Jon GARMENDIA
Idazlea

Bertsoaldarria

Larunbatean Gaztelumendi eta Ibarzabali Baionako Etxepare Lizeoko ikasle izatea egokitu zitzaien. Hegoaldekoak izaki, ezezagutza irudikatu nuen haiengan, baina ez. Ofizioa osorik dakart, errealitate gordin baten aldarri izan dadin. Beñat hasita: «Bere sehaskan ibili gara nahikoa modu lasaian/ baina Frantzia hain da itxia sarri hizkuntzaren gaian/ besteengadik ikasi behar omen genukeen garaian/ hemen gabiltza helduagoei lezioak eman nahian». «Eta Bordelen egokitu da isiltasuna haustea/ Frantziak nahi du gure hizkuntza paperetik erauztea/ ai baina zer den baikorrak izan ta tristuran ez jaustea/ garaipen bat da hainbeste urtez borroka bati eustea». «Bai Bordeletik esaten dute sarri nola aritu gu/ Frantziak bere gurasokeri papera aisa hartu du/ hainbeste urte borroka baten eta berdin dihardugu/zapalkuntzak zer esan nahi duen ederki ikasi dugu». «Behintzat brebeta erdi euskaraz genuena ezagutu/ gerora zati hoiek erauzi ta Frantzia dago mutu/ ezkutatzen da hormen atzean isiltasun ta ezkutu/ nahi duenean askatzen baitu, nahi duenen estutu». «Baina estutze ta askatze soilez ez gara aise aseko/ zenbat borroka egin ditugun honaino ailegatzeko/periferian elkartzen gara ez garenak ardatzeko/ beste leku bat eraiki dugu mundura begiratzeko». «Begirada bat geure geurea jarriaz mundu erdira/ eta euskarak eduki dezan mundu horretan kabida/ orain bertsoa ia ondare immaterial da, tira/ baina hortarako baliabide materialak behar dira». Txalo.