GARA
GINEBRA

Nazio Batuen misio batek Irango protesten kontrako errepresioa ikertuko du

Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluak ikerketa bat irekiko du Iranen izandako protesten aurkako errepresioa aztertzeko eta giza eskubideen urraketen arduradunak epaitzeko. Iranek, aitzitik, argi esan du ez duela misioa onartuko.

Manifestaria, NBEren Giza Eskubideen Kontseiluko egoitzaren aurrean, Genevan.
Manifestaria, NBEren Giza Eskubideen Kontseiluko egoitzaren aurrean, Genevan. (Valentin FLAURAUD | AFP)

Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluak ikerketa bat irekiko du Mahsa Amini gazte kurduaren heriotzaren ondorioz Iranen piztutako protesten aurkako errepresioa aztertzeko eta giza eskubideen urraketen arduradunak epaitzeko.

Dagoeneko 416 hildako -horietatik 51 haur- eta 15.000 atxilotu inguru eragin ditu errepresioak Iran Human Rights (IHR) erakundearen arabera, baina protestak ez dira gelditu.

Ikertzaile taldeak giza eskubideen urraketen ebidentziak hartu eta aztertu beharko ditu eta lehen emaitzak Kontseiluaren 53. bilkuran aurkeztuko dituzte, 2023ko erdialdean.

Onartutako ebazpenak, gainera, Irani eskatzen dio ez oztopatzeko ikerketa batzordea osatuko duten adituak herrialdean sartzea, beren ikerketak askatasunez egin ditzaten, bai eta Javaid Rehman NBEk herrialde horretarako duen errelatore berezia ere.

Halaber, Irango Gobernuari «bizitza publikoan eta pribatuan emakumeen eta nesken aurkako diskriminazio eta indarkeria mota guztiak» desagerrarazteko eskatzen dio.

Epaiketaz kanpoko exekuzioak, bortxazko desagertzeak, sexu eta genero indarkeria, atxiloketa arbitrarioak, tortura eta bi hilabete baino gehiagoko protestak egin dituzten manifestari baketsuen aurkako beste abusu batzuk amai daitezela ere eskatzen dio.

Bileran Volker Türk NBEren giza eskubideen arloko goi komisarioak Teherani eskatu zion «neurriz kanpoko eta alferrikako indarraren erabilpen hau uzteko».

«Aldaketa saihetsezina da»

«Egungo egoera jasanezina da. Garrantzitsua da heriotza-zigorra gelditzea eta Gobernuak herriari entzutea eta erreforma prozesu batean sartzea, aldaketa saihetsezina delako», gaineratu zuen.

Epaitegiek dagoeneko atxilotutako manifestariei sei heriotza zigor ezarri diete.

Testuak Txina, Kuba, Eritrea, Armenia, Pakistan eta Venezuelaren aurkako botoa jaso du. Txinak azken minutuan ikerketa-misio bat sortzea eskatzen zuen paragrafoa kentzeko eskatu zuen, baina Kontseiluaren gehiengoak atzera bota zuen eta 47 kideetatik seik baino ez zuten aldeko botoa eman.

Rehman errelatore bereziak ikerketa misioaren alde egin zuen eta biktimen erreklamazioei erantzuteko duen garrantzia azpimarratu zuen, «egiturazko inpunitateak sustatu duelako hilketa, desagertze behartua, tortura eta abusu sistematikoak».

1979ko Iraultza Islamikotik horrelako protesta boladak ez du aurrekaririk Iranen eta Mahsa Amini atxilotuaren heriotza salatzeko protesta erregimen teokratikoaren kontrako protesta bihurtu da, «Emakumea, Bizitza, Askatasuna» lemak indar handia hartu duela.

Dena den, ikerketa misioak ez du Iranen bere lana egiteko aukerarik izango, Teheranek argi utzi duelako kontrako jarrera. Gobernu irandarraren ustez, manifestazioak kanpoko indarrek bultzatzen dituzte Islamiar Errepublika ezegonkortzeko asmoz.

Iranek ez du onartuko

Giza Eskubideen Kontseiluan Iranen aldetik Khadijeh Karimi Emakume eta Familiarentzako Presidenteordetzako nazioarteko zuzendariak hitz egin zuen, eta ohartarazi zuen bere Gobernuak ez duela onartuko ikerketa-misioa, «ezta porrotera kondenatutako Nazio Batuen agindu bat ere».

Halaber, Mendebaldeko estatuek beste herrialdeei lezioak emateko «sinesgarritasun moralik» ez dutela adierazi zuen, Estatu Batuek eta Europar Batasunak Iranen kontra ezarritako zigor ekonomikoak salatuz.

Alemaniaren aurka jo zuen bereziki. Izan ere, Alemania eta Islandia izan ziren Giza Eskubideen Kontseilura Irango egoera eraman zutenak. «Bigarren Mundu Gerraz geroztik Alemania ez da inor emakumeen eskubideei buruz hitz egiteko», kritikatu zuen Karimik. Gobernu irandarrak AEBak, Israel eta europar estatuak protesten bidez gerra zibila suspertzen saiatzen ari direla salatu du.

Bere ustez, Alemaniako enbaxada konspirazio horren burua da eta Estatu frantsesak espioiak bidali ditu protestak bultzatzeko.

Greba orokorra

Hainbat alderdi kurduk greba orokorrera deitu zuten atzo Ekialdeko Mendebaldean, manifestariekiko eta errepresioaren biktimekiko elkartasuna adierazteko. Denda asko itxi zituzten eta sare sozialetan lanuztearen jarraipena erakusten zuten irudiak hedatu ziren. PJAK alderdi kurduak adierazi zuenez, Irango Kurdistanen joan den astean 50 manifestari hil zituzten.

Detenido el futbolista Voria Ghafouri por apoyar las protestas

En pleno debate del Consejo de Derechos Humanos de la ONU, Irán daba otro paso en las medidas represivas y detenía al célebre futbolista Voria Ghafouri, acusado de haber «insultado y ensuciado la reputación del equipo nacional» y de «propaganda contra el Estado». Ghafouri, de origen kurdo, jugador del Juzestan Steel y exdefensa de la selección nacional iraní, ha apoyado públicamente las protestas contra el régimen teocrático. Los futbolistas han sido uno de los colectivos de famosos que más han expresado su apoyo a los manifestantes, arriesgándose a fuertes represalias. El lunes los futbolistas de la selección iraní no cantaron el himno antes del partido del mundial de Qatar frente a Inglaterra. La escaladora Elnaz Rekabi, que compitió en Seúl sin velo, fue uno de los casos más divulgados de apoyo de un deportista a las protestas. La semana pasada, las actrices Hengameh Ghaziani y Katayoun Riahi fueron detenidas por quitarse los velos y mostrar su cabello en un vídeo, bajo las mismas acusaciones esgrimidas contra Ghafouri. GARA