Iraitz MATEO
BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA 2022

Bilbon Amets Arzallus nagusi eta finala itxita

Amets Arzallusek puntu bakarra atera zion Aitor Mendiluzeri, eta biek lortu zuten finalera pasatzeko txartela, Bilbon bertan kantatu zuen Joanes Illarregirekin batera. Beraz, Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal eta Beñat Gaztelumendirekin arituko dira kantuan. 3.600 bertsozale bildu zituen Bilboko Bizkaia pilotalekuak.

Bilboko Bizkaia pilotalekua bertsozalez lepo, Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken finalaurrekoan.
Bilboko Bizkaia pilotalekua bertsozalez lepo, Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken finalaurrekoan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Azken finalaurrekoa jokatu zen atzo Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Kanpoko eguraldi txarraren aldean, barru giroa zegoen, eta are gehiago berotu zuten bertsozaleek pilotalekua. Amets Arzallusek irabazi zuen saioa, 662 punturekin. Atzoko saioaren ondoren, erabakita geratu zen abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan kantuan arituko den zortzikotea: Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze eta Joanes Illarregi.

Indartsu hasi ziren Mendiluze eta Amets Arzallus handian, alderdi bereko politikariak ziren; Mendiluze urte luzez alkate izandakoa zen, baina azken udal hauteskundeetan Arzallus izan zen zerrendaburu, eta hauteskundeak irabazi ostean, bera izango zen hurrengo alkatea. Eta Mendiluzeri deitu zion eskualdatzea adostu eta abiatzeko. Jostari bezain zorrotz sumatu genuen Arzallus, honela bota zuen: «Dinastia guztiek dute akabera/ mahai azpitik dirua, gainetik papera/ hala afiliatu ginen gu PNVra/ alkatetza hartzeko hauxe dut galdera/ oraindik kutxan zerbait gelditzen ote da?». Mendiluzek zuzen erantzun zion: «…zuk nahi zenuke kutxan asko izatea/ nik horren kontu bizi ta bapo jatea/ norberak hustutzen du norberak betea». Aholku bat ere eman zion andoaindarrak: «arazoen aurrean/ beti alderdia». Arzallusek amaitu zuen ofizioa, dirua eraikuntzan inbertituko zuela esanez, eta «azken papurrak», euskararentzako.

Arzallus-antiatar anai-arrebek zortziko nagusian jositako ofizioan ere euskara izan zuten aipagai; izan ere, Irulegiko eskua aurkitu zuten arkeologoak ziren. Ametsek ekin zion: «...Irulegiko esku honekin pozetan dauzkat bi ertzak/ guretzat a zer bostekoa ta masailekoa bestentzat». Maddalenek, berriz, aldarrikapena gehitu zion: «Egia da egin dugula sekulako aurkikuntza/ baina euskara ezin da izan arkeologia hutsa/ zuk esan duzun politikoek beharko diote bultza/ beste bi mila urtetan ere biziko bada hizkuntza».

Alkaiza haginak zorroztuta ibili zen ofiziotan; Mendiluzerekin osatu zuen zortziko nagusia izan zen horietako bat, irudiak eta hitz jokoak eginez. Gai jartzaileak metalgintzako langileen larruan jarri zituen, goizeko bostetan atera ziren etxetik greba piketeetan parte hartzeko. Alkaizak abiatu zuen elkarrizketa: «...Gu metalaren sinbolo gara erraza dugu laburtzen/ gori ipintzen gaituzte baina ez gara erraz makurtzen». Mendiluzek epikak alde batera utzi, eta arazorik ezean bertan ez zirela egongo gogorarazi zion: «...ni zure ondoan nago Saioa, baina ez zu bezain pozik/ hau ez delako aukera on bat aukera bakarra baizik». Eskubideen alde «bideak ixteko» proposatu zion iruindarrak, eta Mendiluzek «hitz potoloak» utzi eta borroka errealitatera lotzeko eskatu.

