GARA
IRUN

Ihobek ekoberrikuntza gida bat aurkeztu du, 105 proiekturekin

Basque Circular Summit ekitaldian, ekoberrikuntzaren aldeko 105 proiektuz osatutako gida bat aurkeztu berri du Ihobek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 50 enpresak bultzatutakoak dira proiektuak. Haietatik laurden bat martxan dago jadanik.

Erdian, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako Sailburua, aurkezpenean.
Erdian, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako Sailburua, aurkezpenean. (IREKIA)

Ihobek, Lakuaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekoberrikuntzari buruzko gida bat aurkeztu zuen atzo Basque Circular Summiten, Irunen. EAEko 50 enpresak bultzatutako 105 proiektu industrial biltzen ditu.

Lakuako Gobernuak zehaztu zuenez, datozen urteetan 130 milioi euroko fakturazio gehigarria aurreikusten dute, 22 negozio lerro berri, ia 200 enplegu berri, urtean 228.000 tona berotegi efektuko gas aurreztea eta isuri gabeko 300.000 tona hondakin baino gehiago aurreztea.

«Gero eta handiagoa da lehengaien kontsumoa murriztera eta produktuen iraunkortasuna handitzera bideratutako irtenbide berritzaileak bilatzeko premia», adierazi zuten. Horretarako, lankidetza publiko-pribatuaren «aldeko apustua» egin dutela adierazi zuten.

Gidan jasotzen diren 105 proiektuak honako sektore hauei dagozkie: elikadura, automozioa, kontsumo-ondasun, eraikuntza eta obrak, ekipo elektriko eta elektronikoak, makineria, metala, trenbideak, itsasokoa edo aeronautika bezalako garraiobideak. Ia laurden bat jada martxan dago.

Adibide batzuk

Arabako Errioxako Baigorri upategiarena, ardoa egiteko azpiproduktu bakarra, mahats-arraspoia, berrerabiltzean datzan proiektua da. Zuntz-balio handia baitu eta untxiak hazteko osagai funtzional gisa erabili daiteke.

Viuda de Sainz eraikuntza-enpresaren ‘Ecobridge’ proiektua ere bada gida honetan. Bilboko zubien bizi-zikloaren amaiera hobetzeko ekozubi modular bat deritzona aurkeztu dute, beste leku batean berrerabiltzeko hondakinik sortu gabe desegiten dena.

Bestalde, Sarikik, neurketa zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa gipuzkoarrak ‘Retrofit’ delakoa bultzatu du. Koordenatuen bidez neurketa makinen birmanufakturan datza. Hau da, edozein enpresa fabrikatzaileren ekipoak aztertzeko eta azken ikuskapen beharretara egokitzeko gaitasuna garatu du enpresa honek.

800 parte hartzaile

Basque Circular Summit 2022 atzo amaitu zen. Biltzarrak 800 parte hartzaile baino gehiago eta 350 enpresa inguru bildu ditu hiru egunetan. Ekonomia zirkularrean eta ekodiseinuan diren azken berritasunak EAEra hurbiltzea izan da helburua, «Europako erreferente izaten jarrai dezan». Lakuarentzat, «argi geratu da ekonomia zirkularraren garrantzia».