Euskalgintzatik kanpoko eragileak hurbilarazi nahi ditu Kontseiluak
2022ak euskararen eta hizkuntza-politiken arloan emandakoa aztertu eta 2023ko erronkak aurkeztu ditu Euskalgintzaren Kontseiluak. Hezkuntza legea, euskararen ofizialtasuna, oldarraldi judizialari erantzutea eta adostasun sozialak zabaltzea izango ditu lehentasun. Bide horretan, euskaratik urrun sentitzen direnekin hizkuntzaren auzia landuko du.

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi berriak eta haren aurretik karguan izan zen Paul Bilbaok “2022. urteko irakurketa eta ondorioak” txostena aurkeztu zuten atzo Bilbon.
Aurreko urteak emandakoaren laburpenean, pandemiaren ostean plazak eta kaleak hartzeko urtea izan zela azaldu zuen Bilbaok. «Herritarrek kaleak bete dituzte bidegabekeriak salatzeko Iruñean, Laudion, Bilbon, Tuteran, Baionan… Hamaika egunez Euskal Herria Korrika ibili zen hitzetatik ekintzetarako jauzia egin behar dela aldarrikatuz; Euskaraldian milaka ahobizi eta belarriprest izan dira beste behin», nabarmendu zuen.
EAEn hezkuntza legearen eztabaidan egindako lanketa azpimarratu zuen Bilbaok: «Euskalgintza gai izan gara beste auzi batzuetan desadostasun handiak dituzten eragileak proposamen zehatz baten inguruan biltzeko: euskarazko eredua orokortzea».
Urte berrirako bide-orria
Kontseiluko ordezkariek ere kezka agertu zuten botere judizialak euskararen kontrako «oldarraldia» indartu duelako. Irun, Laudio, Barakaldo eta beste hainbat tokitako sententzien harira, Eskisabelek «oso larritzat» jo zuen botere judizialak hizkuntza-politiketan esku hartzea eta baldintzatzea. Horregatik, 2023ari begira, herritarren eskubide murrizketei aurre egiteko dinamika prestatzeari ekingo diotela azaldu zuen, «batasunetik eta adostasun zabaletatik erantzuteko».
Euskalgintzaren Kontseiluaren beste lan lerro bat jada abian diren egitasmo eta dinamika zehatzen lanketan segitzea izango da; EAEri dagokionez, «hezkuntza legean edota administrazioan euskararen erabilera arautzeko dekretuan eragitea, ezagutzaren unibertsalizaziorako egiazko tresna eta euskaldunentzako eremu egiaz erosoa izan daitezen».
Nafarroan, berriz, «ofizialtasunaren aldarrikapena ardatzean jartzea, administrazioan euskara aintzat har dadin bermatzea eta hezkuntzako PAI ereduaren bidez euskarak eta euskal hiztunek jasaten duten bazterkeria etetea» dute xede. Eta Ipar Euskal Herrian ere lagatako etxeko lanak aipatu zituen, besteak beste, «ikasleek bigarren ziklo amaierako eta batxiler bukaerako azterketak euskaraz egin ezinik jarraitzen dutelako eta hezkuntzako murgiltze eredua zabaltzeko eta sendotzeko eragozpenak handiak direlako».
Euskalgintzatik haragoko adostasunak
Kontseiluko idazkari nagusiak 2023rako aurreikusitako erronken berri eman zuen. Horrela, aitortu zuen Batuz Aldatu adostasun sozialean sakondu eta euskalgintzatik kanpoko gero eta eragile gehiagorengana jotzea izango dela aurrera begira eginkizun handienetako bat: «Adostasunak ez dira berez eta kasualitatez sortzen, baizik eta landu eta josi egiten dira».
Udaltzaingaiek ez dute euskarazko B2 beharko
Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 2 zenbakiko Epaitegiak, irailean kaleratutako epaia berretsi, eta Arkautiko Poliziaren Euskal Akademiari agindu dio bi hilabeteko epean B2 euskara maila ez izateagatik deialditik kanpo geratu ziren bitarteko udaltzainen poltsara sartzeko hautagaiak onar ditzala.
UGT sindikatuak helegitea aurkeztu zuen hautaketa prozesu horren aurka, euskararen ezagutza maila egiaztatu ezin zuten izangaientzat «tratu diskriminatzailea» zela iritzita. Hala, sindikatuak epaia irmoa dela iragarri du, Lakuako Gobernuak ez baitu helegiterik aurkeztu.
Eginbide judizial berri honekin, Arkautiko Akademiak bi hilabete ditu epaia betearazteko eta bere garaian euskara titulua ez izateagatik kanpoan geratu ziren hautagai guztiak bitartekoen zerrendan onartzeko. Joan den azaroan, epaiari men eginez, Lakuak udaltzain izateko eskakizunetatik euskara kendu zuen.
«Ez du zentzurik herri erdaldunetan lan egin dezaketen udaltzaingaiak baztertzea, ez dutelako euskara maila altua egiaztatu», adierazi du UGTko Jose Luis Ahedok. GARA

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio
