Urgentzia hipermodernoa daukagu, aizue!
Biziera hipermodernoak nola eragiten du auzi sozio-ekologikoak lantzeko orduan? Krisi klimatikoa kontu transbertsala da, eta abiapuntu horretatik heldu diote gaiari Iñigo Martinez filosofoak eta Eneko Axpe zientzialariak NAIZ Irratiko “Gelditu makinak” saioan izandako solasaldian. Txanponaren bi aldeak jarri dituzte agerian.

Garai hipermodernoetan bizi garela diote, ulerkera horretatik bizi dugula mundua, eta gaia gure kontestura ekarri dugu NAIZ Irratiko “Gelditu makinak” saioan Iñigo Martinez filosofoarekin eta Eneko Axpe zientzialariarekin izan dugun solasaldian. Filosofoaren ustez, gure garaiko ezaugarrietako bat da teknologia, «honen miresmena», zehazki. Aldi berean, mundua aldatuko duten soluzioak eskatzen zaizkio zientzialariari, eta askok uste du teknologiak salba dezakeela mundua. Baina, urgentzia hipermodernoa daukagu, aizue!
Egunero egiten diren eta inpaktu handia duten ekintzen artean kokatzen da elikadura. Alternatiba jasangarrien bila ari da Axpe, eta aurkitzekotan, teknologiari esker izango da. Horra hor txanponaren bi aldeak.
Elikadura sistema jatea baino askoz gehiago da; eta, ongi erreparatuz gero, jasangarria izatetik ez dago horren gertu. Jasangarri izatea, baina, ez da berariazko ezaugarri bat, baliabideen erabilera intentsitateari lotuta dago; beraz, zeresan handia du gizarte-kulturak.
Garaian garaikoa. Iñigo Martinez Filosofiako irakaslearen eta Agora Filosofia Elkarteko kidearen arabera, gure aroa edo garaia ulertzeko distantzia falta zaigun arren, saiakera egitea lagungarria da, garaia ulertuz, maniobrarako tarte handiagoa izateko. Horrela, bizi dugun aroari hiru bereizgarri nagusi lotzen dizkio: indibidualismoaren kultura, teknologiarekiko miresmena eta bizitzaren esparru guztien merkantilizazioa.
LIKIDOA, IA GASEOSOA
Aspaldi errotu den beste kontzeptu bat da likidotasunarena, ia gaseosorako jauzia egiten ari dena. Askatasun indibiduala goraipatzen duen aroak konpromisoarekiko mesfidantza dauka; are gehiago: norberaganako konpromisoa aldarrikatzen da eta indibiduotik haragoko engaiamenduak lotura gaitzesgarriak dira. Izan ere, Martinezek azaldu du neoliberalismo politikoaz eta ekonomikoaz gain, psikologikoa ere badugula. Hortik eratorri daiteke hipermodernitatea.
DENAK GAINEZKA EGIN DU
Hiper horrek gehiegikeria azaltzen du, dena da gehiegi, denak gainezka egin du. Agora Filosofia Elkarteko lagunaren arabera, hazkundearen logika gailentzen da eta ez soilik ekonomiarena. Informazioaren edo irudien arloan ere nabaria omen da logika, informazio gaindosia eta irudi gehiegikeria baitago. Gure adikzioaren logikari jarraituta, hiperbizitza da gurea, hiperaktibitateak itotakoa.
Martinezek argi du «hiper» horretan pisu handia dutela urgentziak eta denboraren aprobetxamenduak. Helburua da hutsunerik gabeko agenda antolatua; horrek arreta sakabanatzen du, eta zaildu aisialdia eta lana bereiztea.
Horren ondorioz, gaur egun garaiaren bi diagnostiko, erdi sozial eta erdi psikologiko, esanguratsu azaleratzen dira: estresa eta hiperaktibitatea.
ELEFANTEA LOGELAN DAGO
Biziera hipermodernoak nola eragiten du auzi sozio-ekologikoak lantzeko garaian? Gaur egungo belaunaldien erronka handiena omen da klima larrialdia, baina honen eragina ez da berehalakoa, baizik eta denboran luzatzen da. Etorkizuna irudikatzeko erremintarik utzi ez diotena, nola kokatzen da gai hauen aurrean? Martinezek teknologiarekiko faszinazioa aipatzen du eta, agian, miresmen itsurik ez, baina esperantzarik izan daiteke garapen teknologikoan.
Horretan ari da, hain zuzen ere, Eneko Axpe fisikari eta zientzia dibulgatzailea. Klima larrialdiak kezkatuta, fisikaren arloan duen ezagutza elikadura ereduan aplikatuz aurkitu du eragiteko bidea, hau delako kutsadura iturri nagusienetako bat. Gaia logelan sartutako elefante batekin alderatzen du Axpek, beti erreparatu izan baitiegu automobilei edota hegazkinei, baina ez elikadurak klima aldaketan duen eraginari.
