Amaia U. LASAGABASTER
BIGARREN MAILA

Ortuñok jipoia eman zion Eibarri eta poza Cartagenari luzapenean

Rios Reina bigarren zatian zelairatu zen.
Rios Reina bigarren zatian zelairatu zen. (SD EIBAR)

Porrot mingotsa jaso zuen Eibarrek Cartagonovan (2-1), ordubetez egon baitzen aurretik markagailuan eta etxekoen gol erabakigarria 96. minutuan heldu zelako. Baina emaitzak nahiko ondo islatzen du gertatutakoa, armaginak hobeak izan baitziren lehen zatian baina atsedenaldiaren ondoren ez zuten jakin nola aurre egin Cartagenaren erreakzioari. Seigarren postura jaitsi dira ondorioz, eta igoera zuzeneko postuetatik lau puntura daude orain.

Etxetik kanpo gustura erabiltzen ari den marrazkia aukeratu zuen Gaizka Garitanok, Sergio Nolaskoainen eta Matheusen atzetik kokatuz. Ezustekoa izenekin etorri zen, Rahmanik aulkira bidali baitzuen Stoichkov. Asmatu zuen bere entrenatzaileak, sestaotarrak lehen aukera garbia sortu baitzuen Eibarren partida hasiera onean, eta bost minutu beranduago, 10.ean, gola sartu baitzuen. Leschukek Aaron atezainaren akatsa behartu eta aprobetxatu zuen, baloia area txikian lapurtzeko eta Rahmaniri 0-1koa emateko.

Ondo jarraitu zuen Eibarrek, Cartagenak aurrera egitea saihestuz. Zoritxarrez, anbizioa eta jokoa falta izan zitzaizkion partida bigarren golarekin ixteko.

Bigarren zatian damutu egin zen. Carrionek bere plana aldatu zuen Borja Valle zelairatuz, Cartagena partidaren jabe egin zen nagusitasun gero eta handiagoarekin eta Eibarrek ez zuen konponbiderik aurkitzeko gaitasunik izan.

Zidanek egindako penalti batez baliatuta, Sadikuk markagailua berdindu zuen 68.ean. Golak partidaren joera areagotu zuen: Cartagenak hoberantz egin zuen eta Eibarrek atzerantz. Hala ere, armaginak puntu batekin bueltatuko zirela zirudien. Baina luzapena amaitzear zegoenean, Ortuñoren burukada ederrak etxeko taldeari eman zion poza eta kanpokoari jipoia.