Iraitz MATEO
IRUÑEA

Bide estuagoei ere xehe eutsi zieten bertsolariek arratsaldean

Aurreko orrialdean, Lujanbio txapela jantzita, bertsokideak atzean dituela. Eskuinean, Alaia Martin, arratsaldean egindako bakarkako saioan.
Aurreko orrialdean, Lujanbio txapela jantzita, bertsokideak atzean dituela. Eskuinean, Alaia Martin, arratsaldean egindako bakarkako saioan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Hasierako agurretatik aipatu zuten bertsolariek koska bat gora egiteko gogoz zeudela arratsaldeko saioan. Eta hala izan zen. Zortziak hasi ziren kantuan, buruz burukora bi iritsi arren.

Bertsozaleak ere gehiago berotu zuen Nafarroa Arena, eta BECeko ohiturari jarraiki, bertsolariak olatu gainean jarri zituen kantuan.

Hamarreko txikian ale ederrak joan ziren. Colina gurasoa eta Arzallus 14 urteko semea ziren; ebaluazio honetan ateratako notak erakutsi zizkion eta, ordura arte inoiz ez bezala, nota txarrak ziren. Argi adierazi zuen Arzallusek zergatik jaso zituen emaitza horiek: «...Lehen maitasun harreman eta lehen hormonak/ ezagutzen ari naiz horren zorionak/ ze inporta du euskarak ta zientzien dogmak/ beste gauza batzutan dauzkat nota onak». Colinak arrazoi horri helduta erantzun zion: «...Seme maitematikak bazauzka alerta/ orain hasten da zure sexu heziketa/ hau da gainditu behar den ebaluaketa». Genero guztiekin aproba egin duela, eta ikasketa horretan jarraitu duela adierazi zuen: «Eskola gero ere hortxe egongo da». Nerabearen gorputzean ondo sartu da Arzallus ofizio osoan zehar, behar zenean ausart, lotsagabe eta erantzunak emanez.

Illarregi eta Gaztelumendik osatutako ofizioan ere, egoera erreal bezain autokritikoa. Leitzarra okindegira joan eta bertako langileari erdaraz mintzatu zitzaion; langileak, aldiz, euskaraz erantzun. Bidea ireki zuen erosleak: «Hona ez naiz etortzen sarri, egunero/ gaur lehenengo aldiz eta hortan bego/ zure azal beltzarana ikusi ezkero/ barra erdi bat erdaraz eskatu dut gero/ gaizki ez ulertu, baina ez nuen espero». Gaztelumendik dotore erantzun zion lehen bertsoan, lasai egoteko, ez zela aurrenengo aldia hori gertatzen zitzaiona, eta bigarren bertsoan jolasti aritu zen: «Gorrituak dauzkazu zure bi masaila/ bi hizkuntzatan hasteak badu abantaila/ buenos dias egun on lehenbiziko maila/ euro bat da un euro nolako abaila/ elkar ulertzea ez da horren gauza zaila».

Ibarzabal eta Martinek abiatu zuten puntukako ariketa; parrandan furgoneta batean janaria saltzen zebiltzan langileak ziren, inguruari begira. Umore duinarekin ibili ziren biak ala biak, atzekoak aipatuz eta bakoitza nola hurbiltzen zen azalduz, biek kontakizunak eta irudiak sortzeko duten gaitasunarekin, parrandan ikusi zituen bertsolari guztiak Nafarroa Arenan.

Mendiluze eta Lujanbiok ere puntukako saio jostaria osatu zuten; haurrak galdu zituzten begiraleen gorputzetik kantatu zuten. Mendiluzek umore tonuari eutsiz, eta kantukideak haurrei oihu egiteko eskatutakoan «ei» ozen bat bota zuen, entzuleak bereganatuz.

Bakarkakoak, markatuagoak

Eguneko bigarren bakarkakoen txanda iritsi zen ondoren. Bertsolari bakoitzak hiru bertsoz erantzun behar zion gai bati. Goizeko gaiekin alderatuta, gaiak itxiagoak ziren, eta xehetasunezko bertsoak entzun ahal izan ziren.

Ibarzabalek gordin heldu zion gaiari: urte luzez isilik geratu ondotik, txikitan familiako kide batek egindakoa kontatzea erabaki duzu. Osabaren altzoa amets gaizto bilakatu zitzaiola azaldu zuen lehen bertsoan, eta bigarrena horrela osatu zuen: «...Erdizka nahi dut aitortza eta beste erdia mendekua/ behingoz famili hontan bakoitzak hartzeko bere lekua/ eta nolabait hauts bihurtzeko nigan dudan zementua/ oroitzen baitut bere hitz hori bere ahots diskretua/ egon isilik hau izango da gure arteko sekretua». Azkenekoan errematea eman zuen: «zure izena ez da hain garbi joango lurraren pera».

Lujanbio egun osoa besteen etxea garbitzen aritu ondotik, bere etxera iritsi berri denaren paperetik kantatzea egokitu zitzaion. Lehen bertsoan azaldu zuen bere lana: «Lan bat finkorik ez daukat eta ordea hiru lan orde/ orduka egin eta indarrak hurrengorako ere gorde/ nere jabeen etxeak dira mila klase ta kolore/ dizdizka hantxe ipintzen ditut euren zilar eta kobre/ ezkertiarrak, aurrerakoiak ta zenbait bikote progre/ neri ordaintzat ematen dabiltz beltzean pare bat sobre/ ni nere lanaz harro banago baina harro bezain pobre». Entzulea altxatu egin zen bigarrenaren amaierarekin : «...lan jardunetik zortzi terditan gauen naiz ateratzen/ errekaduak egin ta gero neure etxea zeratzen/ eskubideak borrokatzeko astirik ez zait geratzen».

Bakarko gaian Martin Gazara joan zen Gobernuz Kanpoko Erakunde batekin, hango haurrekin lanera. Horren bereak diren hitz jokoez abiatu zuen, «munduko zaurietan minena da Gaza». Bigarrengoan, aldarrikapenari toki egin zion: «...hauspotuaz aipu irlandarra/ eurengan jarri nahi dut mimoa, indarra/ lurra ez dadin izan bakarrik bi marra/ ta mendeku izan dadin euren irriparra».