«Gutako asko maitemintzen gara kondenatzen gaituenarekin»
Willis Drummondek «Hala ere» iragarri zuenean, halako urduritasun bat sortu zitzaigun eta atera orduko pozarren entzun dugu. Vincent Bestaven taldera batu zenetik elektrikoan atera duten lehen diskoa da. Besteak, ezagunak, Xan Bidegain, Felix Buff eta Jurgi Ekiza; azken horrekin aritu gara. Gaur, Donostiako Doka-n oholtzaratuko dute azken lana.

Zer moduz zaude?
Ongi, diskoa atera izanaren lasaitasunarekin eta lehen erreakzioak nolakoak izan diren ikusten. Orain bilakatu da jendearen diskoa.
Denbora luzea pasatu da diskoa grabatu zenutenetik, ezta?
Aurten, lehen aldiz, denborarekin egin dugu diskoa, agendak hala inposatu digulako: biniloan argitaratu nahi genuen eta fabriketako epeak oso luzeak zirela bagenekien. Apirilean grabatu eta maiatzean nahasi genuen.
Lehen prentsa oharrean disko pausatua izango zela aipatzen zen. Nik pausa horren bila jarraitzen dut...
Lehen kanta “Bidasoa” izan zelako eta kanta hori pausatuagoa delako izan ziren, ziurrenik, sentsazio eta adierazpen horiek. Indartsua da diskoa, oso elektrikoa, oso gordina, eta hori bilatu dugu grabatzeko prozesuan. Akaso ahotsak hain oihukatuak edo altuak ez direlako ez da hain bortitza. Konposizioak eta soinua argiagoak direla esango nuke, ez horren ilunak, baina elektrikoa da eta indarra eman dugu bertan.
Diskoa irekitzen duen «Mandarina» kanta ezusteko ederra da: 70eko hamarkadako psikodelia eta rock progresiboaren kutsua du, baterian filtroaren erabilera introan… Diskoa Shorebreaker-en egin izanaren eraginetako bat da hori, ezta?
Horixe. Shorebreaker, labur esateko, Johannes Buffen, Felixen anaiaren, estudio profesionala da. Guk proiektu horretan parte hartu dugu, estudioa eraikitzen. Alokairuaren kolaboratzaile ere bagara, eta beraz, grabatu dugun estudio berean entseatzeko aukera izan dugu eta beste artista askoren lana ere bertatik bertara jarraitu dugu; sorkuntza handiko etxe bat da eta giro horrek laguntzen du. Johannesen preampak, mikroak… Savoir faire-ak lortzen du disko honen soinua.
Zerbait oso gordina egiten hasi ginen, baina ez diogu deus ere debekatu geure buruari. Pedalak eta efektuak erabiltzen hasi ginen. Entzuten den punteo txiki horretandenok ditugu flanger eta phaser efektuak eta badu halako mugimendu bat... Sekulako plazera hartu dugu hori eginez. Ideia Felixek eraman zuen eta, berak maketatu zuen modura, efektuak askoz sakonagoak ziren. Gu saiatu ginen muga batean izaten eta seventies ukitu bat ematen, eta asko gustatu zitzaigun.
Mandarina diskoaren azalean ere agertzen da. Badu«The Godfather» filmarekin zerikusirik? Izan ere, han ere laranja bat agertzen da heriotza bakoitzaren ostean eta hura ekarri dit gogora.
Ez, ez: ez dago halako kanpo erreferentziarik. Mandarina hori hor egoteko bi arrazoi daude. Bata estetikoa da: diskoaren azala nola egin pentsatzen hasi ginenean Gillaume Fauveau etorri zen eta gure argazki bat jartzea pentsatu genuen, 70eko hamarkadan egiten zen moduan. Baina ohartu ginen asko maite genuela Andy Warholek The Velvet Undergroundi egindako bananaren diskoa, baita Wilcoren azala ere, katu batekin. Gustatu zitzaigun ‘katuaren edo bananaren diskoa’ bezalako identifikazio mota, ikonikoa delako, eta gure lehen kantan mandarina aipatzen denez, hura hautatu genuen. Bigarren arrazoia horixe da: ez dela kasualitatea. Mandarina aipatzen den unean, mandarinak zer sinbolizatzen duen aipagarria da.