Faktore ugari daude; esaterako, inpaktu handiagoa du jaten dugunak gidatzen dugunak baino, zeren garraio osoaren CO2 gasen isuri baliokidea %11 da eta elikagaiena, aldiz, %26. Faktore horien artean daude aipatutako CO2 isuri baliokideak, ur kontsumo izugarria eta lurraren erabilera.
Zientzialariaren esanetan, bizi gintezkeen landaren erdia baino gehiago erabiltzen dugu, jadanik, elikagaiak hazteko. Alderaketa eginik, hiriek hartzen duten landa-azalera %1 bakarrik da. Elikagaiak hazteko baliatzen den landa xehatuz gero, %12 erabiltzen da landareak hazteko eta gainerako %38 animaliak hazteko.
BASANIMALIAK, %5ETIK BEHERA
Bestelako erreferentziak erabiliz, basoek landaren %37 hartzen dute, alegia, jada animaliak haztera bideratutako lur gehiago dago eremu basatiak baino, eta beste datu adierazgarri bat da ugaztunen %4 bakarrik dela basatia, %34 gizakiak garela, %35 behiak eta %12 txerriak.
Datu horien arabera, basanimaliak ez dira iristen %5era ere; eta hazitako animaliak, aldiz, ia bi heren dira. Horrek sekulako eragina du biodibertsitatean. Eneko Axpe irakurketa egitetik harago joan da. Material biologikoen propietate mekanikoak eta fisikoak ditu ikergai, eta jakintza hori baliatu nahi du elikagai jasangarriak ekoizteko.
HARAGIAREN ALTERNATIBAK
«Proteinan aberatsak diren baina jasangarriak eta osasuntsuak diren elikagaiekin lanean ari naiz, zehazki, haragiari alternatiba bilatzen». Eta, zergatik? Bada, «jende askorentzat zaila delako okela jateari uztea», esplikatu du Axpek. Horregatik sortu dira bestela egindako okelak. Haragiaren alternatibak lau multzotan bereizi ditu zientzialariak: barazki bidezko haragiaren imitazioa, kultiboak, mizelioa eta hidrogenotropoak.
Imitazioari dagokionez, landareekin haragia egiten da. Fisika ugari aplikatzen da amaierako produktuak haragiaren zaporea izan dezan. Haragiaren propietate mekanikoa edo testura lortzeko asko inbertitu da. Adibidez, haragi kolorea izan dezan eta, sutan jarritakoan, gorritik griserako trantsizioa egin dezan.
Kultibo zelularraren kasuan, haragia jaten da baina animalia hil gabe. Hau da, behi baten fibroblasto bat eta hiru dimentsioko kultiboa egiten da. Mikroskopiotik begira, hori haragia da; kontua da, aberearen zelula gutxi batzuetatik abiatuta, bioerreaktoreetan ekoitzi dela okela.
Hirugarren aukera da mizelioa, onddoen sustraia. Oso arin hazten dira eta proteina portzentaje oso altua dute. Horregatik, mizelioa proteina iturri bezala erabiltzen saiatzen ari direla azaldu digu Eneko Axpek. «Uste dugu etorkizunean elikagai garrantzitsua izan daitekeela», adierazi du.
Laugarren estrategia hidrogenotropoak dira. 1970eko hamarkadan NASAn sortutako alternatiba bat dira «CO2a irentsi eta proteina ematen duten mikroorganismoak», azaldu du. «Esan genezake elikagai ultrajasangarriak direla».
ONA, ONA, BAINA...
Baina, jasangarria ez bada, zergatik imitatu haragia? Axpek argi du haragia oso kulturala dela. Jendeak ez du aldatu nahi, eta ate bat zabaltzen da jakinarazten bada ordezko elikagai hauek planetarentzat eta guretzat osasuntsuagoak direla.
Iñigo Martinez filosofia irakasleak azaldu duen bezala, «nahikoa daukat» esatea kontu konplexua da, eta geure burua autosuntsitzen dugu, planeta bezala. Dioenez, denok erdibituta gaude gure desira eta joera batzuekin. Aipatzen da gure gizartea bereziki adiktiboa dela eta adikzioaren ideia dela gehitzen joatea, lehertu arte.
Eneko Axpek azpimarra egin du jaten dugunaren garrantzian. Eta neurriren bat hartu behar bada, «izan dadila barazki lokalak eta freskoak, fruitu lehorrak eta fruta gehiago jatea eta haragi gutxiago, bereziki, gorria», aldarrikatu du.
Gaira ekarriz, Martinezek dio ezin dela atzera egin, helburua ez dela iraganera itzultzea, baizik eta, konparazio historikoetan erori gabe, daukagunarekin nola egin beste era batera antolatzeko. Etorkizuneko elikadura, beraz, landutako alternatibetan oinarrituko al da?

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»
