GARA
PILOTA

Jaka-Arangurenek lehen puntua lortu dute, Altuna- Tolosaren ezintasunari esker

Atzo, Urretxun, gorriz jantzitako bikotea oso txukun aritu zen; Aspekoak, berriz, bereziki Jokin Altuna, haserre eta ezinean aritu ziren.

Erik Jaka, Urretxuko pilotalekuan, boleaz ematen, aurrean Jokin Altuna duela.
Erik Jaka, Urretxuko pilotalekuan, boleaz ematen, aurrean Jokin Altuna duela. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Laugarren jardunaldian iritsi zen, azkenean, Jaka eta Arangurenen aurreneko garaipena aurtengo Binakako Txapelketan. Aukeratutako tokia Urretxuko Ederrena pilotalekua izan zen, Santa Lutzi egunean eta, nahiz eta ohiko giro bikainik ez egon, pilotazaleek pilotalekua ia bete egin zuten atzo. Hori bai, partida nahiko eskasa ikusi behar izan zuten. Egia da irabazleek gauzak ondo egin zituztela -Jaka oso txukun aritu zen aurreko koadroetan eta Arangurenek atzean Tolosa dominatu zuen-, baina aipatu behar da Jokin Altunak ez zuela bere egunik onena izan eta, nahiz eta momentu askotan erritmoa eramaten saiatu zen, ezinean eta haserre sumatu zitzaion zenbaitetan.

Amezketako aurrelaria aurreko jardunaldian garaipenarekin bueltatu zen lehiara, eskuetako arazoak gaindituta, baina atzo ez zuen bere jokoa aurkitu eta bere ezintasuna oso argi ikusi zen 16-10eko tantoan. Aspeko pilotariak, haserre, eskumuturrekoa lurrera bota zuen.

Inflexio puntu bat izan zitekeen, eta hurrengo tantoa beraientzat izan zen, baina gorriek beste hiru tanto jarraian egin eta markagailuan 19-11koa jarri zuten. Ondoren 3-1eko beste partzial bat sinatu zuten aurtengo Binakakoan lehen garaipena eskuratzeko.

Atzoko partidaz aipatu beharrekoa da ere lehendabiziko aldiz Aspe eta Baikoren arteko lehia ikusi ahal izan zela aurtengo txapelketan, eta lehen “puntu sinboliko” hori Baikorentzat izan zen.

SALAVERRIK KONTRATUA BERRITU DU

Baiko eta Ruben Salaverri akordio batera iritsi dira eta beste bi urtez luzatu dute kontratua. Atzelari errioxarrak 2016ko irailean egin zuen debuta Logroñoko Adarraga pilotalekuan, eta profesionaletan daramatzan sei denboraldietan hiru aldiz lortu du Promozio Mailako Binakako Txapelketako finalera iristea; 2021ean txapela irabazi zuen.

ADOS PILOTAREN BINAKAKOA

Aurtengo txapelketa aurkeztu zuten atzo Zumarragan eta, iaz bezala, promozioko 4 bikotek eta lehen mailako beste 8k hartuko dute parte, orotara 24 pilotarik parte hartuz. Finala martxoaren 5ean izango da Beloki pilotalekuan.