Jon ORMAZABAL
PILOTA

Elordi: «Halako aukerekin hartzen diozu zentzua eguneroko lanari»

Azken bi urteetan bereziki Lau eta Erdikoan lortutako emaitza onen saria jasoko du mallabitarrak bihar eta lehen mailako Binakakoan bere lehen partida jokatuko du titular gisa. Kaiolan izan duen joko oldarkorra errepikatzen saiatuko da bizkaitarra.

Aitor Elordik ezin izango du kaiolako arantza Binakakoan Altunaren aurka atera, amezkatarrak ezingo baitu bihar Eibarren jokatu.
Aitor Elordik ezin izango du kaiolako arantza Binakakoan Altunaren aurka atera, amezkatarrak ezingo baitu bihar Eibarren jokatu. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Biharkoak, San Andres, egun handia izan behar du Aitor Elordirentzat. Urteetako lan onak eta azken bi denboraldietan Lau eta Erdikoan lortutako emaitza onek fruitua eman dute eta, etxean bertan, Eibarren, lehen partida jokatuko du lehen mailako Binakakoan titular gisa. Horrekin, batez ere, orain arte izan ez duen jarraitutasuna izango du, okerrik ezean, gutxienez 14 astez onenekin lehiatzeko parada izango baitu.

«Oso pozik nago eta enpresari eskertua, hona heltzeko atzean lan asko baitago, urte askoko lana. Gure enpresan konpetentzia oso handia dago eta ulertzen dut enpresarentzat zaila dela erabakia hartzea, pilotariren bat kanpoan utzi behar dutelako, baina Lau eta Erdiko on bat egin dut eta nik uste merezi dudala aukera hau», azaldu zigun.

Estelarretan ia aukerarik gabe, egunerokoan erakutsi behar izan du mallabitarrak bere maila eta duela urte pare bat kalean geratzeko beldurrez egon ostean, pilotaren aurpegi gozoa bizitzea egokitu zaio, hein handi batean kaiolan lortutako emaitzei esker.

«Azkenean denok egunero entrenatzen gara kantxan ahalik eta mailarik onena emateko eta denok nahi ditugu halako aukerak aprobetxatu, ahalik eta urrunen heltzeko, eta ni horretan nabil. Urtetik urtera pausotxo bat aurrera egiten dudala ikusten dut eta, egia esan, egunerokoan egindako lanari zentzua hartzen diozu halako aukerak heltzen direnean», aitortu zigun.

DENBORA ETA PAZIENTZIA

26 urterekin heldu zaio lehen aukera handi hau Binakakoan; berez oraintxe behar luke bere sasoirik onenera heltzen, gertatzen dena da gaur egungo pilota profesionalean zaila dela gazteei behar duten denbora eta pazientzia eskaintzea. «Nik uste Altuna eta Irribarria bezalakoek gaizki ohitu gaituztela. Nire kinta berekoak dira, baina maila gorenera oso azkar heltzeko gai izan ziren bi pilotari izan dira, baina ez dut uste euren kasua normala denik, bi izar espezial izan dira. Eta besteok, astero lana eginda, apurka-apurka hor goaz aurrera eta horrelako torneoetan parte hartzeko helburu horrekin. Aurten lortu dut eta ea aprobetxatzen dudan».

Amezketarra behar zuen parean lehen partida horretan, baina Lau eta Erdiko finalean eskuina txikituta amaitu zuen eta ez da garaiz osatu, eta Danel Elezkanok ordezkatuko du Xabi Tolosaren aurrelari gisa. Aramarrari egokitu zaio orain pilotaren alde mingotsa bizitzea eta jaialdiko lehen partidan aritu beharko du, aukera bat noiz iritsiko zain.

Ondoan Jose Javier Zabaleta izango du Aitor Elordik bizkarrak zaintzen, azken urteotan atzelarien artean gehien nabarmendu den pilotaria, eta horrek bi alde izan ditzake bizkaitarrarentzat, berme osoko laguna izango duelako baina irabazteko presioa ere beste edozeinekin baino handiagoa izan daitekeelako. «Bueno, ez dakit, azkenean disfrutatzera irtengo naiz, Lau eta Erdiko txapelketan irten naizen pentsaera berarekin eta egin behar ez dudana da Joserekin jokatzen dudalako kikildu. Ulertzen dut berari jokatzen utzi behar diodala, baina baita gero pauso bat aurrera eman behar denean inolako zalantzarik barik amaitzera joan behar dudala, oldarkor jokatu. Nik uste hor egiten dudala mina», azaldu zuen.

Bihar parean izango duen Danel Elezkanok badaki zer den etxarrendarrarekin aritzea eta iaz zenbait partidatan onartu zuen kosta egin zitzaiola bere lekua topatzea horren ondo ari zen lagun baten aldamenean. «Josek normalean berak dominatzen du tantoa eta bikotearen zama berak eramatea gustatzen zaio. Argi daukat zama berak eraman beharko duela, baina Lau eta Erdikoan bezala, ausart eta oldarkor aritu beharko dut, izaera galdu gabe».