Maddi TXINTXURRETA

Oinak taulan, bihotza ziegetan eta mira geroan

Bezperan Bilbotik ekarritako sentipenak artean bero, Oiartzungo Elorsoro kiroldegira mudatu zen atzo euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideak defendatzeko aldarria, «atzo oinez, gaur ahoz». Txapelketa Nagusiko zortzi finalistak elkartu zituen Etxeratek urtero antolatzen duen bertso-saio berezian.

Maitane Sagastume eta Onditz Goñi, bertsolariekin batera, Oiartzungo oholtzan.
Maitane Sagastume eta Onditz Goñi, bertsolariekin batera, Oiartzungo oholtzan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Larunbatean hamarnaka milen oihua izan zena zortzi ahotsetara doitu zuten atzo Etxeratek urtero antolatzen duen bertso saioan. Puntako kartelarekin, saioko sarrera guztiak agortu ziren: Iruñeko Bertso Txapelketa Nagusiko finalean izan ziren zortzi bertsolariak igo ziren Oiartzungo oholtzara, Amaia Agirre gai-jartzailearen menera. Parean, ehunka entzule Sareren manifestazioaren biharamun emozionalarekin; Joanes Illarregik kantatu bezala, «Bilbokoan ajea luzatu asmotan», baten batzuk Sareren ikur berriaren pegatina oraindik berokian itsatsita.

Euskal presoen urruntze politika amaitzear, hasiera berri bati kantatu zioten bertsolariek, zehatzago, «bukaeraren hasierari» Maialen Lujanbiok, eta ondokoa Nerea Ibarzabalek: «Aldatu dira mapa, sinbolo ta neurri/ gaur sortu nahi ditugu ta zuek igarri/ etxera esateko mila modu berri».

Bertsolariez gain, oholtzan bestelako protagonistak ere izan ziren. Txaloz besarkatu zuen entzuleak Amaia Agirreren lekua hartu zuen Nekane Txapartegi, txalo egin zuen euriak ere, Aitor Mendiluzek agurrean bota legez. Ia hamabost urte erbestean izan ondotik Euskal Herrian den errefuxiatua kezka bikoitzez mintzatu zitzaien Amets Arzallusi eta Joanes Illarregiri. «Bizitzaren herena ihesean eman ostean, itzuli eta belaunaldi berriek ez gaituzte ezagutzen», bota zion bertsolari gazteenari, haren iritzia entzuteko jakin-minez. Arrazoia eman zion Illarregik: «Ongi esan duzu estalpe baten pasa zarete gehienak/ guk itzal hori ezagutu dugu ta ez izen-abizenak».

Arzallusi, berriz, errefuxiatuen mina ezagunago duela eta, beste kezka bat. Nola «kontatu eta kantatu» iheslarien errealitatea «itzal ilun geldi ez gaitezen?» Eta zergatik, galdetu zuen Txapartegik, aske-berri denari, itzuli berri denari, herriak ezin dio orain plazetan ibilbidea aitortu eta pribatuan, ilunetan, egin behar zaio harrera? Arzallusek kezkari kezkaz erantzun zion: «Atzeko atetik itzuliz gero/ gal liteke gazteria/ bakoitzak dauka bere iritzia/ sudur ertzean begia/ bakoitzak dauka bere ustea/ bakoitzak bere egia/ ta pentsatua, ezin esana/ ez al da bortizkeria?»

Heldu ala ihes egin

Bi ordu labur-labur eman zituzten bertsolariek oholtzan, hiru bisean bis adinako azkarrak, eta bi ordu luze-luze, kartzeletara doazen errepideetan kilometro gutxiegi metatzeko gai direnak. Denbora izan zen Oiartzungo bertso-saioa ardaztu zuen gaia, eta Alaia Martinek neurgaitza den horri kantatu zion, Amaia Agirrek jarritako errimak erabilita. «Ezberdin izan liteke nonahi berrogei minutu/ hainbeste izen esateko eta geratzea mutu/ kristalaz bestaldekoa nahiz ta ongi ezagutu/ zenbat mamu gorde eta zenbat aitorpen ezkutu/ ahoa bilakatzen da kontaketaren inbutu/ bestea gure minekin behintzat ez dadin itsutu/ ‘ordua da’ esatean egiten gara izutu/ ordulariak ezin du denbora hori neurtu».

