Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA

Gorka Karapeto 9a+ mailara igo da «Zeleputza» bidearekin

Eskalatzaile azpeitiarrak Ilarduian dagoen bide horren hirugarren igoera sinatu berri du. Iaz izan zuen eskura erresistentzian oinarritzen den «Zeledon Txiki» eta «Harroputza»-ren lotura hori.

«Zahartzen ari gara, baina gerra ematen jarraitzen dugu». Adierazpen hori egin dio Gorka Karapetok GARAri “Zeleputza” bidea kateatu eta gero. 41 urteko eskalatzailea marra horrekin kirol eskaladako bere ibilbidean maila gorenera heldu da; hots, 9a+ zailtasunera.

Azken bi hamarraldiotako euskal eskalatzaile emankorrenetarikoa da azpeitiarra. Denera, 9a mailako zazpi bide egin ditu. Lehena, 2008an, “Sistematik ihes” izan zen. Ondoren, “Esclatamasters”, “Begi puntuan”, “Zeledon”, “Estado critico” eta “Supernowa” batu ziren. Eta zirkulu hori duela hiru urte itxi zuen “Harroputza”-rekin.

Ilarduian dagoen azken bide horrek badu lotura zuzena eskalatzaile gipuzkoarrak egin berri duen azken jarduerarekin. Hain justu, “Harroputza” eta “Zeledon Txiki” (8c+) bideen loturarekin sortu zen “Zeleputza”. Iker Pouk ekipatu zuen, baina lehen igoera iazko abuztuan Jonatan Flor-ek lortu zuen. Uda horretan bertan, Alex Garriga izan zen lehen errepikapena lortu zuena. Garai haietan Karapeto oso gertu ibili zen, baina hilaren 13ra arte itxaron behar izan du bigarren errepikapena egiteko.

“Zeleputza” iaz oso gertu izan zuen, baina hainbat gorabehera tarteko Ilarduiako marra horretan egiten ari zen prozesua bertan behera utzi behar izan zuen: «Nire asmoa uda honetan proiektu hori biribiltzea zen. Baina maiatzean, Cuencan eskalatzen ari nintzela, hatz batean min hartu nuen. Argi neukan erabat osatu arte ez nuela “Zeleputza”-n ekinaldirik egingo. Eta hori egin dut. Gainera, Ilarduian udazken honetan eguraldiarekin eta baldintzekin zortea izan dugu. Urriaren amaieran bide horren aurrean nengoen, eta pare bat astean kateatzeko aukera izan dut».

“Zeleputza” bezalako bideak oso gustuko ditu Karapetok. Erresistentzian oinarritzen da, eta batez ere marraren bigarren zatian, 20 mugimendutan, helduleku txikietan ondo baino hobeto estutu behar da: «Onartu behar dut berriro itzuli naizenean ez dudala arazorik izan pauso guztiak gogoratu ahal izateko. Ekinaldiak hasi eta hirugarren egunean den-dena ematen saiatu nintzen. Azken pauso gogorrenean hainbat eroriko izan eta gero, konturatu nintzen nekatuta nengoela ‘Zeleputza’-n egiten ari nintzen ekinaldiekin. Astebeteko atsedena hartu nuen, eta horrek asko lagundu nau bide horretan behin betiko arrakasta izateko. Marra horretan egin dudan prozesua oso aberasgarria izan da. Oso zuzena eta agerikoa da, eta, ezaugarri nagusia erresistentzia denez, den-dena ematea eta nekea ondo kudeatzea eskatzen dizu. Erritmo egokia eraman behar duzu; izan ere, itotzen zaituen bide bat da».

ESKARMENTUAREN GILTZA

Karapeto ezagutzen duen edonork badaki gaitasun itzelak dituela jarduera gogorrak aurrera atera ahal izateko. Motibazioa, grina, sasoia, estiloa… Osagai horiek guztiak lapiko batean beratzen jarri dituenean, eskuarki, emaitza bikainak izaten ditu. 8c mailako lehen bidea, adibidez, 19 urterekin egin zuen. 9a+ zailtasuna, berriz, 41 urterekin heldu zaio: «22 urte behar izan ditut maila horretara heltzeko. Denbora asko ote den? Gerorako zer edo zer utzi behar nuen, ezta? Zailtasun horretako bideak saiatzeko oso motibatua egon behar da. ‘Zeleputza’-ren berri nuenez eta, etxe ondoan dagoenez, proiektu bezala hartu nuen».

