GARA
BILBO

Lan osasunaren arloan atzerakada egiaztatu du LABek 2022ko txostenean

Lan istripuei buruzko 2022ko txostena aurkeztu du LABek. Aditzera eman dute iaz 69 langile hil zirela Euskal Herrian, eta beste 276 gaixotasun profesionalen batek jota. Lan osasunaren arloan Euska Herria atzera egiten ari dela ondorioztatu du. Nabarmendu dute «oso erraza» zela iaz gertatutako istripu hilgarriak ekiditea.

Euskal Herriko lan ezbeharrei buruzko 2022ko txostena aurkeztu du LABek. Argazkian, Garbiñe Aranburu eta Inko Iriarte.
Euskal Herriko lan ezbeharrei buruzko 2022ko txostena aurkeztu du LABek. Argazkian, Garbiñe Aranburu eta Inko Iriarte. (LAB | LAB)

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak eta Inko Iriarte Lan Osasuneko idazkariak sindikatuak egindako Euskal Herriko lan-ezbeharrei buruzko 2022ko txostena aurkeztu zuten atzo (Nafarroan beste agerraldi bat egin zuten Amaia Labaienek eta Imanol Karrerak). Aditzera eman zuten iaz 69 langile hil zirela Euskal Herrian, eta beste 276 langile inguru gaixotasun profesionalen ondorioz.

Labaienek eta Karrerak nabarmendu zuten esku artean dituzten zifrak datu ofizialetakoak baino larriagoak direla, eta horregatik ez diete sinesgarritasunik ematen datu horiei, mutualitateek sortutako «datu interesatuak» direlakoan.

Aranburuk nabarmendu du iazko istripu hilgarriak ekiditea «oso erraza» zela: «Arriskuen azterketa sakonik eta prebentzio plan mardulik gabe, oinarri-oinarrizko prebentzio neurri errazekin, erdira baino gehiago murriztu zitekeen hildakoen kopurua».

Sektoreka eman dituzte txosteneko datuak. Iriartek azpimarratu du proportzioan basogintza sektoreak marka guztiak hausten dituela, eraikuntza baino «15 bider hilgarriagoa» baita. Eraikuntzan hil ziren gehienak altueraren batetik erortzeagatik zendu ziren, eta LABeko kideek salatu dute ez dela behar besteko prebentzio lana egiten.

Sindikatutik azaldu dutenez, «makinak eta laneko ekipoak erabiltzeko legeria zorrotza izan arren, ez da ia inon betetzen, eta kolpeak eta harrapaketak dira arrisku faktore nagusiak». Txostenarekin ondorioztatu dute «lan osasunerako eskubidean atzera egiten ari garela. Laneko osasunerako eskubidea egunero urratzen da, argazkia gordina da. Urtez urte egoera ez da hobetzen».

LAB sindikatuak, halaber, gaitzetsi egin du prebentzioan «sexuaren eta generoaren aldagaia aintzat ez hartzea». Azaldu dutenez, «ez dira kontuan hartzen sektore feminizatuetako lanbide gaixotasunak, zeregin errepikakorrekin lotutakoak, sistema muskular eskeletikoari eragiten diotenak, eta zaintzaren moduko esparruetan lan egiten duten emakumeen langileen arrisku psikosozialak».

Patronalaren eta instituzioen ardura

LAB sindikatuaren ustez, «patronala zigorgabe sentitzeak egungo egoera ahalbidetzen du». Halaber, instituzioen utzikeria salatu dute: «Ez dago lan ikuskatzaile nahikoa, ez dago inolako neurririk zigortuak izan diren enpresei dagokienez, patronala ez dute interpelatzen prebentzio neurriak hartzeko eskatuz».

Mutualitateak hartzen ari diren rola ere mahai gainera ekarri dute. Sindikatuak salatu duenez,«osasun sistemaren pribatizazioarekin, gero eta eskumen gehiago eman zaizkie».

LABek iragarri du Osalani zein Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari prebentzio plan eraginkorrak exijitzeko proposamenak eskatuko dizkiela.