GARA
IRUÑEA

Autodeterminazio eskubidearen arautzea aldarrikatu du Gure Eskuk

Gure Eskuren bozeramaileak.
Gure Eskuren bozeramaileak. (Maialen ANDRES | FOKU)

Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak Edinburgori erreferendum bat antolatzeko eskubidea ukatu ostean, Josu Etxaburu Gure Eskuren bozeramaileak balorazio bat egin zuen atzo eguerdian Bilbon: «Eskozia bere etorkizuna erabakitzeko determinazio handia erakusten ari da. Oztopo guztiei aurre egiteko ausardia ere bai. Ziurtasun osoa dugu eskoziarrek bigarren erreferenduma egin egingo dutela. Era batera edo bestera, aurrera egingo dutela. Ziur gauden moduan euskal herritarrok ere hori egingo dugula».

Ebazpenaren ostean, bi hausnarketa plazaratu zituen Etxaburuk. Alde batetik, autodeterminazio eskubideari buruzko auzia «Europa mailan» jokatu behar dela eta Europak «baduela zer esana». «Estatuen barne arazotzat jo izan da, baina guk uste dugu ez dagoela barne gatazkez hitz egiterik, demokrazia auzitan dagoenean, gatazken ondorioek berehala zeharkatzen baitituzte estatuen mugak. Zentzu horretan, Europa mailan subiranotasunaren lurralde gatazkei konponbide demokratikoa emateko tresnak behar ditugu», aldarrikatu zuen Gure Eskuren bozeramaileak.

Olatu berrirako prest

Euskal Herrira begira, aldiz, Europan «olatu demokratiko berriak» sortuko direla iritzi du Etxaburuk, baina «ezin dugu horien zain geratu», eta «determinazioz jokatzeko garaia» dela gaineratu zuen. «Ahaldunduta harrapatu behar gaitu. Hurrengo olatuak hartu nahi baditugu, igerian, lanean, harrapatu beharko gaituzte. Guk ere joka dezakegu determinazioz. Guk ere joka dezakegu burujabe, aukerak noiz sortuko zain egon baino, aukera berriak sortuz», azpimarratu zuen.

Bai Eskozian bai Euskal Herrian errepikatzen den argudio nagusietako bat «orain ez dela tokatzen» izaten ari da. «Bai, tokatzen da», esan zuen Etxaburuk. «Tokatzen da subiranotasuna behar dugulako; herritar gisa, bizitza duinagoak izateko; eta herri gisa, aurrera egiteko. Subiranotasuna da egungo erronka globalei erantzuteko modu eraginkorrena, eta autodeterminazio eskubidearen arautzetik etorriko da».