Andoni ARABAOLAZA
MENDIA

Euskal Mendizaletasunaren Museoa Tolosan aterpetuko da

Arkaute etxean egin nahi duten museoa bi urte barru zabalduko dela iragarri zuten atzo eginiko ekitaldian. Mendizale historikoen, euskal mendizale federazioen eta mendiko kultura sustatzen duten zenbait eragileren babesa jaso du.

Mendizaleek izaera nomada dutela esan ohi da. Agian horregatik, euskal mendizaletasunaren museoa alde batetik bestera ibili da, kokaleku finkorik gabe. Orain, egoera hori aldatzear dago, ordea. Emmoa Fundazioak bultzatutako ekimen horrek behin betiko aterpea hartuko du azkenean. Tolosako Arkaute etxean izango du egoitza.

Eraikina, berez, zaharberritu egin behar dute, eta atzo emandako prentsaurrekoan iragarri zutenez, museoa aurrera eramateko izenpetu den hitzarmenean 2024. urtean jarri dute lan horiek amaitzeko epemuga. Data hori, gainera, oso sinbolikoa da; izan ere, urte horretan beteko dira ehun urte Federación Vasco-Navarra de Alpinismo sortu zela.

Hortaz, museo “berri” horretan interes historikoa duten pieza eta dokumentu asko izango dira ikusgai. Egitasmo honen atzean EMMOA bera eta Hego Euskal Herriko bi mendizale federazioak izan dira. Horiek Tolosan interesa zutela adierazi zioten bertako udalari. Eta udal ordezkari guztiei aitortu behar zaie izan duten jarrera, besteak beste, den-denek bat egin dutelako egitasmoarekin.

EMMOAk dagoeneko museo-proiektua garatu du, eta Euskal Mendizale Federazioak obra-proiektua egiteko konpromisoa hartu du bere gain. Horrela, Tolosako Udalak eraikina egokitzeko obrak egiteko baliabideak jarriko ditu.

BABES HANDIA

Sinatu den egitasmo honek babes handia jaso du eta atzo babes horrek indar handia hartu zuen; museoari “berotasuna” emateko izen handiko eragileak hurbildu baitziren: mendizale historikoak, euskal mendizale federazioetako eledunak, mendiko kultura bultzatzen duen Mendi Film Jaialdiko presidente Jabi Baraiazarra...

Tolosako alkate Olatz Peonek hartu zuen hitza lehenik, eta adierazi zuen data inportantea dela Tolosarentzat zein euskal mendizaletasunarentzat: «Eraikina eraberritu behar dugu, baina ilusio handiarekin gaude lanekin hasteko. Gainera, uste dugu Tolosa kokapen egokia dela museoarentzat. Bide batez, EMMOAren lana aitortu nahiko nuke. Gure babes publiko osoa du, eta eragile hauekin elkarlanean aritzeak ilusioa egiten digu».

Txomin Uriarte Fundazioko presidenteak Tolosako Udalaren eta Hego Euskal Herriko bi federazioen lana txalotu zuen: «Ulertu dute museo honek garrantzi handia duela. Ezbairik gabe, mendigunea eta erreferentea izango da».

Euskal Mendizale Federazioaren eta Mendi eta Eskalada Kirolen Nafar Federazioko presidenteak elkarrekin agertzea keinu ederra izan zen. Federaziook bi urte daramatzate harremanak estutzen eta hainbat lan elkarrekin aurrera ateratzen. Zigor Egiak eta Martin Montañesek helburu handia dute esku artean: lehen euskal mendi federazioaren 100. urteurrena elkarrekin antolatzea eta ospatzea.

«Bazen garaia museoa kokapen finkoa izan zezan. Zor hori hor zegoen, eta, orain bai, errealitate bihurtu da. Ederra izango litzateke ehungarren urteurrena hemen ospatzea», azpimarratu zuen Egiak.

Euskal mendizaletasunaren ondarean lanean jarraituko dutela gehitu zuen Montañesek: «Angel Oloronen, Juan Mari Feliuren… ondarea jaso behar dugu».