«Stockholmen»: ez dut ulertu zergatik gertatzen den hiri horretan.
Stockholm sindromearen inguruan ari gara. Biktima erasotzailearekin maitemintzen da eta oso harreman arraroa sortzen da hor. Jendeak badu halako harreman mota bat ultra-aberatsak direnekin. Elon Musk edota Jeff Bezos krisi garaian nola aberastu diren ikusi dugu, nola akabatzen duten bertako merkataritza, zenbat kutsatzen duten… eta jendeak miretsi egiten ditu. Hala, iruditzen zitzaidan askok bizi dugula Stockholm sindrome hori eta maitemintzen garela kondenatzen gaituenarekin. Kantan salatu nahi nuen jende hori ez dela miretsi behar, baina baita aberastu diren horiek beren aberastasunak ez dituztela banatzen ere, ardura larri bat dutelako mundu honek duen egoeraren aurrean.
Kanta horretan dauden zaratak eta abar deigarriak dira.
Hori da ene soloa, teknikoki egiten dakidana.
Balioa kentzen ari zara zeure buruari... Ez da gauza erraza: efektuen koordinazioa, gitarraren mugimendua… eta guztia abesten ari zaren bitartean.
Betidanik gustatu izan zait jakitea gitarra non ipini anpliaren parean, akopleekin jolastea... Gero efektuak sartu, reverb bat edo delay bat, eta kasu horretan chorus bat dago. Distortsioa ere badu eta horrek guztiak hodi baten barruan bageunde bezalako soinu bat sortzen du. Nabari da akoplearen zikintasuna, baina ematen du atzean uzteko parada eta ahotsa lehen planoan mantentzekoa.
«Western smile»-en amerindiarren eta cowboyen film bat irudikatu dut, non amerindiarrak, mendeku gosez, galduta dabilen cowboy bakartiaz barrez ari diren.
Izaten ahal dira halako irudiak, bai horixe. Vincentek ekarri zuen musika ideia hori eta ingelesez egindako letra zuen, ondoren nik euskaratu eta egokitu dudana. Istorioan zuri batzuen bizipena kontatzen da: sekulako festa egin osteko biharamunarekin basamortu batean esnatu dira. Ez dakite bizitzen ari diren hori haluzinazioa den edo ez, amerindiar edo indigena batzuk baitaude beren aurrean, eta haiek gauzak irakasten dizkiete gizon zuriei. Hortik sortzen da mendebaldeko irriaren zera hori, irudikatu nahi izan dugulako mendebaldeko zibilizazioa desagertzen ari dela.
Desert rocka da abestikoa, akustikoa modu finean erabili da, eta horrek eramaten gaitu basamortura zuzenean. Xanek sekulako marrazkiak egiten ditu abesti horretan.
Saiatzen gara kanta giro jakin batera eramaten eta Vincentek kasik kanta osoa ekarri zuen etxetik. Jatorrizko abestian tronpeta bat ere bazen; ideia mantendu eta laukotera ekarri dugu. Berak sekulako lana egin du gitarraren soinuan, nik oso arruntak diren marrazki txiki batzuk egin ditut eta baxuak lerro nagusiak markatu. Kanta horretan teklatu bat sartu dugu, halako melodia sinple bat sartzeko. Oso gutxi izan dira gehitutako instrumentuak, nahiago izan dugulako alde gordina eta zuzenekoa mantendu.
Lauok abesten duzue hor?
Bai, koru efektua lortu nahi genuen eta ez da efektu hoberik lauok abestea baino. Nire ahotsa grabatu genuen ahots nagusi moduan, baina beste hiruak beste mikro batean jarri ziren elkarrekin abestuz.
