Sergio IGLESIAS
BILBO
Elkarrizketa
Jon Agirrebeitia eta Ekhi Arrieta
Nevadah musika taldeko kideak

«Argi geneukan arriskatzeko momentua zela»

Nevadah bueltan da. Durangarrek abeslari berri batekin aurkeztu dute ‘«Still goes on»’ disko berria. Soinu ilunagoekin, baina betiere esentzia rockeroa mantenduz, taldeak beste pauso bat eman du oso bizirik daudela erakusteko. Larunbat honetan, Durangoko Plateruenan eskainiko dute estreinakoz diskoa zuzenean.

(Ibon URIZAR)

Zer gertatu da Nevadah taldearekin hiru urte hauetan?

Jon Agirrebeitia:

Dakizuen bezala, Agirrek, gure abeslariak, taldea utzi zuen, baina besteok hiru urte hauetan jarraitu egin dugu entseguetan, beharbada aurretik baino jarraipen handiagoz, astean behin eta batzuetan birritan; gero, pandemia garaian, ahal izan genuena egin genuen. Stand by egoeran egon gara, abeslaririk gabe ezin genuelako kontzerturik eman. Ondo pasatzen dugu musika egiten, eta horregatik mantendu dugu taldea.

Eta nola eta noiz sartu zen Ekhi Arrieta taldean?
J.A.:

Jo gabe egon ginen sasoi horretan etorri ziren lagun batzuk proba egitera, baina Ekhi etorri arte ez nuen pertsona aproposa topatu.

Ekhi Arrieta:

Abestiak egiten eta kantariekin probak egiten zebiltzan, eta nik Pello ezagutzen nuen aurretik, zuzenean ere ikusi nituen. Ibilia nintzen musikaren munduan, saxoa jotzen, soul-a egiten, abesbatzetan… baina inoiz ez nintzen aritu abeslari gisa. Denbora pasa eta ea abeslaririk aurkitu zuten galdetu nienean, ezetz erantzun eta ea animatuko nintzatekeen galdetu zidaten. Azkenean, gogotsu nengoen eta, gainera, pandemia garaia zen, giltzapetuta geunden, eta rock garrasi hori ateratzeko beharra sentitu nuen. Pare bat kanta prestatu nituen, bidali nizkien eta, antza, gustatu zitzaizkien [barrez].

J.A.:

Nik hasieratik ikusi nuen zer edo zer. Azkenean, gu lau lagun gara, eta lehen egunetik nabaritu zen bera aurretik ere ezagutzen genuela. Bila genbiltzanean, gure antzeko pertsona bat nahi genuen...

E.A.:

… eta dituzten eraginak eta euren rolloa ere ezagutzen nituen; egia esan, oso ondo moldatu gara, eta erraza izan da elkarrekin lan egitea.

Ze eragin izan du konposizio berrietan ahots aldaketa honek?
J.A.:

Nabaritzen da, besteok musikariak gara, instrumentuak jotzen ditugu eta kantak sortzean ez dugu ahotsa horren kontuan hartzen; abesti batzuk bagenituen eginda eta, Ekhi agertzean, bere ahotsera moldatu genituen.

E.A.:

Melodiak bilatu behar genituen, non sartu letrak… prozesu polita izan zen.

J.A.:

Zorte ona izan dugu, oso ondo idazten baitu, eta horrela gu musikan zentratu gaitezke.

Estiloz pixka bat ‘metaleroagoa’ da disko hau, ezta?
J.A.:

Argi dago soinu ilunagoak daudela… baina metaleroagoa? Ez dut uste. Esentzia mantendu dugu baina, logikoki, aldaketa asko daude. Gitarraren soinua aldatu dugu, aurreko diskoan ez ginelako konforme geratu, indar apur bat falta zuela sentitzen genuen.

Oso deigarria da, hiru diskoak nahiko desberdinak dira. Soinuekin esperimentatzea gustatzen al zaizue?
E.A.:

Ez dakigu ona ala txarra den, baina hori da eboluzionatzea, eta disko bakoitzean, banda bere indarra eta izaera hartzen joan da.

