GARA
TXIRRINDULARITZA

Azparren anaiak, laranja kolorez

Enekoitz eta Xabier Mikel Azparren.
Enekoitz eta Xabier Mikel Azparren. (EUSKADI FUNDAZIOA)

Euskaltel-Euskadik atzo baieztatu zuen Enekoitz Azparren Laboral Kutxatik lehen taldera igoko dela datozen bi urteetarako eta, honela, anaiarekin partekatuko du maillota, Xabier Mikelek hurrengo urtean laranjaz jarraituko baitu.

Bere gaztetasunagatik eta bere kalitateagatik Enekoitz Azparren 23 urtez azpiko tropelaren «erreferentzietako bat» izan da aurten, eta, besteak beste, Italiako Giroan, Mediterraneoko Jokoetan, Etorkizuneko Tourrean eta Munduko Txapelketan lehiatu da.

Garaipenak Ereñon eta Natxituko Euskadiko Txapelketan iritsi ziren; Bidasoa eta Nafarroako etapetan garaipena gertu izan zuen (hirugarren sailkapen nagusian Nafarroan); laugarrena izan zen ordekako Espainiako Txapelketan, seigarrena erlojupekoan; 24. amaitu zuen Etorkizuneko Tourra eta taldekideentzat lan ona egin zuen Munduko Txapelketan.

«Txikitatik horretan pentsatzen ari naiz. Maila profesionalera pasatzea gauza oso polita da, eta Xabier Mikel anaiarekin maillot laranja partekatzeak ilusio berezia egiten dit», adierazi zuen.

Bestalde, Jorge Azanza Euskaltel-Euskadi taldeko zuzendariak nabarmendu zuen Enekoitz Azparren «euskal harrobiko txirrindulari erreferentea» dela eta «emaitza oso onak» lortu dituela gaztetatik. «Txirrindulari eskuzabala da, igotzaile ona, ondo moldatzen da erlojupekoan, eta azkarra da. Ezaugarri oso bereziak ditu txirrindularia izateko», ziurtatu du.

XABIER MIKELEN HIRUGARRENA

Bestalde, Xabier Mikel Azparrenek hirugarren denboraldia egingo du lehen taldean. 2022an etapa bat irabazi eta bigarrena izan da Volta ao Alentejoko sailkapen nagusian, brontzea lortu du erlojupeko Espainiako Txapelketan, 12. postua Volta ao Algarveko erlojupekoan, eta ihes eginda ibili da Espainiako Vueltan, Burgosen, Eslovenian, Almerian eta Valentzian.

Horrenbestez, Euskaltel-Euskadik 2023ko taldea itxi du, Enekoitz Azparren, Xabier Berasategi eta Andoni Lopez de Abetxuko aurpegi berriekin, eta Antonio Angulo, Mikel Aristi eta Julen Irizar txirrindularien agurrekin.