GARA
GASTEIZ

On-giz: Emakunde Saria, gizon eta emakumeekin egindako lanagatik

On-giz elkarteak jaso du Emakunde Saria, «gizonen sentsibilizazioan eta emakumeen ahalduntzean eta lidergoan egindako lanagatik». Elkartea gizon talde bakarrarekin hasi zen, eta gaur egun bederatzi gizon talde eta beste hamar emakume talde daude aktibo.

Atzo Gasteizen izandako agerraldia.
Atzo Gasteizen izandako agerraldia. (Raul BOGAJO | FOKU)

On-giz elkarteak jaso du Emakunde Saria «gizonen sentsibilizazioan eta emakumeen ahalduntzean eta lidergoan egindako lanagatik». Bi hamarkada baino gehiagoz maskulinitate berrien inguruan lan egin du, gizon talde ugari sortuz, eta, ondoren, emakumeekin ere hasi da lanean.

Emakundek atzo azaldu zuenez, «emakumeekin osatutako taldeetan, emakumeen ahalduntzea eta lidergo pertsonala eta kolektiboa lantzen dira, eta, bestalde, gizonekin osatutako taldeetan gizonen dominazioaz, sexismoaz eta patriarkatuaz jabetzea lantzen da, baita maskulinotasun hegemonikoaren oinarri diren botere eta lehiakortasun harremanez jabetzea ere».

Epaimahaiak On-gizek gizon taldeekin, emakume taldeekin eta talde mistoekin egindako lana baloratu du, «maskulinitate eta feminitate hegemonikoen ereduak birpentsatu eta deseraikitzeko eta genero-identitate alternatibo, askatzaile eta ez-hegemoniko berriak eraikitzen laguntzeko». Euskal Herrian eta nazioartean «berdintasunerako eta deseraikitze patriarkalerako sentsibilizazioan, kontzientziazioan eta prestakuntzan» egindako lana azpimarratu du.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak On-giz elkarteari emandako saria erakundeek gizonak berdintasunean inplikatzeko egiten ari diren ahaleginaren barruan kokatu zuen. Hala, gogorarazi du azaroaren 25eko erakunde arteko azken kanpaina gizonei zuzendu zitzaiela, eta Emakundek urtea maskulinitateei buruzko nazioarteko kongresu batekin itxi duela.

Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestaren hitzetan, bestalde, «emakumeen ahalduntzea eta gizonek berdintasunarekin duten inplikazioa dira, konbinatuta, berdintasunezko eta indarkeria matxistarik gabeko gizarte baterantz aurrera egitea ahalbidetzen diguten bi osagai nagusiak». Bere ustez, «bi esparru horietan lanean jarraitu behar dugu, elkarren osagarriak eta beharrezkoak baitira».

On-giz elkartearen aldetik, Ester Molinerok eta Xabier Odriozolak hitz egin zuten. Azaldu zutenez, «sari hau gaur egun gure elkartean parte hartzen dugun 120 emakume eta 85 gizonentzako saria da, batez ere taldeen 20 dinamizatzaile boluntarioentzat, denen artean gure sexismoa eta gizartearen sexismoa desprogramatzeko apustu argi eta aktiboa egiten dugulako».