9a+ mailan sartzeko, euskal eskalatzaileak urte horietan guztietan oinarri sendoak finkatu ditu: denera, 9a zailtasuneko zazpi bide kateatu ditu. Eskarmentua, beraz, giltza izan da lorpen berri hori egiteko: «Iritzi horrekin ez dut zalantzarik. Orain arte ikasitako guztia praktikan jarri dut. Jakina, sasoiko egotea ezinbestekoa da; motibatua ere bai. Eta azkenaldiotan indartsu eta oso aktibo nago. Ez naiz garai bateko eskalatzaile urduri hori; egun, askoz ere lasaiago jarduten dut. Finean, eginiko ibilbideak eite hori indartu nau. Denbora igaro da, adinean aurrera noa eta argi dut erronka berriei beste ikuspuntu batetik heltzen diedala. Presarik gabe, prozesuan ikasten eta egiten ari naizenarekin gozatzen».

Bederatzigarren esferari Karapetok plusa gehitu dio eta ez zaio gehiegi kostatu «mundu» berri horretan sartzea. Gainera, aukeratutako bidea bere ezaugarrietarako aproposa zen: «Ez dut denbora asko eman ‘Zeleputza’-n, besteak beste, osatzen duten bi bide horiek eginak nituelako. Eta egin behar nuen esfortzurako horrek asko lagundu du. Iaz oso gertu izan nuen baina, agian, ez nintzen buru-belarri jardun. Ondoren, lesioa iritsi zen. Osatu, sasoia berreskuratu eta berriro motibatu nintzen. Asko erakartzen nau bide horrek. Erresistentzia nagusi denez, metroak irabazten joan behar duzu. Gainera, alderdi lasaia eta ederra da».

Ez da ohikoa 41 urterekin 9a+ mailara iristea eta, hala, protagonista honek sinatu berri duen jarduerari garrantzi berezia eman dio: «Egin dudanak erakusten dit ez nagoela gaizki. Dena ematen jarraitzen dut. Adinean aurrera egin dut, baina oraindik sasoiko nago izaera honetako xedeak probatzeko. Demostratu dut gai naizela gogor estutzeko eta helburu egingarriei ekiteko. Egiten ari naizen ibilbideak balio izan dit bide horretan arrakasta izateko. Garai batean ez nituen eskarmentuak eman dizkidan tresna horiek».

Eskalatzaile azpeitiarrak ibilbidea aipatu duenez, galdetu diogu zeinek ematen dioen poz handiagoa, 19 urterekin eginiko 8c mailak ala 41 urterekin sinatutako 9a+ zailtasuneko “Zeleputza”-k: «8c hori ez dut inoiz ahaztuko. Kristoren ilusioa egin zidan. Hasiberria nintzen maila gogorrean, eta bat-batean mundua jango nuela iruditu zitzaidan. Oso gaztea nintzen, eta erokeria zirudien. 9a+ mailarekin sentitu dudana, berriz, ezberdina izan da. Jakina, pozarren nago. Gustura nago ibilbidearen ondorioa izan delako. Lehenago edo beranduago banekien egingo nuela».

Azken galdera bat egin diogu lerrootako protagonistari. Zeure burua 9b mailako bide bat egiten ikusten al duzu? Irribarre «maltzur» batekin erantzun digu ez duela oso argi: «Izaera horretako helburu bati ekiteko hainbat eite hartu behar ditut kontuan. Aukeratutako bideak nire estilokoa izan behar du, bidaiek eskatzen duten energia ez xahutzeko etxetik gertu egon behar du… Saiatuko ote naizen? Auskalo! Gorputzak zein buruak zer esaten didaten entzun behar dut. Baina, ez, erronka hori ez dut baztertzen».