A. RODRIGUEZ - A. ZURUTUZA

«Denok ikusten ditugu kontrol arrazistak; salatu egin behar dira»

Irun eta Hendaia arteko pasabidean ezartzen dituzten kontrolak «selektiboak eta arrazistak» direla baieztatu du Lakuako Migrazio zuzendariak. Ahaleginak egiten ari omen dira horiek indargabetzeko. Eduardo Santos Nafarroako Migrazio kontseilariak, bestalde, defendatu du erronka benetako elkarbizitza eraikitzea dela eta horretarako etorkinak «ikustea» ezinbestekoa dela.

Xabier Legarreta, NAIZ Irratiarekin elkarrizketan.
Xabier Legarreta, NAIZ Irratiarekin elkarrizketan. (NAIZ IRRATIA)

Hego Euskal Herrian 355.000 etorkin inguru bizi dira gaur egun, joan den igandean izan zen Migranteen Nazioarteko Egunaren testuinguruan ohartarazi zutenez. Horietatik 255.000 lagun Araba, Bizkai eta Gipuzkoan daude. Eustaten arabera, populazioaren %11 da atzerritar jatorrikoa. Nazionalitate espainiarra dute 62.000k, gainerakoek ez dute paperik. Nafarroan 100.000 migrantetik gora bizi dira.

Xabier Legarreta Lakuako Migrazio eta Asilo zuzendaria elkarrizketatu zuen atzo NAIZ Irratiak. Azaldu zuenez, etorkin gehienak latinoamerikarrak dira. Araba da salbuespena, «Afrikatik etorritako populazio handia» baitu. Gehienbat «motibo ekonomikoek» ekarri dituzte pertsona hauek gurera, baina «politikoek» ere bai. Euren profila aldatu egin da: lehen banaka etortzen ziren, orain gehiago familian: «Profil nagusia Latinoamerikatik datorren emakumearena da, haur batekin edo familiarekin».

Eta zergatik hautatzen dute Euskal Herria bizitzeko? «Kontakturen bat dutelako etortzen dira gehienak, eta argi daukate hemen geratu nahi dutela». Baina ezin dira ahaztu Estatu frantsesera, Belgikara edo Europako beste herri batera iristea helburu dutenak ere, gehienak gizonak eta frantses hiztunak.

Polizia frantsesak Irun eta Hendaia artean ezartzen dizkien kontrolak «selektiboak eta arrazistak» direla kritikatu zuen Lakuako Migrazio zuzendariak. Ahaleginak egiten ari omen dira horiek indargabetzeko. «Kontrol horien ondorioz, askoz arriskutsuagoak diren beste bide batzuk hartzen dituzte migranteek, eta tarteka heriotzak ere ikusten ari gara».

Zenbait eragilek «berehalakoan edo beroan egindako itzulketak» salatu izan dituzte. Honen baieztapenik baduten galdetuta, zera erantzun zuen Legarretak: «Denok izan gara lekukoak, badakigu zer praktika daramatzan Frantziako Poliziak. Salatu dugu, eta uste dut salatu egin behar dugula».

Kezka azaldu zuen, bestalde, Europan indarra hartzen ari diren zenbait jarrera xenofoboren aurrean. EAEk bere migrazioarekiko Euskal Ituna duela oroitu zuen, hain justu diskurtso horiei aurre egiteko.

Nafarroa, erakargarri

100.000 migrantetik gora bizi dira Nafarroan. Eduardo Santos Migrazio kontseilariak NAIZ Irratiari esan zionez, benetako elkarbizitza eraikitzea da erronka. Horretarako etorkinak «ikusi» behar dira.

Haien artean «badaude duela 20 edo 30 urte etorritakoak, batzuk arrazoi ekonomikoengatik, besteak ihesean». Profila askotarikoa izan arren, bi multzo bereizi zituen. Batetik Hego Ameriketatik etorritako emakumeak daude; «normalean lehenago emakumeak etortzen dira, bidea irekitzen dute eta lana eta paperak dituztenean planteatzen dute familia ekartzea». Bestetik, Afrikatik etortzen diren gizon gazteak daude; «normalean gazteak direnez, ez dute familiarik, eta hemen planteatzen dute beraien bizitza».

Santosen esanetan lehen iragate herria zen Nafarroa. «Etorkinen asmoa Estatu espainiarra zeharkatu eta Estatu frantsesera edo Alemaniara joatea zen», baina azken urteetan ugaritzen ari dira Nafarroan gelditzea eta bizitzea erabakitzen dutenak. Kontseilariaren iritziz, «horrek erakusten du Nafarroa erakargarria dela haientzat».