Zortziko txikian, Mendiluze eta Maddalen Arzallus fin aritu ziren. Bizkaia frontoira pilota partida ikustera joandako bikotearen paperean jarri zituen gaiak. Partida hasi aurretik kantxara joan zen Arzallus, eta pilotaleku guztiaren aurrean berarekin ezkontzeko eskatu zion Mendiluzeri. Azken honek ekin zion: «…Ta kantxara ez zoaz ba hori eskatzera/ bostean zeunden baina pasa egin zera». Arzallusek denen aurrean gaizki ez uzteko eskatu zion, eta eztabaidari amaiera eman bere azken bertsoan: «… Hortxe zai baitazkagu Joseba eta Jokin/ eta konfiantzarik ez badut zurekin/ Aitor, ezkonduko naiz Ezkurdiarekin».

bizitza aldaketa

«Kanporatu egin zintuzten, bizitza erabat aldatu zaizu» izan zen ganbarako gaia bertsolari bakoitzak hiruna bertso kantatzeko. Oso bide ezberdinak hartu zituzten bertsolariek.

Uriak irudikatutako pertsonaia izan zen, agian, entzulea gehien mugiarazi zuena; kontakizuna egiteko izan ohi duen abileziarekin josi zituen hiru bertsoak. Unibertsitateko irakasle baten paperetik jardun zuen; ikasleei erasotzeagatik kanporatua izan zen. Gaiak aipatzen zuen kanporaketa azaldu zuen lehen bertsoan: «Tesi bat aurkeztu nuen hori lehenbiziko froga/ katedratiko ospetsu bihurtu nintzen gerora/ hainbeste ikasle gazte zetozkidan bulegora/ Whatsappetik txateatzen ari nintzen gustora/ baina gero iritsi zen feminismoaren moda/ eta nire kalterako aurrera joan zen denbora/ salaketak heldu ziren ahotsak behera ta gora/ ta bota egin ninduten fakultatetik kanpora». Eta hirugarrengoan imajinatzen zuen eta izango ez duen bizitzaren inguruan kantatu zuen: «Garai batean ospetsu eta katedratikoa/ noizbait izan nahi zuena irakasle meritoa/ ustez hilko nintzen noizbait izanik denen jainkoa/ baina harrapatu ninduten eta gauza logikoa/ badut jubilazio bat hori omen da ohikoa bidali ninduten eta eginda numeritoa/ baina orain naiz gixajo triste ta patetikoa/ hau izango da entzuten den justizi poetikoa».

Illarregik bakarkakoarekin jo zuen goia, futbolariaren paperean jarrita. «Nere burua saltzea baitzen Qatarrera joatea» esan, eta azaldu zuen horregatik amaitu zela bere ibilbide profesionala. Bigarren bertsoan mundialaren bueltan dauden problematikak jarri zituen mahai gainean, eta hirugarrenean bizitza hobe bati kantatu zion: «Ta erantzuna gogorra izan da, selekzioa ez dago alai/ esan didate kanporatua naizela ta ala por ahí/ Luis Enrique´re hurbildu zait ta hala deitu nau: puto guay/ baina ez nuen beste aukerarik gurpilak aurrera darrai/ kanporatua izate hori noski nik enuela nahi/ galduko ditut fama guztia eta milioiak ere bai/ gaur igual ez naiz inor izango baina kontzientzia lasai».

nafarroa arena zain

Datorren astean deskantsurako tartea hartu, eta bi aste barru jokatuko da finala, Iruñean lehen aldiz. Bertso gosez dabil bertsozalea, sarrerak aspaldi amaitu baitziren. Haize freskoa ere sartuko da finalera: lehenengo aldiz hiru emakume izango dira oholtza gainean, eta baita hiru finalista berri ere.

> Finalistak

1. Maialen Lujanbio.

Hernani, 1976.

2. Alaia Martin.

Oiartzun, 1987.

3. Sustrai Colina.

Urruña, 1982.

4. Nerea Ibarzabal.

Markina-Xemein, 1994.

5. Beñat Gaztelumendi.

Añorga, 1987.

6. Aitor Mendiluze.

Andoain, 1975.

7. Amets Arzallus.

Hendaia, 1983.

8. Joanes Illarregi.

Leitza, 1999.