«Oso ondo moldatu gara, eta eskerrak, ni jasatea ez zelako erraza izango!»
Ekoran sortutako lagunarteko ska-rock proiektu bat formaz zeharo aldatu du Iñigo Etxezarretak, eta guztiz aldatuta dator En Tol Sarmiento taldea. ‘Guretzat’ diskoaren inguruko xehetasunak kontatu dizkigu abeslari eta gitarra-jotzaile arabarrak.

Durangoko Azoka bada gainetik pasatzen den karga-tren horietako bat. Akaso oraindik ere gainean duzula sentituko duzu.
Zuk esan duzu. 17 urte dira proiektua abian dugunetik eta ez dugu sekula bizi halako azokarik. Bukaerarako ez nekien zer esaten nuen. Geratu eta bizpahiru egun neure buruarekin egoteko premia nuen.
Maitasun kantua bada diskoari titulua ematen dion ‘‘Guretzat’’, baina taldeari zuzendutako mezuak daude tartean. Edo nire irudipena da?
Diskoaren ‘‘hook’’-a, errepika onena, bilatzen saiatzen naiz, eta kasu honetan ‘‘Guretzat’’ izan da. Ez dakit lortu dudan, baina diskoak bizitzari buruz, harremanei buruz, pasatutako garai txar honi buruz hitz egiten du; kantua idazten hasi nintzenean hori laburbiltzen saiatu nintzen. Baina hau reggaetoi bat da, maitasun kantua da %80. Bizitza guretzat dela diot kantuaren amaieran, eta hori da nabarmentzen dena diskoan. Dena dela, bikote baten irudiak sortzen dira eta maitasun istorio bat dago tartean.
Zuriñe Gil eta Jon Maiaren izenak irakurri ditugu kredituetan. Hitzetan haiek lagundu dizute.
Zuriñe Gil nire bikotekidea da. Lehendabiziko filtroa eta kantu guztien aurreneko entzunaldia berak egiten du, eta tarteka gauzak ere aldatzen dizkit. Lehengo diskoan Pello Reparaz zen ekoizlea eta berak laguntzen zidan testuak zuzentzen, baina oraingoan ekoizle katalana zenez, Jon Maiari deitu nion azken zertzeladak eman zitzan; aurretik ere pare bat abestiren hitzetan lagundu zidan.
Reggaetoia bai, baina pianoa, gitarra akustikoa, flamenkoaren unean klasikoa ere bai… Denetarik du abestiak. Noiz erabakitzen duzu bide berrietara salto egitea eta aurrekotik oso desberdina den musika estiloetara joatea?
Duela sei urte taldea uztekotan nintzen, lana eta taldearen lan karga ezin nituelako bateratu. Abestiak nik sortzen nituen eta nahiko zaila egiten zitzaidan. Hala eta guztiz ere, 2017ko Durangoko Azokan zerbaitek klik egin zidan nire barruan eta taldean jarraitzea erabaki nuen, baina ahalik eta askeen sentitu nahi nuen sorkuntzan.
Bestalde, Euskal Herrian klixea ere izan da poparena, baina duela bi urte erabaki nuen salto hori emateko garaia zela; ez da arrakasta lortzeko asmoz hartutako erabakia, ni aske sentitzekoa baizik. Taldea utzi behar nuen bestela, batzuetan preso sentitzen bainintzen.
Kantu honen ekoizpena egin aurretik argi neukan hau izango zela singlea, gitarra eta ahotsa besterik ez zituenean; eta gero konturatu nintzen reggaetoi bat egin zitekeela. Baina ez da purua, pop latino bat da eta erreferentzia nagusietako bat ‘‘Despacito’’ izan da. Behin Gatibuko Haimarri entzun nion bi gauza ezberdin direla kantu on bat sortzea eta hit bat sortzea, eta hau hit moduan ikusten nuen. ‘‘Despacito’’ ere hala denez, bide horretara eraman nuen.
Askok egindako galderari eman diozu erantzuna, zergatik ez zaren bakarkako bidean abiatu.
ETS taldea gara, baina proiektu pertsonala da eta egun soldata bat duen taldekide bakarra naiz. Orain lau urte taldekideekin hitz egin nuen, eta hortik aurrera saiatu naiz ahalik eta hoberena ematen, profesionala izanez. Izan ere, halako disko bat sortzea, musikatik aparteko lanak egiten zauden bitartean, ezinezkoa da.
‘‘Hemen gaude’’ pop abestia da.
Eta diskoaren aldarrikapen nagusienetako bat hori da. Jendearen emozioak gehien aldatzen dituen musika, musika herrikoia, popa delako. Mezuak-eta, jendearengana gisa honetan iristen dira gehien. Hori beti egon da ETSn, baina orain modu agerikoagoan dagoela uste dut.
Ez da kasualitatea Eñaut Elorrieta hautatu izana kantu honetarako.
Konfirmatu genuen azken kolaborazioa izan zen. Hasieran balada bat izan behar zuena, probatan ibili eta pop abesti bihurtu da. Abesti guztiek 8-10 bertsio desberdin izan dituzte grabatu aurretik. Honek hasieran bazuen errepika bat eta gero sortu zen estrofa, baina indar gehiago hartu zuen estrofak. Hala, Bulegoko Tomas Lizarazu etorri zen egun batean nirekin bazkaltzera eta, kantua erakutsi nionean, berari ere ez zitzaion errepika askorik gustatu. Hurrengo egunean hartu eta aldatu egin nuen. Ekoitzi genuenean, Eñauten kolaborazioa etorri zen burura. Mezu bat bidali nion, onartu zuen. Kantu hau bere ahotsarekin entzun genuenean, argi eta garbi beste maila batera igo zen.
