Mondragon Unibertsitatea Hirekin zentroa eraikitzen hasi da
Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak gidatutako proiektua da Hirekin. Ia zortzi milioi euroko inbertsioarekin, 2024aren erdialderako bukatu nahi dute. Industriaren deskarbonizazioa du xede, ekintzailetza, digitalizazioa eta jasangarritasuna oinarri hartuta.

Industria sektore jasangarri eta digitalizatuagoa izateko helburuarekin hasi da Mondragon Unibertsitatea Hirekin berrikuntza eta ekintzailetza industrialeko zentroa eraikitzen. Konpromiso horren erakusgarri, eraikinaren lehen harria jarri zuen atzo.
Proiektu horren bidez, deskarbonizazioa sustatuko du MUko Goi Eskola Politeknikoak. Ia zortzi milioi euroko inbertsioa egin dute, eta 2024aren erdialderako zentroa prest egotea espero dute.
Hirekin Arrasateko Uribarri auzoan egongo da eta, dagoeneko hasiak diren obrei esker, lankidetzarako gune bat sortuko da enpresa, ekintzaile, ikertzaile eta ikasleentzat, industria eraldatzeko eta beste eredu aurreratu eta jasangarriago bati erantzuteko lanean jardun dezaten.
Jendarteari irekitako espazioa izango da Hirekin, non berrikuntza eta ekintzailetza teknologikoa bultzatuko diren beste enpresa eta eragile batzuekin, industriaren eraldaketa jasangarria eta bidezkoa xede. Hala, egungo industriaren isurtzeak gutxitzeko irtenbide berriak bilatuko dituzte, baita ingurumeneko helburuekin bat datozen jarduera ekonomikoak sustatu ere.
Industria espazio handi bat
6.000 metro karratu izango ditu eraikinak eta industria espazio handi bat eskainiko du, prototipoak, simulazioak eta esperimentuak egiteko ekipamenduz hornitua. Halaber, lantegi eta zenbatze-gelak izango ditu, eta sorkuntza bateraturako guneak eta bilera gelak ere bai.
Proiektuko eragileek erabilgarri izango dituzte unibertsitatearen ekipamenduak. Honakoak dira Hirekin aurrera eramateko MUrekin elkarlanean ari diren erakundeak: Mondragon, Saiolan, Ikerlan, Fagor taldea eta Gizabidea fundazioa, Debagoieneko Mankomunitatea, Isea, Galbain eta Garaia Parke Teknologikoa. Dena dela, proiektua irekia izanik, gehiagok bat egitea nahiko lukete.
Hirekin zentroaren eremua berriz urbanizatzeko lehen faseak hiru milioi euroko kostua izan du, eta bukatuta dago ia. Urbanizazio proiektuak berekin dakar 48 zuhaitz landatzea eta berdeguneak lorategi bihurtzea. Eraikinak eraikuntza jasangarriaren ERAS ziurtagiria eskuratuko du.

1986: más secretos oficiales tras Zabalza y los GAL

Primer paso para garantizar el plurilingüismo en las instituciones

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7
