaldia luzatu ala ez.
Azaroaren bukaeran bederatzi hilabete beteko dira Gonzalez herri horretan atxilotu zutenez geroztik, Errusiak Ukraina erasotzeak eragin zuen errefuxiatu oldearen berri ematen ari zela, besteak beste egunkari honentzat.

Trujales sin aceite a más de un mes de la cosecha en Nafarroa

«Tenía otras ofertas, pero esta me hacía especial ilusión»

«Me da pena que una película haya acaparado el interés de Zinemaldia»

«Frontex va camino de convertirse en un ejército»