Denboraz mintzatu ziren baita ere, taulara igota, Maitane Sagastume eta Onditz Goñi ama-semeak. Preso zegoela ama izan zen Maitane eta bere eskuetatik askatu behar izan zuen Onditz. Semeak oroitu zuen zenbat denbora ematen zuen kotxean, preso zuena beste behin ikusteko. Orduan denbora azkar pasatzea nahi izaten zuen. Orain, ama kalean duela, denbora gelditu nahiko luke, eta ezin.

Bertsolariei zuzendu zitzaien, eta alboz, baita entzuleei ere. Soberan jaso duten errukia ez dutela nahi, penak ez daramala inora, «ai, gaixoak» entzuteaz nekatuta daudela adierazi zuten. Errealitate horri tiraka, ama kartzelan duen hamar urteko haurraren azaletik kantatu zuen Lujanbiok: «Urrutira lotuta daukat nik kordela/ badakit nire ama han erne dagoela/ mila borroka ditu ta ez du utziko bela/ ama bizi-bizi da, zeldadun logelan/ kanpoan dauden denak ez daude horrela». Eta, atzetik, zalantzan jarri zuen normaltasunaren jabe direla pentsatzen dutenen ustea: «Ba ni astebururo bideetan barrena/ egun onaren poza, agurraren pena/ mokadu bat, restop-a, autobusa, trena/ hori ez dela normala, nor da dioena?/ normala da bakoitzak bizitzen duena».

Nerea Ibarzabal ere denboraren makinan sartu zuen gai-jartzaileak, eta galdetu zion iraganeko zer edo nor ekarriko lukeen orainera. Umoretsu hasi zen eta okurritu zitzaion ekarriko lukeela Xalbador, haren ahotsa autotunearekin entzuteko, ala Hemendik At eta Ez Dok Amairu, Chill Mafiarekin batean poligonoetako diskoteketan entzuteko.

Egingo luke ere baskoien iragan zaharrera: «Irulegira bidaiatxo bat lehendakari eta guzti/ brontzezko esku egin berriak miretsi eta igurtzi/ baskoien hitzak bueltan ekarri/ ta Urkullu hantxe utzi».

Aitzitik, utzi zuen umorea denbora errealari kantatzeko, presoak etxera ekartzeko gelditzen denari: «Baina denbora lerro lau bat da ezin zatitan bereizi/ garen herria oraintxe gara kontraesankor, berezi/ ta iraganeko zonbien ehizak agian ez du merezi/ beraz 2023an ipin ditzadan bi gezi/ gerorik ezin delako egin orainalditik ihesi».

Geroari begira

Denborak gelditzeko asmorik ez eta, Ibarzabalek bezala, haren erritmora etorkizuna eraikitzeko hautua egin zuen Beñat Gaztelumendik bere azken bertsoan: «Garai nahasiotan duda eta run-run/ Bidasoa bihurtu nahiko nuke lurrun/ eta apurtu mila egitura zurrun/ ta lagunik ez nuke eduki nahi urrun/ nola preso gehienak hurbildu ditugun/ euskaldun izateaz oraindik errudun/ nola preso gehienak hurbildu ditugun /orain pentsa dezagun ze herri nahi dugun».

Eta saioa biribiltzeko, datorren urtean elkartzeko arrazoia bidegabekeria ez dadila izan aldarrikatu zuen Aitor Mendiluzek: «Ez dagoenak egin dezake itzala/ hori gogoan hartuz hemen gabiltzala/ berdintsu ekartzea nahi dut berriz, hala/ gaur aldarrikapenak elkartu bezala/ hurrena ospakizunak elkartu gaitzala».