GARA
DONOSTIA

Sektore publikoko lan baldintzak bertan erabakitzeko mobilizatu da LAB

LAB sindikatua Hego Euskal Herriko hamarnaka lantokiren aurrean mobilizatu da, sektore publikoko lan baldintzak hemen erabaki behar direla aldarrikatzeko, eta enplegu duinaren defentsan.

Gasteizen, Osakidetzaren egoitzaren aurrean, LABek egindako elkarretaratzea.
Gasteizen, Osakidetzaren egoitzaren aurrean, LABek egindako elkarretaratzea. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

«Sektore publikoan enplegu duina, erosahalmena bermatu, berton erabaki» lelopean, LAB sindikatuak hamarnaka mobilizazio egin zituen atzo Hego Euskal Herriko lantokietan. Xabier Ugartemendia Zerbitzu Publikoen Federazioko idazkariak Bilbon azaldu zuenez, kalera atera ziren enplegu duinaren defentsan: «Langile publikook geure lan baldintzak hemen erabakitzea, erosahalmena bermatuta izatea eta enplegu duina nahi ditugulako».

Hego Euskal Herriko herri eta hiriburuetako udaletxe askotan, Osakidetzaren bulego nagusietan, Dbuseko kotxeretan, Haur Partzuergoaren bulegoan, Lakuako Gobernuaren aurrealdean edo Nafarroako Gobernuaren Jauregiaren parean egin zituzten mobilizazioak.

«Berton» erabakitzeko ahalmena

LAB sindikatuak ohar batean salatu zuenez, «Madrildik inposaketa baino ez dator, eta gure erakunde publikoak eroso daude inposaketa horiek aplikatzen. Baina Madrili men egite horren atzean, gure erakunde publikoko agintariek berton negoziatzeko duten borondate falta ezkutatzen da».

«EAEko zein Nafarroako gobernuek, aldundiek, udalek eta beste zenbait erakundek ez dute langileekin ezer adostu nahi. Lan baldintzak inposatzea da nahi dutena. Nahikoa da! Euskal Langile publikook geure lan baldintzak berton negoziatzeko eskubidea dugu. Entzun dezatela argi eta garbi gure agintari politikoek», gaineratu zuten.

Sindikatuaren esanetan, hemen negoziatu nahi dute «geure enplegua hobetzeko eta egonkortzeko; erosahalmena bermatzeko; zerbitzu publikoak ez pribatizatzeko eta ez murrizteko, indartzeko baizik. Hau da, benetan kalitatezko zerbitzu publikoak izan ditzagun».

Sindikatuak helarazitako oharrak borrokarako konpromisoa jasotzen du: «LAB enplegu eta zerbitzu publiko duinak lortzeko borrokarekin konprometituta dago, eta hauek defendatzeko borrokarekin jarraituko du. Dei egiten diegu erakunde zein alderdi politikoei konpromiso bera har dezaten, eta langile publiko guztiei helburu hauen aldeko borrokara batu daitezen».