Arnaitz GORRITI
PILOTA

Laso eta Imaz txapelketako bigarren postura igo dira Mungian nagusitu ostean

Hasieran Urrutikoetxea eta Albisu 2-7 aurreratu arren, aurrelari nafarrak errematean agertu duen inspirazioak partidari buelta emateko balio izan du.

Lasok irauli zuen partida gorrien alde, hasieran urdinak aurretik ibili eta gero.
Lasok irauli zuen partida gorrien alde, hasieran urdinak aurretik ibili eta gero. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Binakako Txapelketa honetako seigarren garaipena eskuratu zuten atzo Lasok eta Imazek Mungian, lana beltz eginda Urrutikoetxea eta Albisu gainditu ostean. Ondorioz, Baiko enpresako bikoterik sasoikoena direla bistaratu zuten, Elordi eta Zabaletaren atzetik ligaxkako bigarren postuan kokatu baitira, bederatzigarren jardunaldia hasi den honetan.

«Bagenekien hain bikote gogorrari irabazteko lan oso ona egin beharko genuela. Hasieran beraiek hasi dira irabazten, nahiko erraz gainera, baina gero partida asko gogortu da eta, gainera, Unaik asko asmatu du. Puntu garrantzitsua zen guretzat; bi puntu ateratzen dizkiegu orain eta tanteoan ere gure alde dugulako, ia hiru puntuko aldea da hori. Beraz, oso pozik gaude, nola ez», adierazi zuen Ander Imazek neurketa amaieran.

Urrutikoetxea eta Albisu 2-7 aurretik jarri ziren partidaren aurreneko zatian. Eta hori Zaratamoko aurrelariaren egunik inspiratuena ez zela izan errematean. Orotara sei tanto amaitu zituen aurrelari bizkaitarrak, Unai Lasoren erdia, eta beste hainbeste galdu; aurrelari aurkariaren bikoitza.

Ezin, ordea, luzaroan aurretik jarraitu. Unai Laso bere mailarik onenera ari da hurbiltzen eta atzo hala erakutsi zuen. «Txapelketa hasieran ez ginen ondoegi hasi, baina puntuak pilatzen hastea lortu genuen eta orain joko puntu onean gaude», onartu zuen Ander Imazek.

AIREZ GERAEZINA

Orotara 12 tanto zituen Lasok, eta horietatik bederatzi airez amaitu zituen nafarrak. Bere ekimenez 2-7ko markagailua 8na berdintzea lortu zuten gorriek. Behin aurrea hartuta, beti buruan izan ziren Laso eta Imaz.

Partidako bigarren heren hori izan zen gorrien tarterik onena. Azken berdinketaz geroztik, 8-1eko partziala lortuta 17-10 hautsi zuten neurketa.

Hautsi, itxura batean; Urrutikoetxeak egun petrala izan bazuen, Albisu askoz sendoago aritu baitzen. Atzeko lanaz aparte, bi paretaz ere tanto bat amaitu zuen Ataungoak, eta markagailua berriz ere berdintzera bidean jarri zuen bikote urdina. 20-17raino hurbildu ziren Urrutikoetxea eta Albisu; baita 21-18ra ere. Ezin izan zuten gehiago egin. Seigarren puntua patrikan, asteburua lasai pasatzeko moduan dira Unai Laso eta Ander Imaz.