Oihane LARRETXEA
DONOSTIA
EUSKARAZ SEKULA ARGITARATU EZ DIREN TESTUAK

Bretoieratik euskarara: Jon Mirande ezagutzeko prisma berri bat

Deabruaren Eskola kolektiboak bi urte eman ditu lanean Jon Mirandek (Paris, 1925eko azaroaren 10a - 1972ko abenduaren 28a) jatorriz bretoieraz idatzi zituen testuak errekuperatzen, horiek gero aurrenekoz euskarara ekartzeko. Hamabi testu bildu dituzte; gutunak, artikuluak eta poemak, eta figura ezezagunari, maiz ez-ulertuari, argitasuna ematera datoz.

Irati Jimenez eta Mikel Soto, aurkitutako altxorrak erakusten.
Irati Jimenez eta Mikel Soto, aurkitutako altxorrak erakusten. (Andoni Canellada)

Jon Mirandek (1925-1972) bretoieraz idatzi zuela dioten erreferentziak bazeuden, aipamenak baitaude hainbat testu eta artikulutan. Hala ere, halako batean, Mikel Soto ohartu zen sekula ez zuela halakorik irakurri. Mirandezale amorratua, arrak barrenak janda ekin zion ikerketa prozesuari. Bi urte luze igaro dira, eta lanak eman ditu fruituak.

Deabruaren Eskola kolektiboak Miranderen hamabi testu ekarri ditu euskarara, aurrenekoz, lehenago inoiz gure hizkuntzan argitaratu ez direnak, zehazki. Artikuluak, poemak eta gutunak dira eta, denak idazlearen figura osatzera datoz, figura ilunari edo ezezagunari argia ematera, haren izena eta izana osatzera.

Mende erdia bete da Miranderen gorpua aurkitu zutenetik, eta urteurrenean eman nahi izan zituzten proiektuaren xehetasun guztiak atzo Donostian.

Irati Jimenez idazleak abiapuntuan Gabriel Aresti aipatu zuen: Mirande bezala gazte hildakoa, hark idatzitako lehen bi sonetoak duela gutxi agertu direla-eta egin nahi izan zion erreferentzia. Ez da kasualitatea. Alderantziz, «euskal literaturan, beharbada denon lotsarako, akaso denon zorionerako, dena daukagu egiteko, ikertzeko eta ezagutzeko; seinaleak baino ez dira aurkikuntza hauek», adierazi zuen.

Deabruaren Eskola-ren gunean sartuz gero, irakurleak bertan topatuko du dagoeneko “Mirande inedito” atala. Bertan jaso dute guztia, modu publikoan, doan. Hamabi testu dira, eta horrez gain, zehaztu zutenez, aurretik itzulia zen “Nere sinistea” artikulua berriz ere euskaratu dute, «bi akats nabarmen zeudelako, izenburutik hasita». Hala, “Gure sinestea” izena du orain.

Itzultzaileen taldea oso inportantea izan da lan hau aurrera ateratzeko, eta horretan aritu dira Padrig an Habask, bretoierazko itzultzaile eta proiektuaren laguntzailea, hala nola Joxe Austin Arrieta, Edorta Jimenez, Jon Alonso eta Bego Montorio.

Horiez gain, parte hartu dute dagoeneko aipatu ditugun Irati Jimenez eta Mikel Sotok, Esteban Montoriok eta Urko Aiartza Olaso Dorrea fundazioaren zuzendariak. Hari esker lortu dira gutunak, esate baterako.

Telesforo Monzon, katebegia

Kontatu zutenez, lehendabiziko gutuna 1948koa da: «Ezagutzen genuen lehen testua baino aurreragokoa da, bi urte lehenagokoa», zehaztu zuen Jimenezek. «Momentuz dugun gutunik zaharrena da, eta Miranderen euskalduntzea datatzen laguntzen digu», gehitu zuen.

Izan ere, gutun hori idatzi baino bi urte lehenago hasi zen euskaraz ikasten. «Guraso zuberotarrak zituen, baina ez zioten euskara irakatsi». Bi urte horietan «aurrerapen miresgarriak» egin zituen.

Eskutitz hartan Telesforo Monzoni idatzi zion, hark idatzitako poema liburu baten inguruan hausnarketak eta iritziak helarazteko.

Irati Jimenezen hitzetan, «aurkitu dugunarekin, Miranderen kronologia politikoaren lehen urteak ikusten ditugu. Abertzale bat, kristau bat, demokrata bat: bere burua horrela definitzen du. Eta iluminatzen dizkigu urte haiek: Mirande polit bat, oso sentikorra, eta urragarria».

