EDITORIALA

Langileen aurkako errepresio arduragabea

Atzo, Bizkaiko metalgintzako langileek iragarritako hirugarren grebako hirugarren egunean, grebetan normala denez, langileak izan ziren protagonista, baina ez eurak bakarrik. Batere normala ez bada ere, ohikoa denez, poliziak ere bereganatu baitzuen protagonismoa. Langileen aurkako errepresioak, alegia. Goizean goiz, Arteako (Arratia) Bildosola industrialdean, greba egunetan hainbat enpresaren aurrean egin ohi duten bezala pikete bat egiten ari zirela, Ertzaintza zenbait langile identifikatzera joan eta oldartu egin zitzaien. Erasoaren ondorioz, lau langile ospitalera eraman zituzten.

Orain dela lau egun, lerro hauetan patronalaren jarrera arduragabea izan zen hizpide. Izan ere, enpresa askok inoizko mozkinik handienak izanda ere, langileen soldatak igotzeari uko egiten diote; enpresaburuek, oro har, mozkinari eutsi nahi diote ezinbestean, langileen bizkar bada ere, edo batez ere. Lehengaiak, garraioa eta abar garestitu izana aitzakia, langileen soldata duina ez da beste kostuen pareko ere, nahiz eta inflazioak langileei ere eragiten dien. Hala ere, soldata duina erreibindikatzeagatik «diru-gosea» egotzi zien patronalak joan den astean. Atzo, berriro ere, errepresioa agertu zen lan gatazka batean patronalaren jarreraren lagungarri. Eta erantzulea, egoera tenkatzeko jarreraz gainera, beste norbaitena ere bada. Ertzaintzak erasoa jotzen badu, horretarako agindua edo gutxienez baimena izaten du, haren arduradun politikoek jarrera jakin bat dutelako gatazkaren aurrean.

Patronala arduragabea da, arazoari heldu eta irtenbide bat adostu baino lehen langileek amore eman dezaten egoera tenkatzeagatik. Amore eman dezaten edo euren jarrera bigundu dezaten, eta horretarako poliziaren laguntza dute; poliziaren arduradun politikoen laguntza, eta ez da susmo hutsa, Lakuako arduradunek patronalaren aldeko jarrera erakutsi izan baitute, esate baterako, orain aspaldi ez dela Gasteizko Mercedeseko gatazkan argi eta garbi enpresaren aldeko mezuak zabalduz. Jokaera hori patronalarena bezain arduragabea da. Lekutan dago behar izanez gero instituzio horiek egin beharko luketen arbitro lana.