GARA
MADRIL

Gobernu espainola: «Justiziak ezartzen ditu Konstituzioaren mugak»

Maria Jesus Montero Ogasun eta Funtzio Publikoko ministro eta PSOEko idazkariorde nagusiak atzo adierazi zuenez, Erresuma Batuko Justiziak Eskozian independentzia erreferendum baten aurka hartutako erabakiak «mugak ezartzen dizkio separatismoari». Bere ustez, espainiar Estatuan gertatzen den gauza bera da.

«Noizbait independentistak Eskoziak bidea markatuko zuelakoan bazeuden, Espainian bezala, justiziak ezartzen ditu esparru konstituzionalak dituen mugak», adierazi zuen Kongresuko korridoreetan egindako adierazpenetan. Hala, lurralde osotasuna «bermatuta» dagoela ziurtatu zuen.

Londreseko erabaki judiziala bat dator espainiar Estatuan erreferendumak egiteko beto judizialekin, baina ez du bien arteko alderik ezkutatzen: Erresuma Batuko Gobernuak 2014an erreferendum lotesle bat egitea hitzartu zuen Eskoziakoarekin; Espainiak, aldiz, danbatekoa eman die bai Katalunian 2017an egindakoari bai euskal proposamenei.

«Zaila»

PSOEko idazkariordea horrela mintzatu zen Erresuma Batuko Auzitegi Gorenaren erabakiari buruz. Hala, adierazi zuen estatu bakoitzak bere esparru konstituzionala duela, eta, beraz, zaila dela antzekotasunak ezartzea horrelako gai espezifiko eta garrantzitsuen inguruan kasu baten eta bestearen artean. Hala ere, zehaztu zuen «zaila» iruditzen zaiola edozein konstituziok «herrialde bat bereizteko proiektu bat babestea».