Bere aburuz, gutun hauek «frogatzen digute» hainbestetan ahaztu zaiguna: «Lauaxeta-Lizardi belaunaldia amatatzen denean, ez dela gero berez agertzen Mirande-Aresti belaunaldia: hor badago katebegi humano bat, eta hura Telesforo Monzon izan zen. Berak eraman zuen bizirik suziri poetiko hau gerra aurretik gerraostera». Zubigilea, beraz.

Bretoieratik euskarara

Mirande are eta gehiago ezagutu are eta miresgarriagoa zitzaion Mikel Sotori, baina pieza haren faltan, alegia, bretoierazko sorkuntza guztia falta zuela jakitun, haritik tiraka jarri zen. Eta hari hartan, muturrean, ezinbestean zegoen hil berri den Txomin Peillen euskaltzaina eta idazlea. Baina, batez ere, Jon Miranderen laguna, hurbilekoa.

Bilatzen jarrita aurkitzen dira gauzak. Eta hala gertatu zen kasu honetan ere. Asko ez daude digitalizatuta ere eta besteak prozesu horretan dira, gogorarazi zuen Sotok. Bretoierazko ezaguerarik gabe zailtasunak handiak ziren, eta lagun baten bitartez egin zuen kontaktua Xabi Larralderekin eta horrek, azken buruan, eraman zuen Padrig an Habask bretoierazko itzultzailearengana. Bere figura klabea izan da honetan guztian.

Batzuk itzuli ahala, testu gehiago agertzen joan ziren, eta osatu zen sorta bat. Kontatu zuenez, frantsesa izan da «lingua franca».

Testu guztiak aurrenekoz euskaraz jasotzeaz gain, jatorrizko bretoierazko edo frantsesezko testuarekin datoz lagunduta, eta dagokienetan, zubi-gisa erabili den frantsesezko itzulpenarekin batera. Gainera, bakoitzaz Sotok Deabruaren Eskolarentzat propio idatzitako analisi bat daukate. «Inmersio batetik ateratzen hasi berri naiz», aitortu zuen Sotok.

Hainbat irudi eta argazki berri ere jaso dira; ez, ordea, Miranderen argazki berririk. Baina, kontuz: Sotok zioen «momentuz». Tematu da, eta denbora luzea inbertitu ei du idazlearen irudi berri bat, ezezaguna zena, aurkitzen. Arrakastarik gabe. «Ziur naiz egon badaudela. Denbora kontua izango da horiek ere lortzea», esan zuen.

Libertatean sinesten zuena

Miranderen inguruan asko esan da; batzuetan «ongi», besteetan «gaizki», adierazi zuen Mikel Sotok. Eta anabasa horretan hutsune bat antzematen du: ez dagoela bere obra osoa jasota. «[Etxeko lanak] egin gabe ditugu oraindik; dena dugu egiteko».

Prozesuan topatu dituen zailtasunak aipatzen jarrita, egindako lorpen guztiak «inportanteak» direla iritzi zuen, denek argi handia ematen baitiote «bere literaturari, bere lirikotasunari», eta asko kontatzen dute «pertsonari buruz eta politikaz».

«Hainbeste esaten dugu faxista zela edo ez zela, eta argia ematen dute zentzu horretan ere. Faxista bazen, &discReturn;&discReturn;&discReturn;berak esaten zuen eta nik ez diot ukatuko, zer faxista mota zen? Zergatik?», galdegin zuen, hausnarketara gonbidatuz.

Horren inguruan, Joxe Azurmendiri behin berak esandakoa gogorarazi zuen Mikel Sotok, eta nola Azurmendik berak barrez erantzun zion: «Mirande faxista zen, baina jeltzaleak kristauak diren bezala; era nahiko inofensibo batean, alegia. Berak eraman du euskal literaturan faxista izatearen fama guztia, baina ni Arestirekin nago dioenean: ‘Faxista bat euskal literaturan? Esango nuke bat baino gehiago dagoela’. Eta bai, Jon Miranderen testuak zentsuratu ziren, tranpak egin ziren bera Euskaltzaindian ez sartzeko, kanporatua izan zen leku askotatik…», gogorarazi zuen.

Bere aburuz, «zailtasun handi bat» dugu Mirande ulertzeko: «Esango nuke Mirandek libertatean sinesten zuela oroz gain, eta kostatzen zaigu sinestea libertatean sinesten zuen faxista bat, baina auskalo zergatik ez gaituen hainbeste harritzen zentsuran sinesten duten demokratak daudela ikusteak». Pertsonalitate konplexua zuen, eta horren inguruan argi bat ematen du Deabruaren Eskolak eskainitakoak.