Surflari ernegatua

Etenaldi bat martxoa arte

Neguko itsaskiekin surf egiteko aukerak bikoizten dira eta bidaiatzeko une egokia ere bada. Ipar hemisferioan itsaskien sasoia da, eta Hego hemisferioan zikloien garaia da leku batzuetan; beraz, olatu ederrak izaten dira. Aitzitik, txapelketei eta zirkuituei dagokienez, etenaldi bat izaten da eta surflari profesionalek etxean edo munduko edozein zokotan lasai surf egiteko baliatzen dituzte datozen hilabeteak.

Txapelketarik ezean, ia ez da berririk, eta horregatik etenaldi bat egingo dugu astelehenero itsasoari eskaintzen diogun atal honetan. Egia da beti badela zerbait kontatzeko, baina geroz eta zailagoa da erreportaje interesgarriak aurkitzea. Bideo laburrak nagusitu dira, mamirik gabeko kontsigna epelekin, eta pixkanaka surf munduko argazki orokorra geroz eta lausoagoa da. Horrela ikusten dut nik, behintzat.

Esaterako, lehen surf komunitatean apur bat bereizten zirenak olatu handietako surflariak ziren. Bazuten beste ikuspegi bat, ez ziren «surflari bat gehiago» masifikatutako urautsietan, surfaren ikuspegi orokorragoa zuten eta inguruarekiko jakintza miresgarria zuten.

Gaur egun, edonork daki hurrengo egunetan nolako olatuak izango diren, haizeak zein norabide izango duen, nolako indarra izango duen, eta tamainak gora edo behera egingo duen, baina duela gutxi arte egunkarietan argitaratzen zen isobara mapa batekin moldatu behar izaten genuen, eta oso ongi genekien zalantzak argitzeko norengana jo behar genuen. Gaur oso zaila da erreferente izateko ezaugarriak dituzten pertsonak nortzuk izan daitezkeen identifikatzea.

Horrekin batera, surfa gizartean txertatuta dagoen arren, oraindik aparteko zerbait izaten jarraitzen duela dirudi, herritik eta bertako ohituretatik urrun dagoen produktu estatubatuar bat izango balitz bezala. Horregatik oporrak hasi aitzin gero arte esateko bertso bat osatu dut, egunotan Euskal Herrian hitzetik hortzera dabiltzan bertso saioek kutsatuta (bai, nahita hautatu dut hitz hau, ez da erdarakada bat). Horra hamarreko handian saiakeraren emaitza: «Txapelketen sasoia amaitu da, orain oporren denbora/ atal hau ez da gehiago izango, abendutikan martxora/ udaberrian itzuliko naiz, ez zaiteztela aztora/ bitartean behar banauzue, zatozte bila itsasora/ ziur han aurkituko nauzue, olatu artean gustora».