Alfontso DIEZ

Iruñea, Maidenen omenezko zigiluetan

Posta zerbitzu britainiarrak Iron Maidenen omenezko 12 zigilu atera ditu; Iruñean 1988an emandako kontzertuaren irudia du batek.

Dave Murray, Adrian Smith eta Steve Harris ageri dira Iruñeko kontzertuko zigiluan.
Dave Murray, Adrian Smith eta Steve Harris ageri dira Iruñeko kontzertuko zigiluan. (ROYAL MAIL)

47 urte errepidean, estudioko 17 disko argitaraturik -eta horien 100 milioi aletik gora saldurik-, milaka kontzertu mundu zabalean, milioika zale sutsu... eta orain, beste “lorpen” bat Iron Maiden-en ibilbidean: Royal Mail posta zerbitzu britainiarrak taldearen zigilu sorta bat jarri du salgai, bere jardunaren omenaldi gisa. Dozena bat dira: zortzitan taldekideak ageri dira beste horrenbeste zuzenekotan -bost hamarkada hauetan zehar jasotako irudietan-, eta gainerako lauretan, Eddie maskotaren irudi bana. Bada, taldekideak ageri diren zigilu horietako batek badu zerikusirik Euskal Herriarekin, 1988an Iruñeko zezen-plazan jo zutenean ateratako argazkiarekin osatua baita: Dave Murray eta Adrian Smith gitarristak eta Steve Harris baxu-jotzailea ageri dira. «Guztiok geratu ginen harrituta proiektuaren berri izan genuenean, eta, ahoa bete hortz, zigiluak estreinakoz ikusitakoan», adierazi du taldearen sortzaile eta buru den Harrisek berak. Seikote metaleroaren aurretik, Royal Mail-ek zigilu propioekin beste zenbait rock izar ere omendu ditu: The Beatles, Elton John, Pink Floyd, David Bowie, Queen eta The Rolling Stones, hain justu.