Egia da lauok abestea maite duzuela.
Bai, eta azken urteetan asko landu dugu hori, akustikoetarako hala pentsatu genuelako eta, plazer hartu genuenez, zuzenekoetan eta diskoetan ahots guztiak sartzen saiatzen gara.
Zuek jolastu gabe ezingo zenukete musikarik sortu, ezta?
Hori ziur, eta bizi ere ez, bizitza jostaleku bat delako. Esaten dugu, baita ere, bizitza infernu bat dela jakin nahi duenarentzat; hau da, ez dugula obsesibo bilakatu behar gauzak jakiteko. Bizitzaren sekretuetako bat denbora ikasten eta gustura pasatzea da, eta diskoa grabatzen oso ondo pasatu dugu.
Bizitza modu frenetikoan bizi dugunaren mezua du «Makina» kantak. Zuk ere horrela bizi duzu? Frenetismorik gabe aspertuko zinateke?
Munduari egindako kritika bat da, gero eta fiteago eta fiteago doalako, baina horma baten kontra jotzen bukatzen dugu beti. Ziur asko guk ere frenetismo hori bizi dugu, baina orain kontziente gara, eta erritmo hori lasaitzeko asmoa badugu. Horrek ez du esan nahi gutxiago inplikatuko garenik edota pasioa jautsi denik, baina jakin behar da denbora hartzen maite dituzun gauzak egiteko eta maite duzun jendearekin egoteko, eta, batez ere, gauza garrantzitsuak zeintzuk diren kontuan hartzeko.
Gitarrak hartzen duen abiadura sekulakoa da. Askotan ezker eskuari begiratzen diogu, trasteetan hatzak mugitzeko moduak txunditzen gaituelako, baina zeinen garrantzitsua den erritmoa daraman eskua ere...
Batez ere, ni bezalako gitarra-jotzaileentzat, ez baitut sekula gitarra eskolarik jaso. Erritmikak egiteko eskuarekin asko jolastu dut eta abesti horretan, zer esanik ez. Vincentek badu misio hori, kanta mantentzekoa, eta ni hor nabil erritmikak kenduz, gehituz… eta bukaera oso fite emanez. Lisabö taldearen oso zalea naiz, haien eskolakoa naiz, eta uste dut bukaeran saiatu naizela horretara hurbiltzen.
Bukaeran badator pausa «Ez dugu behar» eta «Bidasoa» kantekin. Lehendabizikoan dagoen baxu-gitarra elkarrizketa sekulakoa da eta zuen arteko konplizitatea geratzen da agerian. Gainera, hitzek ere laguntzen dute.
Pozten naiz hori entzuteaz. Aspaldi maketatu nuen ideia zen ‘‘Ez dugu behar’’; bi gitarrak eta baxua zituen hasieratik eta bateriaren ideia ere banuen. Ez nekien Willisentzat zen, baina hasi ginen probatzen eta segituan sortu zen halako groove oso natural bat. Nik hasieran Pearl Jamen zerbait entzuten nuen eta gero Nirvanarena, hirugarren zatian The Strokes taldearen zerbait... Baina ez nekien noraino iritsiko ginen.
Letra orientazio sexualaren inguruan idazteko nahitik sortu zen. Hasi nintzen gauzak idazten, nora nindoan jakin gabe, eta LGTBIQ+ mugimenduaren eta feminismoaren inguruan irakurtzen hasi nintzen, fenomenoa ulertzeko eta interesa nuelako. Baina, gero, idazterakoan, neure harreman pertsonalaren inguruan hitz egiten hasi nintzen eta, bikoteari buruzkoa den arren, edozein maitasun harremanetara mugitu daiteke. Bikotea ez da kontzeptu bezala aipatzen, ez eta gizarteari plazer emateko kontzeptu bezala ere, baizik eta eguneroko praktika bezala. Hau da diskoko maitasun kanta, nolabait esatearren.

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
