GARA
GASTEIZ
INDARKERIA MATXISTAREN AURKAKO EGUNA

Indarkeria matxista guztien aurka kalera ateratzeko deia, gaur eta bihar

Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean, gaur, eta bihar, bortizkeria mota horrek dituen forma guztien aurka kalera aterako dira feministak, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta. Gaur arratsaldeko mobilizazioak Hego Euskal Herriko hiriburuetan izango dira eta bihar Baionan.

Indarkeria matxistaren aurka mobilizatzeko deia egin du, gaurko, mugimendu feministak.
Indarkeria matxistaren aurka mobilizatzeko deia egin du, gaurko, mugimendu feministak. (Jon URBE | FOKU)

Feministek Euskal Herriko kaleak hartuko dituzte gaur, Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean, eta bihar, beste behin aldarrikapenak jendarteratzeko. Indarkeria instituzionala, lan-arlokoa, emakumeek etxean pairatzen dutena eta heteroarautik kanpo egoteagatik gauzatzen dena; Euskal Herriko Mugimendu Feministak indarkeria matxistaren forma guztiak agerian jarri nahi ditu.

HegoEuskal Herriko hiriburuetan gaurko deitu dituzte manifestazioak. Iruñean Gaztelu plazatik abiatuko dira; Gasteizen San Anton plazan elkartuko dira; Bilbon, Jesusen Bihotzean, eta Donostian, Bulebarrean. Azken hiruretan 19.00etan abiatuko da eta Iruñean, ordubete beranduago, 20.00etan.

Ipar Euskal Herrian Bagera Elkarteak eta M8 Asanblada Feminista Bidasoak Hendaiako Errepublika plazatik deitu du manifestazioa, 17.30ean; Azkainen Pierre Loti plazan elkarretaratze bat egingo dute 19.00etan, eta Mugimendu Feministaren manifestazioa Baionan izango da bihar, 19.00etan Herriko Etxeko plazatik abiatuta. Bestalde, dantza eta antzerki ikuskizunak, erakusketak antolatu dituzte hainbat herritan.

Joan den astelehenean, mobilizazio hauek guztiak aurkezteko egin zuten prentsaurrekoan, borroka feminista egikaritzeko gakoak «gure artean sareak eraikitzea, elkar zaintzea, borroka komunak abiaraztea, erantzukizunak hartzea eta gizonak interpelatzea» direla esan zuten.

Gizonei, hain zuzen, «dagokien erantzukizuna beren gain» har dezatela eskatuko diete, erasotzaile eta konplize izateari utz diezaioten. Haien ustetan, «azaleko diskurtsoek ez dute balio, praktikan ezer aldatzen ez bada».

Sistema, «are gordinago»

Indarkeria matxistak har ditzakeen formen adibide gisa joan den udan gertatutako halako erasoak aipatu zituzten aurkezpenean, eta «etengabeko kontrol soziala, beldurrean oinarritutako mezu eta neurriak eta neurriz kanpoko presentzia poliziala» salatu zituzten, arreta emakumeengan jartzen dutelakoan.

Horrekin, sistema heteropatriarkal kapitalista «are gordinago, esplizituago eta inolako lotsarik gabe» aurkeztu dela uste dute. «Jakin badakigu mugimendu feministatik sortzen dugun olatu bakoitzean, sistemak horiek geldiarazteko mekanismoak jartzen dituela martxan, eta aurten ere ez da gutxiagorako izan», gaineratu zuten.

«Beldurraren eta kontrolaren aurrean, justizia feminista!», aldarrikatuko dute gaur.