Garazi CASTAÑO
Bertsolaria

«Gauzak lehenengo aldiz egitearen plazeretik joko dut»

671 puntu eta erdi eskuratuta, Baionako saioa irabazi zuen larunbatean Nerea Ibarzabalek (Markina-Xemein, 1994). «Has dadila lehia» kantatuz abiatu zituen bertsoak. Esan eta egin. Finalean hanka bat sartua du.

(Bob EDME)
Lehenik eta behin, zorionak. Zer moduz saioaren biharamuna?

Oso-oso nekatua nago. Ez dakit sinistu dudan oraindik zer gertatu zen Baionan. Oraindik gorputzetik pasatu gabe dut. Pozik eta nekatuta nago, labur esateko.

Hasierako agurrean argi azaldu zenituen zure asmoak, lehiarako gogoz zinen. Arantza bat kendu izanaren sentipena duzu?

Bai. Eta ez nuen espero hain argi amaituko zenik puntuazioa. Ni joan nintzen kalera joango nintzen ustearekin edo, bestela, puntu gehixeago batu eta Bilboren zain egon beharko nintzenarekin. Ez nuen uste finalean jada hain sartuta amaituko nuenik. Horregatik prestatu nuen agur txoro samarra. Txoroa ez dakit; amorru pilo bat baina aldi berean graziaren arteko nahasketa bat izan zen. Irungoaren ondoren ez nekielako oso ondo nola kokatu. Eta erabaki nuen horrela joatea. Nahiz eta ez sinetsi gladiatoreen lehian, nahiz eta beste modu bateko bertsolaritzan sinistu, pentsatu nuen: «Behintzat hasieran sartuko dut super-super fuerte natorrela, eta gero ezin bada, ezin da».

Irungo saioaren ostean, zein aldartearekin iritsi zinen larunbatera?

Irungoa izan zen, indibidualki zein kolektiboki, kolpe bat. Dijeritu beharrekoa. Eta ez genuen denbora asko izan, eta ez dugu. Hortaz, nola egin leku disgustu bati, baina gero aldi berean indarrak hartu hurrengorako? Uste dut ez dudala batere ondo kudeatu Baionarako nola nengoen. Uste nuen astea askoz hobeto pasatuko nuela, eta oraindik jarraitzen nuen arraro. Nebulosa batean nengoen eta pentsatzen nuen «Baionan egingo dut egundoko kaka». Eta bestetik pentsatzen nuen: «Agian den-dena emanda joaten banaiz, akaso ondo egin dezaket, eta txapelketa ondo amaitu behintzat».

Ez nekien Baionan oholtzara igo arte nola egongo nintzen. Eta gero pozik nengoen saioa amaitutakoan, gai izan nintzelako joan eta lan egiteko. Uste nuen agian ez nuela lortuko.

1.344 puntu eta erdi batuta, finalean kantatzeko aukera errealak dituzu. Abenduaren 3an argituko da. Zein espektatibarekin zaude?

Uste dut oraindik ez dudala sinetsi. Jakin-minez, ilusionatuta nago. Aldi berean uste dut eguna heldu ahala sentituko dudala ardura brutal bat. Imajinatu, Irungoa fasean zeuden puntukakoa eta seiko motza, eta niretzat ariketa exijenteak dira. Eta haiei agur esan nien nolabait. «Benga, listo; bueno, agur!». Baina aurrerantzean, finalean orain arteko ariketa guztiak daude, munduko ariketa guztiak batera! Eta ez dut entrenatzeko asti pila bat. Konfiantza dut orain arte egindako lanak ere egun horretan balioko duela. Eta batez ere eguna gozatuko dudala, kontzentrazioari eutsiko diodala. Argi eta garbi, badaudela egun horretan bestelako ardura eta bestelako espektatibak dituzten bertsolariak eta beteranoak. Beraz gauzak lehenengo aldiz egitearen plazeretik joko dut.

Txapelketa honetan asko aipatu da, batetik, emakume bertsolariek egindako lan kolektiboaren uzta. Eta bestetik, belaunaldi berri baten lur-hartzea txapelketan. Zu bien parte zara.

Uste dut zortea dugula aurretik emakume bertsolariek izugarrizko bidea egin dutelako. Beharbada konfrontazioz edo askoz zailagoak ziren egoerei aurre eginez, gu gauden tokian egon ahal izateko eta jendea dagoen lekuan egon ahal izateko.

Irungoaren ondoren ez nekien haserrea nola kokatu. Alde batetik, haserrea norberaren buruarekin edo nahiekin. Baina gero, justu bost emakume ginen espektatiba handiko saio batean, eta eroaldi hori egon zenean puntuetan, haserrealdi hori kolektiboki kokatzen nuen. Ezin nuen sinistu. Plazan dagoeneko beste irudi bat ematen ari garenean asteburuero (...) bat-batean finalean plaza hori atzerago egotea.

Txapelketa da, eta gauza asko daude tartean. Baina banuen beldur hori. 2017an galdera zen ea bigarren emakumea finalean sartuko zen edo ez. Eta uste dut aurten ez zela hori planteatu ere egiten. Edo behintzat bigarren emakumearena ere jada gutxi da, ikusita zer maila dagoen.

Uste dut aldaketa etorri dela plazatik plazarako gure arteko saretze, ahalduntze bertso eskola, señora sariketa edo feminismoaren inguruan egin ditugun milaka jardueretatik. Azkenean saretze baten ondorioa izaten da txapelketa ere. Eta ez alderantziz. Uste dut hortik jarraituko dugula, txapelketan hurrengo urteetan gauza askoz gehiago gertatu daitezen. Baina plazan asteburuero gertatzen ari dira gauza interesgarriak.