GARA
PEKIN

Zero covid politikaren kontrako protestak hedatuz doaz Txinan

Urumqi hirian, konfinatuta zegoen eraikin batean izandako sutean, 10 lagun hiltzeak haserrea piztu du, eta ez Xinjiango hiriburuan soilik. Pekinen, Shanghain eta Nanjingen jendea Gobernuaren kontra kalera atera da, zero covid politika salatzeko.

Shanghai megalopolian protestak.
Shanghai megalopolian protestak. (Hector RETAMAL | AFP)

Sare sozialetan ikus daitezkeen bideoei eta testigantzei kasu eginez, Urumqi hirian gertatu zen ezbeharraren biktimak oroitzeko bijiliak gerora Gobernuaren eta bere covid politikaren aurkako protesta bilakatu ziren, haserrea gero eta handiagoa baita.

Joan den ostegunean sute bat hasi zen Xinjiangeko hiriburuan, Urumqin, konfinatuta zegoen eraikin batean. Larunbatera arte ez zen jakitera eman 10 pertsona kiskalita hil zirela. Lekukoek azaldu zutenez, suhiltzaileak hiru ordu beranduago azaldu ziren eta irudietan ikus zitekeen ura jaurtitzen zuen kamioia ez zela sutea itzaltzeko behar beste gerturatzen. 100 egun zeramatzaten konfinatuta eraikinean bizi zirenek.

Uigur gutxiengo musulmanaren jaioterrian, Ekialdeko Turkestanen (Xinjiang txinatarrentzat), hasi ziren protestak. Gobernuak eraikina konfinatuta zegoela ukatu du, baina Urumqi hirian konfinamenduen amaiera iragarri du, salaketak egiaztatuz.

Protestak, ordea, ez daude soilik etnia txinatarrak kolonizatuta eta Pekinen errepresiopean bizi diren uigurren eremuetan.

Jendeak lorez eta paper zuriz (protesten sinboloa) estali zituen Shanghaiko erdialdea poliziak sakabanatu aurretik. Ekialdeko megalopoliak konfinamendu latza pairatu du aurten.

Pekingo Tiantongyuan bizitegi-gunean jendea hesiak apurtzen hasi da. Txinako hiriburuak iaz pairatu zituen konfinamendu latzenak.

Pekingo Tsinghua unibertsitatean ikasleak kalera atera dira protestan, baita Nanjingen eta Xi´an hirian ere.

Leloak zero covid politikaren aurkakoak ziren: «Ez dugu PCR probak egitea nahi!» edota «Pikutara QR kodeak!». Baina gero eta gehiago entzuten dira gobernuaren eta erregimenaren aurkako oihuak eta kantuak. «Xi Jinping alde egin!», «Askatasuna nahi dugu!», «Alderdi Komunista kanpora!». Internazionala eta Txinako ereserkiaren estrofa, «Morroi izan nahi ez duzuenok, altxa zaitezte!» kantuak, ere entzun zitezkeen..

Wuhanen, pandemia bihurtuko zen izurritea sortu zen hirian, eta Guangzhoun (Kanton) ere protestak hasi ziren.

Aurreko astean Zhengzhou hirian (erdialdea) kalera atera ziren konfinamenduaren aurka iPhonearen munduko fabrika handieneko langileak.