A zer eztanda Sünek eta biok abesten duzuen ‘‘Gu geu garena’’ abestikoa. Nola sortu duzu kantu hau?
Orain arte gitarrarekin eta pianoarekin sortzen nituen kantuak. Orain Cubase-rekin erreferentziako kantuak hartu, letrak-eta kendu eta oinarriaren gainean hasten naiz melodiak sortzen. Hau ere halako nahasketa baten gainean jolasean hasi nintzenean sortu zen. Iraileko gau batean etorri zitzaidan abesti hau. Bi egun geroago melodia etorri zitzaidan. Aurre-ekoizpena bidali nion Josuneri eta asko gustatu zitzaion. Nire ekoizleari pasatu nion abestia, letrarik gabe; kantua egitean burua hutsik nuen; beraz, Josuneri eskatu nion letra, gero nik bukatzeko. Bion artean egindako hori Josunek bere ekoizleari ere pasatu zion, eta hark eman zion DJ ukitua. Orduan lehertu zen abestia. Itziarrera joan nintzen gero eta, zertzelada batzuk emanez, bukatu genuen. Horrela sortu zen hit hori, argi eta garbi baitago abesti hau ere hit bat dela.
‘‘Ez dut gehiago behar’’ kantuan nabaritzen da akaso ekoizlearen eskua gehien, Genis Trani batez ere mundu horretatik mugitu izan delako.
Duela urtebete deitu nion Kataluniako manager bati eta pertsona baten inguruan galdetu nion. Hark Genis aipatu zidan. Behin Buhoseko abeslariak eta Pellok izandako elkarrizketa entzun nuen eta bertan aipatu zuten ‘‘Volcans’’ kantuaren elektronika hark egin zuela, eta bere izena apuntatu nuen. Diskoan kantu hori ‘‘Sumendiak’’ bezala ere aurkeztu dugu.
Bere biografia ikusi nuen eta, egindako gauzak gogoko nituen arren, ez nuen estilo hauetan ikusten; baina manager horrek esan zidan gai zela nahi nuena egiteko eta oso inplikatua zela. Bada, egia da halako gauza askorik ez duela egin, baina aurre-ekoizpenetik elkarrekin aritu gara lanean eta biok oso ondo moldatu gara. Eta eskerrak, ni urte honetan jasatea ez zelako erraza izango!
Arabarrak izan eta euskaraz aritzearen inguruan aurreiritzi gehiegi daude. Kokoteraino egongo zarete, ezta?
Duplakoek sartu zuten justu zati hori, baina oso ondo ekarria dago eta oso ondo lotu zuten. C. Tanganaren abesti batean esaten da, ‘‘y mientras cuentan cuentos, tú y yo solos, bachatas y una botella’’; bada hori, esan dezatela nahi dutena. Sei-zazpi hilabetez aritu nintzen kantu honekin lanean, eta letretara iritsi nintzenean ez zitzaidan naturala egiten mezu bortitzak sartzea. Rap zati bat zuen, eta Duplakoei esan nien letra ere egiteko. Nora eraman zuten entzutean, harrituta geratu nintzen, Arabari aipamena egiten diolako eta Arabak edota musika estilo batek jasan dezakeen bazterkeria hori salatzen duelako modu oso dotorean. Lotura ederra egin dute.
Musikalki ukitu tropikal batzuk ere baditu.
Bi reggaetoi izan behar genituen diskoan, baina, finean, pop latinoa dira. Hemen bonboa eta kutxa askoz ere gehiago nabaritzen dira, baina pianoak dituen kontra horiek abesti poperoagoa, dantzagarriagoa egiten dute. Propio egin dugu, gogorregia izan ez zedin reggaetoia. Jendeari asko gustatzen zaion kantua da, ‘‘aski da’’ esateko ongi datorrena, 2023an gaudela!
Zuzenean nola defendatuko duzue disko hau?
Metalezko haize instrumentuak kantu guztietan sartzeagatik ezin ziren sartu, eta egia da bi mundu direla lehengoa eta oraingoa. Hasieratik kantu berriak zuzenekora begira sortu banitu, sormenean mugatuta egongo nitzen eta diskoko kantu erdiak kanpoan geratuko ziren. Hortaz, gero ez baditugu jo behar ere, sartu egin nahi nituen diskoan.
Ez da gauza bera plaza edo aretoa.
Areto bira potente bat egitea ilusio berezia egiten digun erronka da guretzat. Eta hor badago kontraesan txiki bat, disko hau herriko jaietara etorri diren zaleei eskainia izan bada ere, aretoetan aurkeztuko dugun diskoa delako. Sarrerak saltzen jarri dira, eta agortu ere bai; zenbait kasutan, ordu gutxian. Baina etorriko dira saio gehiago.
Bi bonus track daude, baina ‘‘Zuengatik topa’’ kantua da benetan diskoa ixten duena. EDM egitura duen kantua, beste mundu batera doana, eta zaleei eskainia.
Haiek eman zidaten letrarako ideia. Instagramen galdetu nien zaleei ea zeri buruz idatziko nuen kantua, ideia faltan bainintzen. Askok bat egiten zuten herriko jaiei buruz, zaleei buruz eta horrelakoen inguruan idatz nezan. Bada, hor dago beren kantua.
Orain topa egitea falta da.
Ospatzea, hiru urteko kaka-zaharretik atera garelako. Kulturaz, musikaz eta bizitzaz gozatzeko garaia iritsi da.

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
