Amagoia MUJIKA

ortozik, baina bizi-bizi

Nerea Ibarzabalek kantatu zuen lehen agurrean, «ortozik doan hizkuntza honek beti hanketako hotza». Atzo Nafarroa Arenan hotzik ez, plaza elegantea eta pixkanaka berotzen joan zena, lapiko onenek behar duten tempoaz. Eta euskara, ortozik, baina bizi-bizi. Balio du gaurkotasunari kantatzeko, irriak xaxatzeko eta azalak oilo-larrutzeko.

Nafarroa Arenak plaza ederra paratu zion bertsolaritzari. Giroa goratzen joan zen egunean zehar eta bazkal ostean sumatu zen batez ere.
Nafarroa Arenak plaza ederra paratu zion bertsolaritzari. Giroa goratzen joan zen egunean zehar eta bazkal ostean sumatu zen batez ere. (Iñigo URIZ | FOKU)

Ateak ireki orduko aretoan korrika sartu zirenek berotu zituzten hankak lehenbizi. Klasiko bat. Onenak ote dira lehen lerroak? Bat-bateko sorkuntza lanaren zirrikituak ez ote dira gertuegi ikusten hortik?

Aulkia aukeratu, txamarra, poltsa, bufanda, ahal zen guztia aulkian utzi, eta kafea hartzera. Goizeko saioa hasi aurretik bukatu zen kafea tabernan. Eskaera handia nonbait, edo eskaintzeko eskas. Izan ere, Euskal Herriko hamaika bazterretatik oso goiz etorri zen bertsozalea Iruñera. Bertsozalea oso goiz ibiltzen den espezie klasea da. Iruñera goiz iristeko goiz esnatu behar eta gero, aukeran kafea.

Zortzi finalistak aretoan sartu ziren unean egin zuen gora txalometroak lehen aldiz. Ederra unea. Jende asko aulki gainean igota, goitik ikusi nahian bertsolariei egiten zaien txalo korridore hunkigarri hori. Gero, goizeko saioan altxatu zen olaturen bat, baina eztanda iristeko zegoen sentsazioaz erretiratu zen plaza bazkaltzera. Lehen olatuak bazkaldu ondoren altxatu ziren plazan, bertsolariak iritsi aurretik jolaserako zegoela erakutsi zuen jendeak. Bertsolariak ere jolaserako etortzea bakarrik falta zen.

Eta bai, horrela etorri ziren. Bazkaldu eta gero, oholtzara igotzerakoan eskailera bat gehiago igo izan balute bezala, goragotik hasi zen arratsaldekoa. Agurretatik sumatu zen bertsolariak sutara egur gehiago botatzeko gogoz zetozela.

Ordurako hasita zegoen Munduko Futbol Txapelketako finala. Argentina 2-0 irabazten ari zela zioten, hor zehar, telefono mugikorretako kronika paraleloek. Maialen Lujanbiok arratsaldeko agurrean kantatu zuenez, «Lionel, Qatarren/ mobilei disimuluz begiratu arren». Eta horrela egin zion keinu aste osoan zehar sareetan ikusi den argazki horri, Messi-Lujanbio.

Ezustekoren bat ere izan zen. Alaia Martinek bakarka gaiari kantatu behar ziola, pistako aurreko lerroetan bertsozale bat ondoezik sentitu zen eta osasun langileek artatu behar izan zuten. Ohatilan eraman zuten, isil-isil. Espero dezagun osatuko zela ondoez horretatik.

Baina esanguratsua izan zen publiko artean sortu zen xuxurla hori zein kontrolatua izan zen, jendeak nola ulertu zuen Alaia Martin kontzentrazio betean zegoela eta ez zutela bertsolaria asaldatu nahi. Eta adierazgarria, era berean, Martin ez zela konturatu, jarraian etorri zen bakarkako lanaren bikaintasuna horren seinale. Pentsa, zein barruan ari zen sorkuntza lanean. Bertsolaritzaren kodeak liluragarriak dira.

Eta bakarkakoarekin Maialen Lujanbiok plaza harrituta eta harri bihurtuta utzi zuen une berean sartu omen zuen Messik hirugarrena. Hori zioen plazak.

Eta horrelaxe, ortozik eta biluzik, soilik euskara jantzita, aparteko zortzi sortzaile eta 13.000 bertsozale parean, egunpasa ederrean Iruñeko Nafarroako Arenako hondarretan, eraisten zailak diren hareazko gazteluak altxatzen.