Maite UBIRIA
BAIONA

Abortu eskubideari berme gorena emateko urrats sendoa Parisen

Frantzia Intsumisoak (FI) eta Emmanuel Macron presidentearen gehiengoak abortatzeko eskubidea frantziar Konstituzioan sartzeko bidea ireki zuten atzo Asanblea Nazionalean. Ezkerrak aurkezturiko proposamenaren gainean testu bat hitzartu dute berme gorena emateko helburuarekin. Senatuak onartu ostean, erreferenduma deitu beharko litzateke.

Mathilde Panot FI taldeko bozeramaileak defendatu zuen lege-egitasmoa Parisen.
Mathilde Panot FI taldeko bozeramaileak defendatu zuen lege-egitasmoa Parisen. (Geoffroy VAN DER HASSEL | AFP)

Estatu frantseseko Asanblea Nazionalak urrats handia egin zuen atzo emazteen ugalketa eskubideak babesteko. Frantzia Intsumisoa (FI) alderdiak lege proposamena aurkeztu zuen abortatzeko eskubidea frantziar Konstituzioan txertatzeko. Ekimen horren bidez, Simone Veil ministroaren bultzadapean 1974ko abenduaren 20an legezko bilakatu zen abortu eskubideak berme gorena lortuko luke.

Atzo adosturiko testuari esker, «abortatzeko eskubidea zalantzan emateko hel daitezkeen asmo atzerakoiak gelditzeko babes handiago izanen dute emazteek», nabarmendu zuen Asanblea Nazionalean ezker intsumisoaren bozeramaile Mathilde Panot diputatuak.

Diputatu intsumisoak, Valery Giscard d'Estaing presidente zelarik Osasun ministro zenaren esaldi bat baliatu zuen, hain zuzen, abortatzeko eskubidea Konstituzioan sartzeko beharra defendatzeko. «Krisi politiko, ekonomiko edo erlijioso bat gertatzea aski izanen da emazteen eskubideak kolokan jartzeko».

Jada Legeen Batzordean onartua izan zen proposamen hori, Estatu Batuetan abortatzeko eskubidea murrizteko harturiko erabakien testuinguruan landutakoa. Batzorde horretan Emmanuel Macron presidentearen gehiengoak babestu zuen intsumisoen proposamena. Izan ere, Renaissance taldeak iradoki zuen helburu berarekin aurkeztu zuen bere idatziak berme juridiko handiagoak eskaintzen zituela.

Sektore kontserbadoreek martxan emandako blokeatze estrategiari aurre eginez, FIk eta gehiengo makronistak akordioa bilatzeko elkarrizketa hobetsi dute.

Babes zabala

Horren ondorioz, ezkerrak eta gehiengo presidentzialak testu hau adostu dute abortatzeko eskubidea Konstituzioaren 66. artikuluan sartzeko.

Testuaren tramitazioa amaitu gabe ere, akordioa txalotu zuen Frantzia Intsumisoko bozeramaileak, eta «Estatu Batuetako, Poloniako eta Hungariako emazteei» eskaini zien «garaipen historiko hau». Zuzenketa gehiengo zabalaz onartu zen. Zehazki, testu berriak 337 aldeko boto jaso zituen, eta 32 diputatuk, aldiz, kontrako botoa eman zuten.

Euskal hautesleak ordezkatzen dituzten hiru diputatuk, alde batetik, Vincent Bru eta Florence Lasserre zentristek, eta, bestetik, Biarnoko eta Ipar Euskal Herriko herriak biltzen dituen laugarren hauteskunde-barrutian hautatua izan zen Iñaki Echaniz sozialistak testua babestu zuten.

Bestalde, eskuin muturreko diputatu gehienek testu labur bezain esanguratsu horren aldeko botoa eman zuten. Hain zuzen, botoa eman zuten 55 diputatuetatik 40k babestu zuten abortatzeko eskubidea Konstituzioan sartzeko lege proposamena. Marine Le Penek ere aldeko botoa eman zuen.

Zatiketa kezkagarria

Errepublikanoak alderdian zatiketa izan zen, eta horrek kezka areagotzen du, eskuinak gehiengoa duelako Senatuan. Hori dela-eta, atzoko bozketaren ostean ibilbide luzea bezain korapilatsua eginen du oraindik ere lege proposamenak. Senatuak onartu behar luke, eta behin tramitazio hori gainditu ostean, frantziar Gobernuak erreferenduma deitu beharko luke nahitaez Konstituzioaren aldaketari buruz.