Maider EIZMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Justifikazioa

Urteak dira ohean sartu eta lo hartzeko irratia pizten dudala. Ez da irratiak berez logura sortzen didalako; gauerako, hitz eta pitz aritzen diren kirol kazetariak aukeratzen ditut, irratiaren bolumena jaitsi eta haien esanak entzuteko ahalegin horretan, buruan katramilatuta ditudan ideiak alboratu eta errazago lo hartzen dudalako.

Azken egunetan, ordea, ohi baino gehiago kostatzenari zait lo hartzea. Euren burua kokatu ezinik eta, ziur asko, pentsatzen duten hori ezkutatzeko ahaleginean eta deseroso sumatzen baititut futbolariak heroi gisa irudikatzen eta mezu hori transmititzen duten kazetari eta kolaboratzaile zenbait. Dani Alves futbol jokalari ezaguna kartzelatu egin dute emakume bat bortxatu izana egotzita, eta horrek mamuak eta uste okerrak indartu ditu, denboran eta distantzia horren urrun joan gabe izan diren beste kasu batzuetan gertatu bezala. Ikusteko dago ikerketak eta ondotik egingo den epaiketak zer ekarriko duen, baina futbol jokalariarekin enpatia agertzeko eta biktimaren hitza, zuzenean edo zeharka iradokita, zalantzan jartzeko asmoa ageriko egin zaie hainbati, izan komunikabideen bidez edo izan sare sozialetan modu anonimo eta ezkutuagoan. Antza, ulergaitza zaie euren begietara arrakasta duen pertsona batek halakorik egitea, besteak beste -ez diot nik, kasuaren inguruan irakurri dudana da-, pentsatzen dutelako, ospea izanik, nahi beste neskekin sexua izan dezakeelako, inor behartu gabe. Baina, halakorik egiteko gai dena zigorgabe sentituko da ziurrenik, aurretiaz jasotako sostenguak hori sinetsarazi diolako; eta bestetik, arazoaren muina boterea bera da eta hark erasotzen duen askatasuna.

Bortxaketaren kultura kontzeptua aspalditxo erabili zen lehen aldiz, 70eko hamarkadaren bueltan, eta indarkeria sexuala justifikatu, onartu eta normalizatzen duen estrukturari egiten dio erreferentzia. Haren aurka makina bat ahots altxatu dira, baita komunikabideetan ere. Arazoa da hura sostengatzen duten ideiek eta mitoek irauten dutela, eta apalaldien pare, azken egunetakoak bezalako indartzeak ere bizi dituztela.