J.A.:

Jendeak esango du garapena ona ala txarra izan den, baina musikalki aurrerapauso handi bat egin dugu. Sendoagoa dirudi bandak, pandemia garaian kaña asko emateko aprobetxatu baikenuen; aurreko diskoetan baino xehetasun gehiago daude… niri asko gustatzen zait lehengoa ere, bere xarma eta txispa hori daukalako. Gero, bakoitzak bere faboritoa izango du.

Dena den, ‘‘Still goes on’’ diskoan taldearen esentzia eta Nevadah-ren kutsua mantentzen dira. Hori zen helburu nagusia?
E.A.:

Beste etapa bat da, esentzia mantentzen da. Ez gara joan beste soinu bat bilatzera, kantak sortzean gauzak era naturalean gertatu dira. Era berean, arriskatzeko momentua zela argi geneukan, baina disko osoan zehar koherentzia puntu bat mantenduz.

Abestien letretan amorru handia dago. Pandemiaren eragina nabaritu da?
E.A.:

Bai, eta gorrotoa, kontrola, menpekotasuna, kapitalismoa, giltzapetuta egotea… zenbaki hutsak garela konturatu gara. Kantu batzuetan hori gordinik agertzen da, beste batzuetan, hortik atera nahia.

J.A.:

Pandemiak letra asko egiteko eman digu. Zorionez, nahiko azkar eman diogu buelta eta berriro ere tabernak ireki eta kontzertuak ematen gabiltza…

Kantak egitean beti mezu bat bidaltzea beharrezkoa dela uste duzue?
E.A.:

Ez dakit musikak zer duen baina, batzuetan, aldaketa politiko-sozialak edo barne aldaketak sortzeko gai da… Gure kasuan, ideia orokor batetik abiatzen gara eta, gero, nik hori plazaratu eta helarazteko modua bilatzen dut. Eta entzuleei mezutxo bat utzi ahal badiegu, askoz hobeto.

Diskoan euskarazko bi abesti sartu dituzue. Zuen hizkuntzan kantak sortzeko beharra zenuten?
E.A.:

Aurretik ere egin dugu zer edo zer euskaraz, Bandcampen entzun daiteke. Azkenean, gure nortasuna eta hizkuntza euskara da, eta bertan bildu nahi izan dugu.

Zergatik aukeratu zenuen Aitor Ariñoren Lorentzo Records estudioa diskoa grabatzeko?
J.A.:

Gertutasuna guretzat garrantzitsua zen eta Lorentzo hemen, Berrizen, dago. Bestetik, Aitor makina bat da, estatu mailako talde onenekin egin du lan. Taldearen esentzia ulertu eta lanean oso inplikatuta egon da. Bere lana asko nabaritu da. Guk maketak eraman genituen, denok batera grabatu dugu zuzenean, ahotsak, punteoak eta konponketak aparte. Esperientzia brutala izan da, naturaltasuna eta esentzia mantendu ditugu.

E.A.:

Erraza izan da berarekin lan egitea eta kantak hobetzeko ideia asko eman dizkigu.

Eta orain kontzertuak egiten hasiko zarete. Urduri zaudete itzulerarengatik?
E.A.:

Estreinaldia da eta, nire kasuan, abeslari berri bezala jendaurrean agertuko naizen lehen aldia, orduan… nola ez egon urduri? Baina gogotsu gaude eta, gainera, lagunarteko kontzertu bat izango da; egongo direnak jarraitzaileak izango dira. Itzulera bat izango da, baina oso mimatua.

J.A.:

Bi edo hiru kontzertu egin ditugu, ia klandestinoak [barrez]. Hala ere, hau desberdina izango da eta urduritasuna entseguetan kudeatzen, murrizten ari gara, baina badakigu eszenatokira igo aurretik urduri egongo garela, eta horrela izan behar du, hori ezin da galdu.

Gainera, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian izango da etapa berri honetako lehen kontzertua. Leku berezia da zuentzat?
J.A.:

Bai, noski! Plateruenan eman genuen azken kontzertua Puro Chile eta Parabellumnekin izan zen, eta orain bueltan gara Plateruenan, berriro.