Jon GARMENDIA
BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA: BAIONAKO FINALAURREKOA

Nerea ibarzabalek finalerako urratsa egin du

Nerea Ibarzabal nagusitu zen atzo Baionan, berak bildu zituen puntu gehien eta egoki kokatu da lehen aldiz final handian kantatzeko. Sustrai Colina izan zen bigarrena, puntu gutxira, aitzineko finalerdian bezala bertso erakustaldia eman eta gero. Bi mila bertsozaleek berotasuna eskaini zioten Lapurdiko hiriburuko saioari.

Aurreko orrialdean, Nerea Ibarzabal mikroaren aurrean, gainontzeko bertsolariak begira dituela. Lerron gainean, Sustrai Colinak Ibarzabal zoriontzen.
Aurreko orrialdean, Nerea Ibarzabal mikroaren aurrean, gainontzeko bertsolariak begira dituela. Lerron gainean, Sustrai Colinak Ibarzabal zoriontzen. (Bob EDME)

Soilik bizitzan behin igarotzen bada zerutik “Halley”-a/ barkatu urrun geratzen bazait bi mila ta hogeita seia/ Kill Billen Uma Thurman zein argi,/ Goenkalen Maria Luisa Galardi/ eta Stars Warsen Leia/ Kaixo Baiona nik ez nuen nahi entzun gerrarako deia/ gladiatore zaurituak ta epika gosez Ponpeia/ baina lantza bat estomagoan/ burua lehoi baten ahoan/ sartzea bada ideia/ ados, has dadila lehia!». Bertso horrekin agurtu zuen Baionako Lauga Nerea Ibarzabalek, eta gerra egin, eman, eta garaitu egin zuen bukaeran. Anitz hitz egin da bertsozaleen artean aitzineko finalerdikoan ez zituela egindako lanak merezi zituen puntuak bildu, finaletik kanpo zegoela ia, baina atzoko murmurio horiek isilarazi, arantza kendu eta finalerako urratsa egin zuen, sendo.

Saio bikaina josi zuen, eta ganbarakoan artelan bat sortu zuen, gai arantzatsu bati helduz eta hitzak kantuari josten maistra dela agertuz. Berdintsu egin zuen Sustrai Colinak, honek, umore beltzari heldu, eta satirari tiraka dotore, jolasti bete zuen lana. Urruñarra trebe ageri da, eta txapelerako hautagai gisa eskaini du burua. Bien ganbarako jenialak ekarri ditugu lerrootara.

Beñat Gaztelumendi izan zen hirugarrena, eta finalari begiratzen dio Añorgakoak; lan bakoitzari txukun erantzun zion, biziki goitik ibili zen, ofizioetan entzun eta erantzuten. Hori izan zuten atzoko ofizioek, lan beteak izan zirela, elkarrizketak, horren adibide hiru 8ko txikiak, publikoaren irria sorrarazi zutenak.

Julio Soto laugarrena izan zen, eta bera izango da finalerako langa ziurrenik, Joanes Illarregi edo bera sartuko da, Saioa Alkaizaren eta Jone Uria ahantzi gabe, saio biribil batekin aukerak dituztelako biek ala biek. Beraz, interesgarri jarri da lehiaren ikuspuntutik, nahiz jakin bertsoa horrez harago doala. Unai Agirre gozatzen ikusi genuen, lehen finalerdian ez bezala, fresko ideietan eta argi kantaeran, erakutsiaz zergatik sartu zen duela lau urteko final hartan. Anitz eskertzen da bere bertsokera klasiko eta zuzena. Antzeko zerbait Eñaut Martikorenarentzat, bizi eta arin, bertsotan dakiela erakutsiz eta publikoarekin konektatuz.

NEREAREN GANBARAKOA

Bihar da egun handia. Ez joatea erabaki duzu: «Gaur hamar urte eman genuen azkenengo besarkada/ ta etxekoak ta ni ordutik dezente urrundu gara/ hain desberdina nintzen izaki, haiek eguna, ni gaba/ bakoitzak bere bidezidorrak hautatuak badaezpada/ baina bizitza izan daiteke telefono dei bat, hara/ izeba hila omen dago ta bihar doa lurpetara/ baina nik ez dut itzuli gura familia horretara». «Ez dira egon nire minean pozean ta haserrean/ beste etxe bat sortu nuen nik beraien kontrakarrean/ ta orain denekin elkartu behar arratsalde bakarrean/ irri txikiak keinu lasaiak hoztasuna beharrean/ beilatokiko gezur artean ahopeko marmarrean/ horrek guztiak ipiniko nau oso umore txarrean/ famili on bat bagina legez herri osoaren aurrean». «Beraz enaute han aurkituko beilatokiko atean/ ea bizitzak batzen gaituen beste aukeraren batean/ nik nahiago dut kandela piztu bakarrik bake-bakean/ eta pentsatu izebarengan negarrean eta kean/ bere gorpua sartu ahala suzko labean, harpean/ barkatu izeba sentitzen dut zu joatea apartean/ baina pertsonak maite behar dira bizirik dauden artean».

Sustrai: «Agian ni entzutea egingo zaizu arraro/ bizkarrean daramaten hilkutxa baten bainago/ familiko bazkaria bihar genuen ta klaro/ lehenagotik ere nengon preso hartuta zeharo/ dena ez denez konpontzen txuleta arkume ta ardo/ mundu hontatik joan naiz neure sen ta neure garbo/ min hau jasatea baino libre izatea nahiago/ bizitza antzerkia da ta heriotza gehiago». «Elizan lehen ilaran ikusten ditut gehienak/ familiko bazkarian bihar egongo direnak/ konpartituko al dituzte euren min ta sentipenak?/ konturatu familian sortzen direla problemak/ nahiz ta liberazio bat ekarri azken orenak/ susmoa daukat nerekin joango direla denak/ oroitzapenen damuak damuen oroitzapenak/ sentitzen nituenak ta kontatzen ez nituenak». «Jadanik alferrik ditut zuen txuleta ta arrai/ bilakatu bainauzue neure buruaren etsai/ elizan agurtzeraino nahiz eta nik ez nuen nahi/ nonbait ohiturak bigarren azala izaten darrai/ ikusten ditut Otegi, Txibite ta Etxegarai/ bertsoa Egañak bota du, bai, oraindik bizi da bai/ nahiz eta ¨Izarren hautsa¨ bilakatzen den bizigai/ bihar ez naiz joango eta egin zazue lo lasai».