J.O.
PILOTA

«Ez sartzea kudeatzea kosta zitzaidan iaz»

Peio Etxeberria ilusioz gainezka dago.
Peio Etxeberria ilusioz gainezka dago. (M. DEL VALLE | FOKU)

Astelehen eguerdian jaso zuen Peio Etxeberriak urte luzez itxaron duen deia. Bigarren urtez jarraian Lau eta Erdikoan bikain jokatu ostean, aurkezpenaren bezperan berretsi zion enpresak Binakakoa jokatuko duten Aspeko lau aurrelarietako bat zela eta asteartean Iruñeko ekitaldian egon beharko zuela. «Ilusio handiarekin nago. Halako dei bat jasotzea batzuentzat normala izango da, baina niretzat sekulakoa da, oso polita. Negu guztia onenekin lehiatzen aritzeko aukera daukat, 14 astez gutxienez jarraian jokatzeko aukera eta hori niretzat handia da», azaldu du Zenotzekoak.

Objektiboki begiratuta, iaz agian aurten baino emaitza hobeak lortu zituen; izan ere, Lau eta Erdikoan laugarren izan zen, oraintxe amaitu den txapelketan bezala, baina iazko udan San Fermin Torneoa ere eskuratu zuen, Jose Javier Zabaletarekin bikotea osatuz. «Ez da nire esku dagoen zerbait, azkenean zuk zure esku dagoena kontrola dezakezu eta ahalik eta hobekien egin, eta gero erabakia beste batzuena da. Enpresari eskertua nago aukera hau eman izanagatik eta nire aldeko apustua egiteagatik», gaineratu zuen.

Aurten, ordea, badirudi Aspek hierarkiei garrantzia kendu eta uneko sasoia lehenetsi dutela, txapelak dituzten pilotariak, Irribarria edo Elezkano kasu, kanpoan utzi eta kaiolan lau onenen artean izan diren Peio Etxeberria eta Elordi sartzeko. «Aurten kanpoan utzi izan banindute, desberdina izango zen. Nik uste iaz barruan ez egotea kudeatzea kostatu zitzaidala, oso negu txarra egin nuen, eta aurten beste era batera hartu dut kontua. Barruan egotea tokatuz gero, aukera zoragarria izango zen eta, kanpoan geratuz gero, lanean jarraitu beharko nuke, hor nagoelako eta egunen batean nire atea joko zutela banekielako», esan zuen.

REZUSTAREKIN GUSTURA

Abentura berri honetarako alboan jarri dioten bidaidearekin ere inolako kexurik ez du, Beñat Rezusta kantxan oso pilotari segurua delako, txapelak ere irabazi dituelako eta, batez ere, frontoitik kanpo are eta hobea dela uste duelako.