Iraitz MATEO

BEHETIK GORA EGIN ZUEN SAIOAK, KONPLIZITATEA LAGUN

Pixkanaka berotzen eta gorantz joan zen atzo goizeko saioa Iruñean. Bertsozalea bertso onen zain zegoen, eta, kosta bazen ere, amaiera aldean lortu zen plaza lehertzea. Ofizioetan ale politak joan ziren, elkarrizketak sortuz eta erreferentzia zehatzez bertsoak josiz. Seiko motzean eta ganbarako lanean izan ziren alerik eder eta biribilenak.

Nafarroa Arenako oholtzan, atzoko zortzi protagonistak.
Nafarroa Arenako oholtzan, atzoko zortzi protagonistak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Bertsolariak oholtzan kontzentratuta, eta bertsozalea bertso onaren gosez sumatu zen atzo goizeko saioan. Seiko motzeko ariketara iritsi arte, kosta zitzaion plazari lehertzea, nahiz eta tartean-tartean txinpartak sumatu. Ganbarako lanean ikusi zen, orain artean horrenbeste aipatu izan den bertsolari bakoitzaren bertsokera, eta kolore ezberdintasuna gaietan, tonuan, doinuetan...

Seiko motzean Martinen eta Gaztelumendiren ofizioa nabarmentzekoa izan zen, arrazoiak, emozioak eta hitz jokoak elkar lotzen asmatu baitzuten. 25 urtez egon zen Gaztelumendi kartzelan, Martinen bizitza osoa; espetxeratu zutenean jaioa ez bazen ere, gutunen bidezko harremana zuten. Gaztelumendi aske geratu eta biek topo egin zuten kalean. Igarotako denborari erreferentzia egin zion Gaztelumendik: «…Ai, kartzela, zulo kutre/ horiek horixe dute/ baina ze gutxi ta zenbat den hogeita bost urte». Martinek azken eskutitza pozik idatzi ziola aitortu eta bigarren bertsoarekin borobildu zuen ofizioa: «...ez zen izango garai erraza, ez behintzat polita/ aldatu da politika/ lehor gabiltza, apika/ baina oraindik ez da agortu herri honen tinta».

KONPLIZITATEA LAGUN Ganbarako gaiak honela zioen: «Irribarre konplizea egin diozue elkarri». Eta bertsolarien zein bertsozaleen artean ere orduan sumatu zen konplizitate eta konexio gehien. Mendiluzek bertso eskolako neska gazte baten irribarrearekin topo egin zuen, bertsoa botatzerakoan. Ibartzabalek, ohi duen moduan, kontakizun osoa ikusarazi zigun, banandutako amak alaba autoan hartu eta aitarenenera berriro itzuliko ez diren konplizitatez egin zuten irri. Arzallusek Bidasoako zubia gurutzatzen ari zen etorkinaren eta hango herritarraren begiradatik kantatu zuen. Illarregi eta Martin sexu jolasean zebiltzan, biek zuten lehen aldia, baina istorio oso ezberdinak ondu zituzten biek ere. Gaztelumendik haurraren paperetik abestu zuen, beti «galtzen» zuen, eta beti «txikia» zen pertsonaia irudikatu zuen, eta keinu egiten zion lagunari, elkarturik handiei gain hartzeko asmoz.

Lujanbiok eta Colinak bakarkako gogoangarriak osatu zituzten. Bilboko metrotik tatuaje fatxez beteriko gizon gihartsua bota zuten bagoikoen paperetik kantatu zuen Lujanbiok. Bigarren bertsoaren bukaera biribila izan zen: «...ze jende eskuindar horrek maite baitu juzgatzea/ gu bezainbestekoak normala ez gustatzea/ nahi baitute egi bakar ta goren bat sustatzea/ burua hautsi baino nahio besterena puskatzea». Eta azken bertsoan kontatu zuen irribarre konplizea, berak bezala, ostadarraren poltsa zeraman bidaiari bati egin ziola.

Colinak, Bogotatik etorri eta Joxe agurea zaintzen dabilen pertsonaia osatu zuen. Zaintzen zuen kideari irribarre egin arren, beste irribarre batzuen falta sumatzen zuen: «...nahiz Joxerentzat beti nagon hor/ niretzat hemen, ez dago inor/ lasai egon esateko/ ta irribarre egiteko».

SAIOA, BEHETIK GORA

Zortziko txikiak ere berotu zuen plaza, Lujanbio eta Gaztelumendi batera bazkaltzen ari ziren lagunak ziren; Gaztelumendik argazkia ateratzen zion patera bakoitzari, eta errieta bota zion Lujanbiori, postrea jaten hasteagatik argazkia atera aurretik. Gaia entzun orduko, barrez zen entzulea. Argazkiez eta gustuko dutenez jardun ostean, Lujanbiok ekarri zuen ideia freskoa: «…ekarri dute nota: 200 euro, aizu/ atera fotoa ta pagatu ezazu». Hari horri tiraka errematatu zuen añorgarrak: «…Bi orritako notak dirudi planoa/ 200 euro faktura, hau ez da sanoa/ itxaron, mugikorra kargatzera noa». Ibarzabalek eta Illarregik osatuta adar jotzeak ere eragin zuen barre eta txalorik.

Martinena eta Lujanbiorena izan zen zortziko nagusiko lanetan osoena. Zehaztasunetan arreta jarriz, aldarrikapenez eta deskribapenez josiz. Itsasertzean denda bat duten bi langile ziren; klima aldaketaren ondorioak gero eta nabarmenagoak direnez, Martinek denda lekuz aldatzeko proposatu zion Lujanbiori; azken honek bertan geratu nahi zuen. Oihal denda bat zutela eta aldaketa bat behar zutela argudiatu zuen Martinek, eta zorrotz erantzun Lujanbiok: «...Alaia, aldatzen joan gaitezke mantendu gabe eskemik/ orain oihalak, gero, txankletak, flotagailuak azkenik». Amaiera bikaina eman zion: «...ekonomia zirkular hori hau baldin bada, ba kito/ haseran justu, ondoren pobre, ta azkenerako ito».