GARA
PILOTA

Binakako Promozioko finala, Iruñean berriro

Binakako Promozioko pilotariak, Bilbon.
Binakako Promozioko pilotariak, Bilbon. (Oskar MATXIN | FOKU)

Asteartean Lehen Mailako Binakako Txapelketa aurkeztu zuten, eta atzo Promoziokoaren txanda iritsi zen. Lehia ostiral honetan bertan hasiko da, Azkoitian, eta apirilaren 1ean jokatuko da finala, Labrit pilotalekuan, iaz bezalaxe.

Tartean, 14 jardunaldiko sailkapen-liga jokatuko dute zortzi bikoteek, play-offetako bi partida jokatuko dira eta, ondoren, hiru partida izango ditu finalerdietako ligaxkak.

Aspe eta Baikoko launa bikote lehiatuko dira txapela lortzeko. Baikoren aldetik, Agirre-Iztueta, Bakaikoa-Morgaetxebarria, Larrazabal-Eskiroz eta Zubizarreta III.a-Elizegi bikoteek jokatuko dute txapelketa. Aspek aukeratu dituen bikoteak, bestalde, hauek dira: Egiguren V.a-Erostarbe, Exposito-Bikuña, Salaberria-O. Etxebarria eta Zabaleta-Gaskue.

Esan bezala, bihar Azkoitian emango diote hasiera lehiaketari Salaberria-O. Etxebarriak eta Zabala-Gaskuek. Larunbatean, Bakaikoa-Morgaetxebarriak eta Zubizarreta III.a-Elizegik jokatuko dute elkarren aurka Bartzelonan; igandean Agirre-Iztueta eta Larrazabal-Eskiroz izango dira aurrez aurre Tolosan; eta azaroaren 30ean, Eibarren, Egiguren V.a-Erostarbe eta Exposito-Bikuña saiatuko dira aurreneko puntua eskuratzen.

HAMALAU JARDUNALDI

Bihar Azkoitian hasi eta apirilera bitartean luzatuko da Eskuz Binakako Promozio Txapelketa. Zazpi jardunaldiko bi itzuli, orotara hamalau jardunaldi jokatuko dituzte pilotariek sailkapen ligan. Bi bikote onenak zuzenean sailkatuko dira finalerdietako ligara eta hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatuek play-offak jokatu beharko dituzte aurrera egin ahal izateko. Finalerdietako ligak hiru jardunaldi izango ditu eta final handia Labriten izango da apirilaren 1ean.

Aurreneko jardunaldietako jaialdietarako sarrerak www.entradasfronton.com webgunean eskura daitezke jadanik.